Zirt edo zart. Erresuma Batua osatzen duten nazioetako herritarrek gaur erabakiko dute EB Europako Batasunean jarraituko duten ala ez. Aldekoek eta aurkakoek kanpainako azken egunean azkenera arte xahutu dituzte haien mezuak zabaltzeko aukerak.
23:00 arte dute botoa emateko epea, baina goizean joan dira hauteslekuetara Erresuma Batuko alderdi nagusietako buruzagiak. David Cameron lehen ministroak, esaterako, dei egin du Europako Batasunean jarraitzearen alde bozkatzera, ohartaraziz brexit-ak ekonomia britainiarrari kalte egin diezaiokeela. Aukera bera egin du Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruak, eta "guztiz ziur" azaldu da EBn jarraitzearen aldeko hautua nagusituko dela.
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa izan da aukera bera egin duen beste bat: "Buruarekin eta bihotzarekin eman dut botoa". Bestelako botoa eman du, ordea, Nigel Farage UKIPeko buruak: "Irteeraren alde bozkatu dutenek benetako pasioa dute. Pertsonalki, oinez, lau hankatan eta kristalen gainean etorriko nintzateke botoa emateko".
Azken egunotan argitaratu diren inkesten emaitzen batez bertzekoa eginez gero, %51k bozkatuko lukete EBn jarraitzearen alde, eta %49k, berriz, uztearen alde. Bezperan argitaratutako bi inkestatan, ordea, brexit-a atera da garaile: puntu baten aldearekin Opinium etxearenean —%45, %44ren kontra—, eta bikoarekin TNS etxearenean —%43, %41en aurka—. Kanpainako lehenbiziko inkestetan, apirilean, EBren aldeko botoa ageri zen nagusi, baina asteak igaro ahala brexit-ak aurre hartu zion. Duela astebete ustez eskuin muturreko jarraitzaile batek Jo Cox diputatu laborista hil ondoren, inkesta gehienetan berriz ere batasunean gelditzeko asmoa agertu da aitzinetik, eta Erresuma Batuko politikari, kazetari eta analista anitzek harreman zuzena ezarri dute bi gertakarien artean. "Hari batetik zintzilik egonen da", Lynton Crosby tory-en iazko hauteskunde kanpainaren zuzendariaren ustez.
"Elkarrekin hobe"
Erresuma Batuko herritarrez gain, bertan bizitzeko baimena duten Irlandako Errepublikako herritarrek eta Commonwealtheko herrialdeetakoek eman dezakete botoa; guztira, 46 milioi herritarrek baino gehiagok. 07:00etan ireki dituzte botoa emateko lekuak [08:00 Euskal Herrian], eta 22:00tan itxi [23:00 Euskal Herrian]. Biharamunean jakinaraziko dute emaitza.
Erresuma Batuko ordezkariek esprint baten antza eman diote kanpainaren bukaerari, baina haiek ez ezik, baita EBko agintariek ere, brexit-ak irabaziz gero Erresuma Batuarentzat ondorio gogorrak izanen dituela erran baitute bertzeak bertze Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eta Stephane Le Foll Frantziako Gobernuko bozeramaileak.
Kanpainaren azken egunean ere, Erresuma Batuko ordezkariek hiru gai nagusiren inguruan eztabaidatu dute: ekonomia, immigrazioa eta burujabetza. "Uste dut elkarrekin hobeki aurre eginen diegula klima aldaketari eta terrorismoari, hobeki haziko dugula gure ekonomia, eta merkataritza akordio hobeak eginen ditugula", adierazi dio Cameronek BBC irratiari. Lehen ministroaren alderdikide Johnsonek, ordea, guztiz bertzelako mezua eman du. "Demokraziak ozen solas egiteko garaia da, eta Europan ehunka milioi lagun izanen dira gurekin ados. EBren sistema akasdun eta gainbeherakoarekin hausteko garaia da".
Herritarrek izanen dute azken hitza, gaur. Gelditzeak irabaziz gero, Cameronek eta Bruselak lasai hartuko dute arnasa. Uzteak irabaziz gero, ordea, bide ezezagun bat irekiko da, estatu kide batek lehenbiziko aldiz utziko baitu batasuna. Itxura guztien arabera, lurrikara politiko bat sortuko da Erresuma Batuan eta EB osoan.