Eliztarren elkartea

Poloniako Estatuaren sorrera erlijio katolikoari lotu ohi zaio, 966an Mieszko I.a erregea kristau bilakatu zeneko garaiari

AINARA MENDIOLA - Varsovia
2004ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Eraikin altuz, enpresa handiz eta bide askotako errepidez inguratuta dago Varsovia. Jendea presaka dabil etengabe, nora joan behar duen aurretik erabakita; azkar mugitzen da metroan edo autoetan bertan. Autoak eta tranbia dira errepidean nagusi, eta oinezkoentzat lur azpiko pasabidez beteta dago hirigunea. Pasabideetan lur azpiko beste mundu bat osatzen dute kafetegi, jatetxe, denda zein garraiobide txartelak erosteko guneek. Handik atera eta parte zaharrera iristean, abiadura moteldu egiten da.

Elizek ematen diote forma paisaiari eta herritarren nortasunari berari. Poloniaren sorrera ere erlijioari lotzen zaio; 966an Mieszko I.a erregea kristau bilakatu zeneko garaiari. Horrek izaera nazionala markatu zuen: 11 mende geroago, erlijioa herritarren giltzarri da oraindik. Abortua, eutanasia, homosexualitatea, Irak, drogak, langabezia... Eztabaida askotan hartzen du parte Elizak, eta iritzia sortu ere sortzen du. Eskoletan erlijioa ikasi eta otoitz egiten da, lehen hezkuntzan nahiz bigarrenean. Konstituzioa, aldiz, laikoa da. Herritarrek ez dute sinbolo erlijiosorik eramaten, eta erlijioso gutxi ikusten da kalean. Kuba Eptner gaztea, eguzkitako betaurrekoak jantzita, errepidea gurutzatzen ari Modowa kalean. Espaloira iritsitakoan, norberak bere kabuz erabakiak hartzeko eskubidea duela aldarrikatu du. «Elizak ez luke bere iritzia eman behar abortuaz eta bestelako gaiez. Abortuaren kasuan, adibidez, Elizak esaten du emakumea haurdun geratzen den unetik bizia sortzen dela. Ni ez nago ados. Pentsatzen dut hainbat kasutan ez litzatekeela debekatu behar; esaterako, emakume txiroen kasuan, batez ere herrietan bizi direnen kasuan, edo bortxaketa kasuetan». Herritarren gehiengo handia, %80, da fededuna. Mezetara otoitz egitera doazen gazteak, aldiz, laurdenak dira. «Elizak eskubidea du bere iritzia emateko», diote Anna Kowalskak eta Gregor Pawlenkok, «baina erlijioa eta politika bereizi egin behar dira».

Malgorzata eta Rafal aurreko biak baino helduagoak dira, eta erlijioari pisu handiagoa ematen diote. Malgorzataren ustez, eliza katolikoak «oso rol garrantzitsua» dauka Polonian, «nahiz eta gazteak eztabaida publikotik aldentzearen aldekoak diren». Hirugarren galdera egitean, haserretu egin da senarra. «Poloniarentzat Europako Konstituzioa ona izango dela espero dut», adierazi du hasieran. «Antiglobalizatzaile horietako bat al zara?», galdetu du ondoren, kopetilun. Poloniak presio handia egin zuen Bruselan, EBko Konstituzio proposamenaren hitzaurrean erlijioa aipatzeko. «Europaren ondare kristaua» goraipatzen du testuak hitzaurrean. Elizak gutxiegitzat jo zuen. Politika eta erlijioa bereiztearen aldekoak dira Marta Rydel, Gregor Jarzebski eta Izabela Rzazieuska. Katolikoa ez dela esan ondoren, Elizak ez lukeela daukan bezainbesteko boterea eduki beharko nabarmendu du Gregorrek, «bereziki arlo politikoan esku hartzeko». Arratsaldeko 17:25 dira. Freta kaleko dominikarren St Hyacinth elizan laster elizkizuna hasiko da. 23 lagun daude barruan. Gizon bat atera da, eta ur bedeinkatuarekin igurtzi du kopeta. Beste hiru lagun etorri dira, eta haiek ere ur bedeinkatua hartu dute.Sartzera zihoan emakume batek, bere iritzia eman ordez, nahiago izan du apaizengana zuzenean joan, laguntzera. «Aita Andrew, Wojciech edo Raymondekin hitz egitea duzu onena, baina arratsaldea ez da une egokia», erantzun du sakristiako atarian dagoen apaizak. Hala ere, eta aurretik beste gazte bat Raymond apaiza deitzen saiatu ondoren, azkenean barrura pasatzeko eskatu duelizgizonak. «Zein da eliza katolikoaren eginkizuna Poloniako gizartean?», da lehen galdera. Gehiago entzun gabe, kazetariekin esperientzia txarren bat izan dutela eta priorearen onarpena gabe ezin duela hitz egin esan du.

«Aterpea»

«Elizak gazteak batzen ditu, jendea oro har. Polonian sinestun asko daude, eta erlijioa da gure oinarria, gertatzen den guztia jasan ahal izateko». Hala uste du Margaretek. Familiarekin jaioterrian da egunotan, baina Frantzian bizi dira. Ez du gogo handirik hitz egiteko, eta senideek eransten dituzte aipamenak. «Elizak bere iritzia eman behar du, guretzat autoritate morala baita».

Zofia Glazer (20) eta bere lagun bat beste eliza baten ondoan daude eserita, izozki bana jaten. Zofia ez da sinestuna, eta Elizak abortuari buruz iritzia ematea «ergelkeria» iruditzen zaio. «Gazteak ez gara lehen bezain sinestunak». Robert Zmifroozki eta bere neska ondotik igaro dira.«Eliza asko oso eraikin politak dira, Varsoviako arkitekturaren parte», dio Robertek. Elizak, ordea, ez du eztabaida publikoetan parte hartu behar: «Bere iritzia eman dezake mezetan, baina ez elizako eraikinetik kanpo». EBko Konstituzioari «ongi» iritzi dio,«hobea» izan zitekeen arren. Poloniarrentzat Europako Batasuneko kide izatea «zaila» izango dela hasieran, ekonomiaren egoera ere zaila delako. Izena eman nahi izan ez duen beste gizon batek EBko Konstituzioan kristautasuna aipatzearen garrantzia nabarmendu du bizpahiru alditan jarraian: «Europako erlijio tradizio nagusiak judua, greziarra eta erromatar katolikoa dira. Europako historiaren oinarria da erlijio kristaua. Islamaren kontrakoa da». Eliza frantziskotarraren aurrean dago gizona. Polkowski Jakub (20) larruzko zamarra darama soinean, beltzez jantzitako neskaren ondoan. Jainkoan sinesten duela aitortu du, baina bera ez da mezetara joaten, eta Elizak Polonian botere handiegia duela uste du. Roolzin alderdia aipatu du. Alderdi erlijiosoa da, helduen artean babesa duena. «Elizak ez du iritzia eman behar». Rynak Stare Miesto plaza zaharreko izkina batean, lau lagun hurbildu zaizkio Paul Okaro Mungomari, bere jainkoa zein den galdetzeko. Beltzez jantzita eta burua estalita egoten da normalean, estatua moduan diru eske. Gaur buruko estalkia kendua du, eta apaiz itxura du. Kenyarra da, eta beraien jainkoa Mungu dela adierazi die. «Eutanasia», «Amerika» dira hizketan gartsuki erabilitako hitzetako batzuk. Amaieran, Mungomak esan duenez, EBn sartzearekin kezkatuta daude gizonak; gazte asko atzerrira joango direla bizitzera eta ea beraiek ere ingelesa, alemaniera edo frantsesa ikasi beharko ote duten. Sylvia eta Jhona (27) sinestunak dira. Bigarrena elizara joan ohi da; lehena,berriz, ez: «Ez naiz igandero joaten, lehen gurasoek egiten zuten bezala». «Elizak zer egin esaten dio askotan jendeari. Oso sartuta dago politikan». Elizak berari dagozkion eginkizun nagusiak alboratzen dituela salatu du, bide batez, Sylviak: «Jende asko, ez gazteak bakarrik, haserre dago ikusten dutelako apaizek etxe handiak dituztela, autoak, eta jendea lanik gabe dago. Kasu batzuetan asko laguntzen dio beharra duen jendeari, baina beste batzuetan, ez». Duela bi urte, polemika handia sortu zen, Juliusz Paetz gotzainak umeez abusatu zuela zabaldu zenean. Prentsak eman zuen horren berri, nahiz eta baziren hainbat urte Eliza jakinaren gainean zegoela. Ika-mika sortzean, ikerketa egin zuen Elizak, eta Paetzek dimisioa eman zuen.

