AEB-etako hauteskundeak

Emakumeen kontrako erasoak eztabaidaren erdigunean

Donald Trumpek eta Hillary Clintonek kanpainako bigarren eztabaida egin dute. Emakumeen kontrako adierazpenen bideoarekin eraso egin dio Clintonek Trumpi, eta horrek erantzun dio haren senarrak ere eraso egin ziela emakumeei. Tentsio ikaragarrizko eztabaidan, erabat hondoratu gabe eustea lortu du Trumpek, adituen arabera.

Eztabaidako une bat. GARY HE / EFE
2016ko urriaren 10a
08:02
Entzun

The Washington Post egunkariak kaleratu zuen joan den astean Trumpek emakumeen kontra egindako adierazpenekin osatutako bideoa. Hautagai errepublikanoak, besteak beste, esaten du batek "botera" duenean "edozer gauza" egin dezakeela emakumeekin. Hitz horiek ezagutarazi orduko, bere babesa kendu zioten Trumpi 150 ordezkari errepublikanoek, eta alderdian arrakala handia sortu zuen. Hala, ahul iritsi da Trump eztabaidara, baina, adituen arabera, eutsi egin dio.

Clintonek bideoan egindako hitzak gogora ekarri dizkio Trumpi, eta etengabe emakumeei eraso egitea aurpegiratu dio. Hark, esandakoak esan izana sentitzen dutela erantzun dio, eta erasoari jo dio gero, Bill Clinton senarraren sexu iskanbilak gogora ekarriz, eta aurpegiratuz hark ere egin zituela emakumeen kontrako erasoak, eta Hillary Clintonek ez zituela emakume horiek babestu.

Bi hautagaien arteko bigarren eztabaida tentsio handikoa izan da, hasiera-hasieratik, eta Trumpek mehatxu ere egin dio Clintoni: alegia, bera presidente bada espetxeratu egingo duela. Botere banaketa ez errespetatzea egotzi dio Clintonek.

Eskua eman gabe hasitako eztabaida eskua emanda amaitu dute bi hautagaiek. Ez zuten horretarako asmorik, baina herritar baten galderak eraman ditu elkar agurtzera, elkarrengadik zer errespetatzen duten galdetu baitie herritar horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.