Uraren Mundu Eguna da bihar. Eta, hitzorduaren harira, WWF erakunde ekologistak txosten bat plazaratu du munduko ibai handi asko zeinen egoera txarrean dauden ohartarazteko. Okerren okerrenak hamarreko zerrenda batean sartu ditu,«azkenetan» daudela esanez.Mundu osoko ibaiak dira: Yangzi (Txina), Mekong (Vietnman), Salween (Birmania), Ganges (India), Indo (Pakistan), Danubio (Europa), La Plata eta Rio Grande (Amerika), Nilo (Afrika) eta Murria-Darling (Australia).
«Aztertutako ibaien egoerak agerian uzten du, aspaldi salatzen ari garen ur gezaren krisi larria. Agintariak arazoaz orain jabetzea nahi dugu, eta ez uraren larritasunak aurre egiteko moduko arazoa izateari uzten dionean», ohartarazi du WWFko arduradun Jamie Pittokcek.Idortzen ari dira ibairik gehienak. Ibaien inguruetan urtegi gehiegi eraiki dituztelako ari dira urtzen ibai batzuk, esate baterako, Salween eta La Plata. Birmanian, Txinan eta Thailandian, gainera, urtegi gehiago eraikitzeko egitasmoak prest dituzte, eta horrek arriskuan jarri ditzake ez soilik inguruetako ibaiak, baita paraje horietako hainbat ekosistema ere.
Beste ibai batzuk gehiegizko ustiaketa jasan dutelako daude egoera txarrean. Agortzen ari dira. Kasu horretan daude, esaterako, Danubio, Rio Grande, Ganges eta Mekong. Ibaietako ura erruz erabiltzen da, baina maiz buru gutxirekin. WWFk kritika egin du: «Ibaietatik hartzen den uraren %50-%80 alferrik galtzen da».
KLIMA ALDAKETA.Klima aldaketa ereeragina izaten ari da. Glaziarretatik edaten dute hainbat ibaik --Indusek, esaterako-- eta haiek txikitzen ari diren neurrian, ibaietako ur emaria ere eskasten joango da. Arriskuan jar dezake horrek ibai horien inguruetan bizi den jendearen biziraupena, ibaiak baitiraleku askotan ura lortzeko bide bakarra. Klima aldaketaren ondorioak jasaten ari da dagoeneko Afrikako Nilo ibaia; izan ere, tenperatura altuen ondorioz ibaian gero eta ur gehiago lurrintzen da, batez ere Egiptotik eta Sudanetik igarotzen denean.
Kutsadura, zikinkeria, ere arazo da ibai guztietan. Yangzi ibaiaren kasuan, duen arrisku handiena da. Ekosistema ezberdinen arteko espiezeen nahasketak ere arrisku iturri dira;Australiako Murray-Darling ibaian, esaterako, arrain espezie arrotzak sartu dira azkenaldian, eta horrek bertako ekosistema askoren geroa kolokan jarri du.
Mehatxu hauei guztiei aurre egiteko nazioarteko gobernu eta erakunde guztien artek elkarlana ezinbestekoa dela ohartarazi du WWFk.Erronkak handiak dira: Lurraren berotzeari aurre egin behar zaio, ura arduraz kontsumitzen ikasi behar da, eta ibaietako ekosistemak babestu egin behar dira. Besteak beste. Izan ere, arazoa handia da. Eta zaila. «Ez da mugatzen zerrendatu ditugun hamar ibaietara, harago doa», aditzera eman du Jamie Pittokcek. «Gure jokatzeko modua aldatu behar dugu, gainerakoan, etorkizun ez oso urrunean garestiegi ordainduko dugu».
Emari zikin eta urriak
Ibai handi askoren egoera txarraz ohartarazi du WWF erakundeak, Uraren Mundu Egunaren harira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu