Atentatua Parisen

Elkarretaratzeak egin dituzte Angelu, Baiona eta Miarritzen

Bart Parisen egindako erasoak salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte Angelu, Baiona eta Miarritzeko herriko etxeen aurrean. Iparraldeko alderdi politikoek bertan behera utzi dituzte abenduko eskualde hauteskundetako kanpainia ekitaldiak.

Bart gauean Parisen egindako erasoak salatzeko, elkarretaratze jendetsua egin dute Baionan, Herriko Etxearen aitzinean. ISABELLE MIQUELESTORENA
Berria
2015eko azaroaren 14a
17:07
Entzun

EH Baik erasoa pairatu duten guztiei "elkartasun osoa" adierazi die eguerdian zabaldutako ohar batean. Parisko erasoei "erantzun kolektiboa" eman beharra nabarmendu du. EH Baik salatu du ezen, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako ekintzan bezala, zibilak izan direla biktimak. Jakinarazi dute analisi politikoan sakonduko dutela datozen egunetan, baina dei egin dute gaur arratsaldean atentatuaren biktimekiko elkartasunez egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.

Atentatuko biktimekiko elkartasunez elkarrateratzeak egin dituzte Angelu, Baiona eta Miarritzeko herriko etxeen aurrean. Donibane Lohizunen bihar eguerdian egingo dute. SOS Arrazakeria taldeak, berriz, gaur 19:00etan elkarretaratzera deitu du Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan.

Abenduaren 6an eta 13an eskualde hauteskundeak egingo dituzte Akitanian. Atzoko erasoaren ondotik, kanpaina ekitaldiak bertan behera utzi dituzte hautagaiek. Sare sozialetan elkartasun mezu ugari zabaldu dituzte politikariek:

Jaurlaritzak "behar diren neurriak" hartuko ditu

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak "erabateko elkartasuna" adierazi die atzo Parisen egindako atentatuko biktimei. Urkulluk nabarmendu du Ertzaintza Espainiako Barne Ministerioarekin harremanetan dagoela "behar diren neurriak" hartzeko.

Parisko atentatuen ostean, lehendakariak "lasaitasunerako" deia egin nahi izan du, eta atzoko atentatuak arbuiatu ditu. Haren aburuz, atzo Parisen egindako atentatuak "biziaren eta duintasunaren aurkako erasoak" dira. Lehendakariak azaldu du euskal gizarteak badakiela zer den "terrorismoa", eta horregatik, kasu honetan elkartasuna hitzak "zentzu berezia" duela nabarmendu du.

EH Bilduk "min eta atsekabea" adierazi du atzo Parisen hildako eta zauritutakoak direla era. Koalizio abertzalearen aburuz, "giza eskubideen errespetuan eta oinarrizko printzipio demokratikoetan" oinarritu behar da atentatuen aurkako erantzuna. EH Bilduren ustez, gizarte zibilak pairatu duen indarkeriari ezin zaio modu berean erantzun. "Eskubide murrizketetan oinarritzen diren salbuespen legeek, demokrazia ahuldu bai, eta ez dute bermatzen ustez helburu duten segurtasuna".

Era berean, azaldu dute atzo Parisen eragindako indarkeria ez dela munduko beste tokitan pairatzen dutenaren ezberdina. "Horregatik aldarrikatzen dugu inork ez erabiltzea indarkeriarik erugabeen aurka, inork ez dezala armarik saldu bere onerako eta inongo kanpo politikarik ez dezala gerra gehiagorik sortu".

Natalia Rojo PSEko kideak Parisko "izugarrikeria" gaitzetsi du. "Atzoko atentatuaren moduko ekintzetara ohitzea ezinezkoa bada ere, gaia herrialde guztien egunerokoan dago". Rojok jakinarazi du gaur PSOEk egingo duen biltzar politikoa "gertatutakoaren aurkako erabateko arbuioa" izango dela.

Laura Garrido EAEko PPko parlamentariak adierazi du atzoko erasoek gogora ekarri diotela Espainiak pairatu dituen "terrorismoaren atzaparkadak". Gogoan izan ditu bereziki 2004. urteko martxoaren 11n Madrilen egindako erasoak. Era berean, segurtasuna indartzeko deia egin du, eta "edozein terrorismo motaren kontrako erabateko arbuioa" adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.