Generalitatkeo presidentearen gutunari gisa berean erantzun dio Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak, haren presidenteordeak jakinarazi duenez. Han, besteak beste, azaldu dio 155. artikulua ez dela autonomia eteteko, baizik eta hura legearen barrura itzultzeko dela. Artikulu hori aplikatzen badute, "ardurarun bakarra" bera izango dela ohartarazi dio.
Gatazkaren existentzia bera ere ukatu dio Rajoyk gutunean. "Ezin dut inolaz ere onartu zuk Estatu espainiarraren eta Kataluniaren gatazka historiko deitzen duzun hori". Kataluniak "demokraziaren aro honetan" inoiz baino autonomia politiko eta finantziero handiagoa izan duela azpimarratu dio gutun horretan. Atzera egiteko eskatu dio, eta ostegunera arteko epea duela berretsi.
Gutun horren berri Soraya Saenz de Santamariak eman du prentsaren aurrean. Puigdemontek egindako elkarrizketarako deiari ere erantzun dio Saenz de Santamariak. Batetik, esan du, Generalitateko presidenteak ez duela sinesgarritasunik hori eskatzeko, "Kataluniako Legebiltzarreko oposizioarekin hitz egitera ukatzen da". Eta bestetik, azpimarratu dio inork ez dizkiola ixten elkarrizketarako ateak, baina hori "legearen barruan" egin behar dela. Horregatik, gaia Espainiako Diputatuen Kongresura eramateko gonbita egin dio.
Saenz de Santamariaren ustez bi "arazo larri" ditu Puigdemontek: bat legearekin, eta bestea "argia izateko eskatzen dioten herritarrekin". Independentzia deklaratu duen edo ez argi erantzuten ez duenez, jendea "nahasten" aritzea egotzi dio.
"Beste aukera bat" duela esan dio Puigdemonti, bere esku dagoela "hurrengo urratsak ez egitea". Eta horretarako, orain arteko bide berbera proposatu dio, ez duela independentzia deklaratu esan eta "legalitatera itzuli".