Elikagaien prezioak marka hautsi du, eta gehiago igoko dela ohartarazi du FAOk

Artean egoera 2008. urtekoa bezain larria ez dela aitortu du FAOk, arrozaren prezioa ez baita orduko mailara gerturatuUzta txarrek, petrolioaren igoerak eta espekulazioak ekarri dute janaria garestitzea

Iker Aranburu.
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Alarmari sakatu dio FAOk. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du elikagaiak inoiz baino garestiago daudela, eta datozen hilabeteotan ere gorantz egiteko hainbat arrazoi ikusten ditu. Arrozaren prezioa oso goian ez dagoenez giza hondamendirik ez dagoela onartu du FAOk, baina kezkatuta dago, mundua «lurralde arriskutsuan» sartu delako.

1990az geroztik oinarrizko elikagaien bilakaera neurtzen du FAOk, laboreek, olioak, esnekiek, haragiek eta azukreak nazioarteko merkatuetan duten prezioa oinarri hartuta. Elikagai saski horren prezioak goia jo zuen joan den abenduan, 215 punturaino iritsi baitzen. Aurreko marka 213,5 puntukoa zen, eta 2008ko ekainean jo zuen, uzta txarrek eta petrolioaren prezioaren errekorrak bultzatuta. Elikagaien garestitzeak kinka larrian jarri zuen ehunka milioi lagunen iraupena, eta istiluak eragin zituen munduko hainbat txokotan. Uda horren amaieran, ordea, beherantz jo zuen nabarmen indizeak, finantza krisiaren leherketaren ondorioz. Hein handi batean, petrolioaren eta elikagaien inguruan zegoen espekulazioa desagertu egin zelako eta krisiak berak eskariaren gutxitzea ekarri zuelako.

2008ko abenduan 140 punturen bueltan zegoen, eta maila horretatik gertu egon zen 2009 ia osoan ere, baina, finantza merkatuak lasaitu ahala, berriro ere gorantz egin dute prezioek. Uztailaz geroztik igoerak ez du etenik izan, eta bizkortu egin da udazkenean, petrolioaren garestitzearekin batera. Dolar ahulak ere badu zeresana: elikagai gehienak diru horretan salerosten direnez, haren balioaren jaisteak kotizazioa igo egin ohi du.

Badira beste arrazoi naturalago batzuk ere: Errusian eguraldi aldrebesa izan dute azken hilabeteotan, eta gariaren uzta kaskarra izan zen. Beste bezainbeste gertatu da AEBetan artoarekin. Horrelakoetan gertatu ohi den modura, produktu batzuren garestitzeak besteena ere ekarri du, eta sojaren eta garagarraren truke ere gehiago pagatu behar da.

Arrozaren garrantzia

Paradoxikoa dirudien arren, egoera 2008koa bezain txarra ez dela onartu du Abdolreza Abbassian FAOko ekonomistak, eta horregatik ez dira duela bi urteko istiluak sortu. Hori hala da, hein batean, arrozaren salneurria ordukoa baino askoz apalagoa delako. Arroza da hiru mila milioi lagunen oinarrizko elikagaia, Afrikan eta Asian batez ere. Pertsona horiek dute, gainera, gosea izateko arrisku handiena. Garia eta beste laboreak ere ez daude 2008an bezain garesti, nahiz eta azken hilabeteotan haien prezioa igo egin den. Olioaren, azukrearen eta haragiaren igoerari zor zaio, beraz, indizeak errekorra hautsi izana.

Edonola ere, egoera arriskutsua dela nabarmendu du Abbassianek. «Prezioek askoz gorago egin dezakete, esaterako, Argentinako eguraldi lehorra lehorte bilakatzen bada, edo negu gorriak ipar hemisferioan uzta txarrak ekartzen baditu», esan dio FAOko ekonomistak The Guardian egunkariari.

Europako mendebaldeko herrialde gehienek aspaldiko negurik hotzena bizi dute, eta baliteke ondorioak izatea hilabete batzuk barru uztak bildu behar direnean. Australiako ipar ekialdean izan dituzten uholde handiek are gehiago garestitu dezakete azukrearen prezioa, eta eragina izango dute gariaren prezioan, herrialde hura munduko esportatzailerik handienetan laugarrena baita.

Ehun dolarren atarian

Arriskuen artean dago petrolioaren garestitzea ere. Lotura handia egon ohi da erregaien eta elikagaien prezioen artean, bigarrenak ekoizteko lehenak barra- barra erabiltzen direlako. Hainbat hilabetez 70-80 dolarren arteko prezioan salerosi ondoren, azken asteotan etengabe egin du gora, eta 95 dolarren bueltan dago orain Brent upela. Gainera, berriro ehun dolarreko muga gaindituko dutela uste dute aditu gehienek, Txinaren, Indiaren eta gorabidean dauden herrialdeen eskaria etengabe handitzen ari delako eta oso putzu berri gutxi aurkitzen ari direlako. Ondorioz, Europan inflazioa handitzen ari da krisia amaitu ez den arren... eta gosea ate joka dago herrialde pobreagoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.