FRANTZIA

'Elf auziko' bi akusaturen zigorrak gogortuta

Helegite Auzitegiak zazpi eta hiru urteko kartzelaldia ezarri die Tarallo eta Guelfi enpresaburu ohiei

Erredakzioa
2005eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Parisko Helegite Auzitegiak Frantziako petrolio enpresa publiko izandako Elf konpainiako bi arduradun ohiri 2003an beste epaitegi batek ezarritako zigorrak gogortu zizkien atzo. Elfeko diru funtsak beren onurarako erabili izanaz akusatutako Andre Tarallori lautik zazpi urtera igo zion kartzela zigorra atzo jujeak. Andre Guelfiri, aldiz, zigorra ez zion hainbeste gogortu; izan ere, 2003an epaileek hiru urteko kartzela zigorra baina hura bete beharrik gabe ezarri bazioten, atzokoan hiru urteko zigor horretatik 18 hilabete espetxean betetzera zigortu zuten. Gainera, milioi bat euroko isuna 1,5 milioi eurora igo zioten. Tarallori iazko isuna (bi milioi euro) bere horretan utzi zioten.

2003an dozena pasatxo pertsona epaitu zituzten, Elf konpainia publikoa zelarik eta 1989 eta 1993 artean Loik Le Floch Prigent zuzendari nagusia izanik, estatutik jasotako 305 milioi euro poltsikoratzeaz akusatuta. Enpresa 1996an pribatizatu zuten eta TotalFinarekin bat egin zuen 2000n. Egun Total izena dauka.Le Floch Prigentek ez zuen bere zigorraren aurka (bost urteko kartzelaldia) helegitea jarri. Bitartean, enpresako bigarren burua izaniko Aldred Sirvenen kontrako prozedura judiziala amaitutzat jo zuen atzo epaileak, Sirven iragan otsailean hil baitzen, bihotzekoak jota, 78 urterekin. 2003an bost urteko espetxe zigorra jasoa zuen. Behin adierazi zuenez, «Frantziako Errepublika 20 bider leherrarazteko moduko sekretuak» zekizkien. Tarallok 77 urte ditu eta Guelfik 85. Alabaina, Tarallo soilik bi hilabetez egon da oraingoz kartzelan, 2003ko azaroan bihotzeko arazoengatik aske utzi baitzuten. Ikusteko dago berriz ere espetxeratuko duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.