Juduak eta Eliza

Azken urteetako beste eskandaluetako bat juduen hilketaren ingurukoa izan da. 1941ean, poloniarrek 1.600 judu hil zituzten Jedwabneko sarraskian, Elizaren babesarekin. Sei hamarkada geroago, barkamena eskatu zuen Elizak, baina ez zen komunitate juduarekin ados jarri barkamen ekitaldi eguna aukeratzerakoan. Eliza katolikoak hasieran ez zuen barkamenik eskatu nahi. Politikariek zer egin behar zuen esaterik ez zutela nahi adierazi zuen Josef Glemp kardinalak, eta juduei beren krimenengatik barkamena eskatzeko dei egin zien. Hori defendatu zutenen arabera, judu komunistek Polizia sekretuarentzat egiten zuten lan eta gerran aliatuekin borrokatutako poloniar askori eraso zieten itzuleran.

Karolina Kanar (26) ia igandero joaten da elizara. «Erlijioa oso-oso garrantzitsua da guretzat, batez ere helduentzat. Iritzia sortzen du». Eliza pixka bat modernizatu dela uste du, baina beretzat garrantzitsua da kontserbadore izatea: «Gauza batzuk aldatzen ari dira. Esate baterako, Aste Santuan okela jateko debekua kendu du. Hala ere, ez dut uste egin ahalko dugunik... hain dago gure barruan sartuta». Wojciechek (25) eta Juliak (24) iritzi kontrajarriak dituzte. Lehena elizara joan ohi da eta eztabaida publikoetan parte hartzea ongi iruditzen zaio. Julia ere sinestuna izan arren, ez da elizara joaten, eta moralitateak sekular izan behar duela aldarrikatzen du. «Ikusten? Oso ezberdin pentsatzen dugu, eta, hala ere, elkarrekin gabiltza», dio Juliak. «Erlijioa Polonian Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan baino garrantzitsuagoa da. Jendearen esku dago Eliza modernoa izatea edo ez,ni katoliko modernoa naiz», nabarmendu du Wojciechek. Juliak dio Elizaren garrantzia handia izan zela komunismo garaian: «Jendea batzeko eta aterpetzeko lagundu izan zuen». Orain, aldiz, gero eta kontserbadoreagoa dela uste du. Wojciechen arabera, Elizak ez du botere handia arlo politikoan: «Herritarrek botoa ematen dugu, eta Legebiltzarrak erabakitzen du, ez Elizak». Ondoren topatutako zortzi laguneko koadrilatik (17-19 urte) bakarra dago sinestun dela onartzen duena. Ostiraletan lagun eliztarrekin biltzen da, eta iganderojoaten da mezetara. Gainerakoak txantxetan ari zaizkio, eta berak erantzuten du ez duela Maryja Irratia jasaten, baina bere amonak entzuteko esan ohi diola ÐMaryja Irratia eta Nasz Dziennik egunkaria dira Elizaren alderdi atzerakoienaren ahotsa. Eskolan otoitz egitearen aldekoa da Kriztof, bestetik. «Garrantzitsua da niretzat, baina nire lagunek agian ez dute berdin pentsatuko», onartu du. Parte zaharretik hirigunera bueltan, Kultura eta Zientzia Jauregiko dorrea nonahitik ikusten da, eraikin guztien artetik nabarmenduta. Munduko ordulari dorre altuena du, 1995ean eraikia. Solidarnosci kalean gaude. Ezkerrean eliza bat dago, eta beste bat...

-

EB-RANZKO BIDEA



Gobernua, erreformetan itoa



Polonia da EBn sartuko diren 10 herrialdeetatik handiena eta biztanle gehien duena. Herrialde horietako populazio osoaren erdiak dira poloniarrak (38.647.000 biztanle). Varsovia dute hiriburu, XVII. mendeaz geroztik. 1.703.000 lagun bizi dira bertan. Varsoviaren %85 erabat suntsitu zuten naziek Bigarren Mundu Gerran.

