mundua

Enrico Lettak izango du Italiako Gobernua osatzeko ardura

Napolitano Italiako presidenteak PD Alderdi Demokratako ordezkari Enrico Lettari utzi dio Italia gobernatzeko koalizioa sortzeko ardura. Bihar hasiko da alderdiekin bilerak egiten.

2013ko apirilaren 24a
15:31
Entzun

Giorgio Napolitano Italiako presidente izendatu berriak Enrico Letta deitu du, PD Alderdi Demokratako ordezkaria, Italiako Gobernua osatzeko ardura har dezan, eta hark onartu egin du, baina "ez edozein preziotan". Aginduaren pisua jasan dezakeena baino handiagoa dela esan du, baina herriarenganako duen ardurak bultzatu du eginkizuna onartzera. Bihar hasiko da legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin hizketan. Bere alderdikide Bersanik bertan behera utzi zituen negoziazioak, ez zegoelako prest Berlisconiren alderdiarekin hitzartzeko, baina Lettak ez du "a priori" inor baztertu. Hain zuzen, prest leudeke Berlusconiren PDL eta Montiren koalizioa gobernuan sartzeko. Alderdi guztietako politikariekin harreman ona duela nabarmentzen dute Lettari buruz.

Otsailaren 24 eta 25eko hauteskundeetan atera ziren emaitza berdinduetatik ezinezkoa izan da orain arte gobernu bat osatzea, eta Napolitanok Lettarengan jarri du "azken aukera" aurrera eramateko konfiantza. 46 urteko politikari gaztearen alde egin du presidenteak, Giuliano Amatoren ordez (75 urte). Napolitanoren beste hautagaietako bat zen hori.

Lettak, gaztea izan arren, ibilbide politiko luzea du. Europarlamentaria izan da, hiru aldiz ministro eta Romano Prodiren gobernuan (2006-2008) presidentetzako idazkariorde. Pier Luigi Bersani PDko liderraren ondokoa eta idazkariode izan da, alderdiaren baitan krisia areagotu aurretik. Alderdiaren buru izateko aukera ere aitortzen diote.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.