El Baradeirekin eta Musarekin bildu da Egiptoko Junta Militarra

Poliziak manifestari bat hil du kamioiarekin zapalduta, Ministroen Kontseiluaren egoitzaren aurrean

Jon Fernandez.
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Egiptoko Junta Militarrak beste keinu bat egin nahi izan die militarren kontra protestan ari diren milaka herritarrei, baina oraingoan ere alferrekoa izan da, kalean istiluak baitaude oraindik eta Kairoko Tahrir plazak beteta jarraitzen baitu zortzigarren egunez. Mohamed Hussein Tantaui Junta Militarreko burua Mohamed el Baradei AIEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari ohi eta Bakearen Nobelarekin eta Amro Musa Arabiar Ligako idazkari nagusi ohiarekin bildu da, azken liskarren ondorioz herrialdean dagoen krisi egoeraren gainean hitz egiteko. Presidentetzarako hautagai nagusiak dira biak, eta protestan ari diren herritarren babes zabala daukate. Iragan otsailaren 11n Mubarakek boterea laga zuenetik Junta Militarra dago boterean, eta iragan ostiralean militarren kontra piztutako protesten ostean gutxienez 42 lagun hil dira manifestarien eta polizien arteko borroketan.

Bakoitzarekin bilera bana egin du Tantauik. Gobernu berriari «bihar hasiko diren hauteskundeak ikuskatzeko eta kalean segurtasuna bermatzeko» eskatu dio Musak. Gainera, trantsizioa luzatzeak Egiptori ekar diezazkiokeen arriskuez ohartarazi du, «herritarrek eskatzen duten demokraziaren ezarpena atzeratzeak ezegonkortasun politikoa ekarriko duelako». Horregatik, hauteskundeen eguna bere horretan uzteko eta nazioarteko ikuskatzaileak onartzeko eskatu du. El Baradeik, bestalde, ez du adierazpenik egin Tantauirekin izandako bileraren ostean.

«Kontseilu iraultzailea»

Kairoko Tahrir plaza, berriz, Junta Militarraren kontrako protesten erreferentzia da oraindik, bertan giroa baretu egin den arren. Plazan bildutako mugimendu iraultzaileek «salbamen nazionaleko gobernua» eratzea proposatu dute, El Baradei buru duela. Alderdi islamistak, ordea, proposamenaren kontra agertu dira.

Evan Hill Al Jazeera kateko kazetariaren arabera, Tahrir plazako manifestariek «kontseilu iraultzaile bat» osatu dute: «Ala al Auanik [Egiptoko idazle ezaguna] lehen ministro gisa El Baradei duen kontseilu iraultzailearen sorrera iragarri du gaur gauean [herenegun] Tahrir plazan». Abdel Moneim Abul Futu Anaia Musulmanen kide ohia, Hosam Eisa independentea, Hamdin Sababhi Karama ezkerreko alderdiko burua eta Abulela Madi Al Uasat alderdi islamista moderatuko burua ere kontseiluko kideak direla adierazi du Al Jazeerak.

Kairoko Tahrir plaza aurreko egunetan baino lasaiago egon arren, baina, istilu larriak izan ziren atzo handik gertu, Egiptoko Ministroen Kontseiluaren egoitzaren aurrean. Ministeriora bidea blokeatzen ari ziren manifestariei atzera egiteko eskatu zieten poliziek, eta borroka piztu zen. Bat-batean, Poliziaren kamioi batek atzera egin zuen, eta bi lagun zapaldu zituen. 21 urteko gazte bat hil zen, eta beste lagun bat zauritu, Mohamed Shauki Al Munira Kairoko ospitaleko zuzendariaren arabera. Poliziak azaldu du «huts egite bat» izan dela, eta barkamena eskatu dio hildakoaren familiari. Gaur, baina, manifestaziora deitu dute herritarrek Iraultzaren zilegitasuna lelopean, Kamal Ganzuri Junta Militarrak izendatutako lehen ministroaren kontra protesta egiteko parlamenturako hauteskundeen bezperan.

Hosni Mubaraken garaian ere hiru urtez lehen ministro izan zen Ganzurik, ordea, herritarren kexuak «naturaltzat» jotzen dituela esan du Arriyadiya egunkarian argitaratutako elkarrizketan. Lehen ministroak «bi hilabeteko epea» eskatu die herritarrei euren eskakizunak betetzeko, batez ere gazteenak. Gainera, helburu horiek lortzeko «inoiz baino eskumen gehiago dituen gobernu bat» osatuko duela nabarmendu du. Atzo bertan hasi zen gobernua osatzeko lanetan, baina oraindik ez du argitu batasun nazionaleko gobernua izango den ala ez. «Segurtasuna eta egonkortasuna bermatzea izango da gobernuaren helburu nagusia. Eta egoerak bidea ematen badu, ekonomia nazionala sustatzea, batez ere produktibitatearen hazkundean zentratuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.