Europaren erdian dago Polonia, eta, orain arte bezala, etorkizunean ere komunikazio bide garrantzitsua izango da. Hala ere, Europako Batasunak ohartarazi dio ekonomia alorrean gauza asko dituela oraindik zuzentzeko; adibidez, langabeziari aurre egitea (%20koa da, 10 herrialdeetatik handiena). Herritarren %27k nekazaritzan lan egiten zutenorain arte, nahiz eta BPGren oso zati txikia lortzen zen haren bitartez. EBn lehiakor izateko, milaka baserri desagerraraziko dituzte eta soilik handienek eta ekoizpen maila altua lortzen dutenek iraungo dute. Erreforma ekonomikoek kontrakotasun handia eragin dute, eta Gobernua dimisioa ematera bultzatu. Nekazarien Alderdia koaliziotik bota zuen Leszek Miller lehen ministro sozialdemokratak iaz, Gobernuaren zerga proposamenen aurka bozkatu zuelako. Ondoren, konfiantza mozio bat irabazi zuen Millerrek, baina erreformak aurrera ateratzeko zailtasun handiak izan ditu. EBn sartzean desegingo du Gobernua. Bere alderdiko 27 legebiltzarkideek dimisioa eman zuten martxoan, desadostasunengatik.

-

Kronologia



1795: Errusiak, Austriak eta Prusiak elkarren artean banatu zuten Poloniako lurraldea.

1918: Subiranotasuna berreskuratu zuen Poloniak.

1932: Poloniak eta Sobiet Batasunak elkarri ez erasotzeko ituna sinatu zuten.

1934: Alemaniarekin elkarri ez erasotzeko akordioa sinatu zuen.

1939: Alemaniak Polonia inbaditu zuen. Erresuma Batuak gerra deklaratu zion Alemaniari. Sobietarrek ekialdea inbaditu zuten. Alemaniaren eta Sobiet Batasunaren artean banatu zuten Polonia.

1941: Alemania kontzentrazio esparruak eraikitzen hasi zen.

1944: Poloniako erresistentziak Varsovia kontrolpean hartu zuten. Naziek hiria berreskuratu eta suntsitu zuten.

1945: Poloniako mugak zehaztu ziren, Postdameko akordioetan.

1947: Errepublika komunista bihurtu zen.

1955: Varsoviako Ituna defentsa erakundean sartu zen.

1978: Karol Wojtyla Krakoviako kardinala aita santu izendatu zuten.

1980: Lech Walesak Solidarnosc sindikatua sortu zuen.

1981: Gerra Legea ezarri zuten. Solidarnosceko buruzagi asko, Walesa tartean, espetxeratu zituzten.

1983: Gerra Legea bertan behera geratu zen.

1989: Solidarnoscen, Alderdi Komunistaren eta Elizaren arteko negoziazioak. Bozak egin eta Solidarnosc atera zen garaile.

1990: Walesa Poloniako presidente aukeratu zuten.

1992: Tropa sobietarrak erretiratzen hasi ziren.

1995: Aleksander Kwasniewski komunista ohia (SLD Ezker Demokratikoaren Alderdia)hautatu zuten presidente.

1997: Legebiltzarrak Konstituzio berria onartu zuen.

1998: EB Poloniarekin negoziatzen hasi zen.

1999: Polonia NATOko kide bihurtu zen.

2001: SLDk eta Nekazarien Alderdiak koalizio gobernua osatu zuten. SLDko buru Leszek Millerrek lehen ministro kargua hartu zuen.

2003ko martxoa: Nekazarien Alderdiak koalizioa hautsi zuen, zerga erreformarekin ez zegoelako ados.

2003ko ekaina: Herritarrek bat-egitearen alde bozkatu zuten.

2004ko martxoa: Leszek Miller lehen ministro sozialdemokratak dimisioa emango zuela iragarri zuen, gobernu krisiaren ondorioz. Polonia EBn sartzean desegingo du Gobernua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.