Legebiltzarrerako eta udaletako hauteskundeak egingo dituzte gaur El Salvadorren, baina ez dago faboritorik. Bi dira hautagai nagusiak: ARENA Aliantza Errepublikano Nazionalista eta FMLN Askapen Nazionalerako Farabundo Marti Frontea. Azken horretako diputatu Gerson Martinezek ARENAri irabaziko dioten itxaropean agertu zuen atzo. Aurreko bozetan, 2003ko martxoan, FMLNk 31 diputatu lortu zituen, eta ARENAk, aldiz, 27. Baina azken horrek lortu zuen agintea, beste alderdiekin elkartuz. ARENA, eskuina, agintean dago El Salvadorren 1989az geroztik. FMLN lehen aldiz bozetara aurkeztu zenetik1994, ordea, oso alde gutxirekin irabazi izan du eskuinak. Hiriburua gerrillari ohien esku dago 1997ko maiatzaz geroztik, eta inkesten arabera, ez dirudi egoera aldatuko denik.
Egungo presidente Elias Antonio Sacak komunismoaren aurka egin du bere kanpainan. Era berean, herritarrei bozkatzera joateko deia egin zien ostegun gauean, hori ARENAren mesedetan izango zela nabarmenduz: «Bihar bi milioi herritar inguruk bozkatzea espero dut, Hori zoragarria izango litzateke demokraziarentzat. Baina hori Jainkoak eta herritar bakoitzaren kontzientziak soilik daki».Presidenteak hauteskunde kanpainan izandako jarrerak kritika ugari eragin ditu bai analista politikoen artean, eta baita oposizioan ere.
Aldaketa garaia
FMLNko idazkari nagusi Medardo Gonzalezek salvadortarrentzat aldaketa garaia iritsi zela nabarmendu zuen ostegunean, kanpainako azken egunean. «Boteretik kendu behar ditugu herrialdea suntsitzen ari diren horiek. ARENA boteretik kendu behar dugu», esan zuen. Era berean, AEBek eta El Salvadorrek hitzartutako Merkataritza Askerako Itunaren aurka egingo zutela iragarri zuen.
Legebiltzarreko 84 diputatuak eta 262 udaletako alkateak aukeratu beharko dituzte gaur bozkatzera deitutako ia lau milioi herritarrek.
EL SALVADOR. FMLNren eta ARENAren artean lehia handia bozetan
Legebiltzarrerako eta udaletako ordezkariak aukeratuko dituzte gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu