Energia nuklearraren larrialdi egoera ezarri dute herrialdean

Epizentrotik hurbilen dauden lau zentraletako 11 erreaktore automatikoki itzali dira lurrikararen ondorioz

Jon Fernandez.
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Lurraren eta uraren astinduak gogor jo ostean, Japonian dituzten 55 erreaktore nuklearren beldur dira orain herritarrak. Energia nuklearraren alarma egoera ezarri du Tokioko gobernuak, «isuri erradioaktiborik ez dela izan ziurtatzeko».

Uhartearen ekialdeko kostaldean kokatutako Onagawa, Fukushima Daiichi, Fukushima Daini eta Tokai zentral nuklearrak dira arrisku egoera larrienean daudenak. Barruan dituzten 11 erreaktore automatikoki itzali dira 8,9 graduko lurrikararen eraginez. «Modu seguruan itzali dira», nabarmendu du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak. Dena dela, Onawaga eta Fukushima Daichiko zentraletan sua piztu zen atzo.

Erreaktoreak isolatuta eta 300 gradutara egon behar dira uneoro, eta, horretarako, ezinbestekoa da hozte sistemak ondo funtzionatzea. Bestela, tenperatura igo eta leherketa arriskua legoke. Suteak kontrolatu ostean, leherketa arriskurik ez dagoela baieztatu dute Japoniako agintariek. Hala ere, erreaktoreko hormetan arrakalarik ote dagoen aztertu eta hotz sistemak modu egokian funtzionatzen ote duen baieztatu behar dute oraindik.

«Erreaktoreko uraren tenperatura ez dago balio kritikoetan», azaldu du Fukushimako Prefekturak. Are gehiago, Fukushima Daiichiko zentral nuklearrean ez dagoela erradiaziorako berehalako arriskurik esan du Tomoko Murakami Japoniako Ekonomia eta Energia Institutuko zuzendariak. Alabaina, Fukushimako zentral nuklearretik hiru kilometroko erradioan bizi diren biztanleak aterarazi egin dituzte,Yukio Edano Japoniako Gobernuko idazkari nagusiaren arabera.

Ekologistak Martxan GKEak zentral nuklearrek gertakari naturalen aurrean duten zaurgarritasuna begi bistakoa dela salatu du: «Energia nuklearra arriskutsuegia da».

Hirugarren indar nuklearra

Ez da lurrikara batek Japoniako energia nuklearra kolokan jarri duen lehen aldia. 2007ko lurrikararen ondorioz, esaterako, ur kutsatua isuri zuen Kashiwazaki-Kariwa zentral nuklearrak. Hala ere, energia nuklearraren aldeko apustuari tinko eutsi dio Japoniako Gobernuak. Munduko hirugarren indar nuklearra da 2008. urteaz geroztik. Lurraldean dituen 55 zentral nuklearrek herrialde osoko argindarraren %34 sortzen dute.

Lurraren astinduetara ohituta dagoen herrialdea izanik, etor daitezkeen lurrikaretan pentsatuta egiten dituzte eraikin mota guztiak Japonian. Zentral nuklearrak ere zonalde tektonikoaren arabera eraikiak dira: 7,5 gradura arteko lurrikarei arazorik gabe eusteko ahalmena daukate. Atzoko lurrikarak, ordea, 8,9 gradu zituen, eta horregatik izan du hain eragin handia epizentrotik gertuen dauden zentraletan.

Erreaktoreen %20 itzalita egon arren, Japoniak momentuz ez du energia hornidurarako arazorik, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak azaldu duenez. «IEAk harreman estua du Japoniako Ekonomia, Komertzio eta Industria Ministerioarekin, baina momentuz ez digu laguntzarik eskatu. IEA prest dago eskua luzatzeko, baina une honetan ez dago horretarako beharrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.