Eutanasia

Englarori elikadura eta hidratazio artifiziala gutxitzen hasi zaizkio gaur medikuak

Koman 17 urte daramatzan emakume italiarrari hil arte gutxiko dizkiote bizitzeko gaiak, epaileek hala baimenduta. Berlusconiren gobernua presaka ari da hori galarazteko dekretua prestatzen, baina Errepublikako presidenteak esan du ez duela dekretu hori sinatuko.

2009ko otsailaren 6a
17:24
Entzun
Koman 17 urte daramatzan Eluana Englaro 38 urteko emakume italiarrari elikadura eta hidratazio artifiziala gutxitzen hasi zaizkio gaur Udine hiriko (Italia iparraldea) La Quiete erietxeko medikuak. Italiako Justiziak hala baimenduta, eta familiaren eskariz, hil arte gutxitzen joango zaizkio bizitzen segitzeko gaiak. Nolanahi ere, Italiako eskuineko gobernua (Silvio Berlusconi lehen ministroa buru du) atzotik ari da eutanasia pasiboa gauzatzea eragozteko lege dekretua, hau "lehenbailehen" onartua izan dadin. Hala ere, Italiako Errepublikako presidente Giorgio Napolitanok gaur eguerdian esan du ez duela dekretua sinatuko. Haren sinadura ezinbestekoa da dekretua indarrean sar dadin.

Eluana Englaroren legezko tutore Franca Alessiok gaur goizean baieztatu du hura artifizialki elikatu eta hidratatzeko dosia murrizten hasi zaizkiola Quieteko medikuak. "Dena aurreikusita bezala dola uste dut". Koman dagoen emakumea joan den astelehenean sartu zuten Quiete ospitalean, eutanasia pasiboa gauzatzeko prest dagoen mediku eta erizain talde boluntario baten zaintzapean. Familiak hala eskatuta hartu zuen hori ahalbidetzeko neurria Italiako Justiziak. Halere, ez diote sudurretik sartuta duen zunda kenduko. Mediku taldeak protokolo zorrotza prestatu du, eta gaur %50ean gutxitzen hasi zaizkio orain arte, bizirik iraun zezan, ematen zizkioten elikagai elementuak.

Gaztea koman dago, duela hamazazpi urtetik, 1992ko urtarrilaren 18an gidatzen ari zen autoa bidetik atera zenetik. Urtebeteren buruan haren garunak lan egiteari utzi zion. Ordutik ez du sendabiderik, medikuek diotenez: "Atzera bueltarik ez duen koman dago". Urteotan zunda baten bitartez sartu izan dizkiote gorputzean bizirik irauteko behar dituen ura eta elikagaiak. Gaurtik aurrera, ordea, hodi horretatik lasaigarriak baino ez dizkiote emango, bere kabuz hiltzen den arte. Horretarako eraman dute Udineko La Quiete zahar etxera; Milango Helegite Zibilen Auzitegiak iazko uztailaren 9an ebatzi zuena -eta Auzitegi Gorenak berretsitakoa- betetzeko. Zahar etxea izanik, Osasun Ministerioak jarritako betoari entzungor egin diezaiokete La Quieteko langileek. Hark ospitale pribatuei eta publikoei debekatu egin die koman dagoenari elikadura eta hidratazioa etetea.

Behin neurri horiek hartuta, hiru astean hil beharko lukeela iragarri du Carlos Alberto Defanti neurologoak. "Askatu egingo dugu, behingoz", adierazi du, arinduta, emakumearen aitak. Hori lortzeko epaitegitik epaitegira eman ditu azken hamazazpi urteak.

Berlusconiren dekretua

Anartean, Italiako hedabideek jakinarazi dute gaur Ministroen Kontseiluak egingo duen bilkurako gai zerrendan Berlusconik onartzea nahi duen dekretu proposamena sartu dutela.

Hedabide italiarrek atzo eman zuten ezagutzera lege dekretuaren zirriborroa. Honetan, "edozein gaixori elikadura eta hidratazioa etetea debekatzen" dela aurreratu zuten.

Neurri horrekin Milango Helegite Auzitegiaren ebazpena betetzea eragotzi nahi du Berlusconiren gobernuak, eta aurrera begira, antzeko kasu gehiago ere eragotzi.

Aurkari garrantzitsu bat topatu du, ordea, Berlusconik. Izan ere, Italiako Errepublikako presidente Giorgio Napolitanok gaur gutun baten bidez hari adierazi dio ez duela dekretua izenpetuko. Presidentearen sinadura ezinbestekoa da zeinahi dekretu indarrean jarri ahal izateko. Ildo berean, Ministroen Kontseiluari eutanasia pasiboa onartzeko lege proiektuaren onarpena bizkortzea galdegin dio, gainera, Napolitanok.

Bestalde, Udineko Fiskaltza auziaz dokumentazioa biltzen hasi da gaur, hala nola Eluana Englaroren mediku historiala. Ezagutu izan zuten pertsonen deklarazioak hartzeko asmoa agertu du, ikerketaren baitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.