«Ez dakit hemendik aurrera BNGn ala BNGtik kanpo egingo dudan borroka», esan zuen Xose Manuel Beirasek BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren XIII. Batzar Nazionalean, duela bi aste. Azkenik, EI Encontro Irmandiño sektore kritikoak BNGtik ateratzea erabaki du. Horiek hala, Beiras alderdiaren sortzaileak zuzendaritza utzi du, Martiño Noriegarekin eta Maria Casar Diazekin batera.
BNGren batzar nazionaleanGuillerme Vazquez ofizialista hautatu zuten alderdiko buruzagi, baina Beirasi tarte txikia atera zion bozketan. Berdinketa egon zela adierazi zuen orduan Beirasek, eta BNGn jarraitzeko baldintza bat jarri zuen: kritika egin ahal izatea, barne zentsurarik gabe. Bi astera, adostasun handiarekin, BNGtik ateratzea erabaki dute. Vazquezek, berriz, alderdiak «sendo» jarraitzen duela dio.
Alderdia utzi badute ere, erakundeetan lana modu bateratuan egitea adostu dute EIn. Legebiltzarrean ez dio arazorik sortuko BNGri, ez baitago EIko ordezkaririk. Udaletan, baina, badaude alderditik ateratakoak. Blokearekin akordioa lortzea espero dute, eta «herritarrek hautestontzietan aukeratu zutena errespetatu ahal izatea».
Mais Galizari begira
BNGren barruko Mais Galizak martxoan batzarra egingo du, eta orduan erabakiko dute alderdia utzi edo ez. BNGren batzar nazionalean EIrekin bat egin zuen Mais Galizak, UPG Galiziako Herriaren Batasuna korronte nagusiari aurrea hartzeko. Esquerda Nacionalista korronte minoritarioak ere alderditik ateratzea erabaki zuen larunbatean, eta Partido Nacionalista Galegok gogoeta aldia hasi du.
Encontro Irmandiñok BNG alderditik ateratzea erabaki du Galizian
Erakundeetan BNGko kideekin «batera lan egitea» adostu du EIk, «fronte nazionalista hautsi bada ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu