Nicanor Alvarado (San Ignacio, 1964) nekazarien eta indigenen lurrak babestearen aldeko borrokan oso gaztetatik aritua da, Alberto Fujimoriren diktaduraren garaitik. 2007an Amazoniako eta Andeetako Herrien Koordinakundea sortu zutenetako bat da. Ekologisten, indigenen eta nekazarien sare bat da hori, meatzeetako multinazionalen aurka egiteko. Tierra y Libertad alderdiaren ordezkaria ere bada Cajamarcan. Gaur Barakaldon hitzaldia emango du, Ekologistak Martxan-ek antolatuta.
Espinarren eta Cajamarcan zer ari da gertatzen zehazki?
Inoiz ez bezalako ingurumen kalteak eragiten ari dira proiektu berrietan; Xstrata-Tintaya eta Newmont enpresak, besteak beste. Rio Grande ibaia urik gabe uzteraino, ekosistema oro sutsitzeraino. Lurra txikitu eta joan egingo dira, gainera.
Protestei gogor erantzun die Humalaren gobernuak. Hala ere, ekintzaileekin hitz egiten saiatu dela esan zuen atzo Oscar Valdes lehen ministroak, baina alferrik izan dela.
Elkarrizketarik ez dago; Humalaren gobernuaren errepresioa basatia da. Militarrak bidalita konpontzen dute dena. Cajamarcara 5.000 soldadu bidali zituzten iazko abenduan, eta orain, ehunka iristen ari dira biharko greba orokorrari aurre egiteko. Gerrara joango balira bezala heltzen dira. Espinar-Cuscon ere gogor aritu da Polizia. Humalaren gobernua aldaketa handiaren diskurtsoarekin sartu zen, baina Fujimoriren Colina taldearekin zerikusia izan zuten ministroekin nahastu da, eskuin jurasikoenarekin. Iazko protesten ondoren, Ministroen Kontseilua goitik behera aldatu zuen, eta progresista guztiak kendu. Emaitza agerikoa da. Ekintzaile ekologista nagusiak auzipetu dituzte, jazartuta daude eta gobernuaren kriminalizazioa handitzen ari da.
Meatzeen kontrako mugimendua ere sendo dago azkenaldian.
Duela urte batzuetatik hona Peruko taldeak batzeko ahalegina egin dugu, koordinaturik gaude, eta inoiz baino biziago dago mugimendua. Biharko grebarako, adibidez, 1.000 bat ekintzaile Peruko probintzia guztietan izan dira, grebaren berri ematen, eta, 1.200.000 biztanle dituen eskualdea geratzeaz gain, Peru osoan elkartasun ekintzak espero ditugu.
Zer eskatzeko?
Meatzaritza arduratsua. Zianurorik eta dinamitarik ez erabiltzeko eta lurraldearen antolakuntzari buruzko lege bat egiteko eskatzen dugu, gure lurren zertarakoa definitzeko: zein lur den egokia zein jardunetarako. Hori, hasteko. Behar bezala ustiatutako meatzeen irabazien zati bat ere eskatzen dugu. Jendea nazkatuta dago.
Nicanor Alvarado. Tierra y Libertad mugimenduko ordezkaria
«Elkarrizketarik ez dago; Humalaren gobernuaren errepresioa basatia da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu