Giza eskubideen alde lan egiten dute Claudia Somayoaren (1962, Guatemala) elkartean, baita ekintzaileen eskubideen alde ere. Guatemalan 1960 eta 1996 bitartean izan zen gerra zibilaren erantzuleen zigorgabetasunarekin amaitu nahi dute, eta bide horretan, aurrerapauso handia iruditu zaie lau militar horien aurkako epaia. Dena den, oraindik asko dago egiteko Samayoaren hitzetan, sarraskian parte hartu zuten hainbat militar boterean baitaude oraindik. Iraileko hauteskundeak militar ohi batek irabazteak ere kezkatzen du. Jaso dituzten mehatxuen aurrean, ordea, lan egiten jarraitzeko borondatea erakutsi dio BERRIA-ri.
Lehen aldia da militarrek sarraskiagatik zigorra jasotzen dutena. Nola baloratzen duzue epaia?
Guretzat balio sinboliko handia du. Ez da militarrak zigortzen dituzten lehen aldia —aurretik koronel bat zigortu zuten behartutako desagerpenengatik—, baina bai sarraskiagatik zigortzen dituzten lehen aldia. Gainera, aurrenekoz militarrek beraiek kontatu dute gertatutakoa. Hiru urte bitarteko haurrak hiltzeko agindua jaso zutela kontatu dute, burua suntsituz; emakumeak gizonezkoengandik bereizi eta nola hil zituzten ere azaldu dute, agureekin batera. Halako sarraskirik ez zen ordura arte gertatu, eta kontakizun hauek kontzientzian eragin izana espero dugu. Lehendik ere hainbat txostenetan jaso genuen gertatutakoa, baina orain epaiketa bat dago tartean. Honek bidea irekiko digu irailean genozidioaren aurka hasiko den prozesuan, eta urrian Polizia Nazioanalaren buruaren aurkako epaiketan. Gainera, epaituen kontakizuna kontrajarri egiten da orain arte militarrek eta eskuinak egin dituzten adierazpenei; horiek Guatemalako gatazka armatuan hildako guztiak gerrilariak zirela esan izan dute beti, eta borrokan hil zirela.
Epai hau orain arteko zigorgabetasunarekin amaitzeko lehen pausoa izan daiteke?
Zigorgabetasunaren aurkako tresna da, argi dago. Momentu honetan zigorgabetasunaren aurkako pausu handiak egiten ari da Guatemala. Trata auzian— gerra zibileko beste auzi bat—, esaterako, akusatuen ehuneko zazpia epaitu dute jada.
Epaiketa hasi zenetik, hamazazpi urte behar izan dira militarrei zigorra ezartzea lortzeko. Nolakoa izan da prozesua?
Biktimentzat oso konplikatua izan da. 1994an Argentinako antropologo batzuek lehendabiziko exhumatzeak egin zituzten, eta erakunde publikoak ikerketa prozesua irekitzea lortu zuten. Baina ordutik ikerketa bertan behera uzteko eragozpenak jarri dituzte behin eta berririo —36 aldiz guztira—. Horrek erabat trabatu zuen prozesua, eta biktimek Amerika arteko Auzitegira jo behar izan zuten 2007an. Hark justizia ukatzea egotzi zion Guatemalari, eta prozesuari irtenbidea emateko agindu zion. 2010ean, azkenean, berriro hasi zen ikerketa, eta bi militar ohi atxilotu zituzten. Horietako bat aktibo zegoen gainera.
Zein izan da Guatemalako Gobernuaren jarrera?
Urtetan militarrak eta haien zigorgabetasuna babestu ditu Gobernuak, ikerketa prozesuari etengabeko trabak jarriz. Gorte Interramerikarrak ikerketak abiatzeko agindu zion arte, oztopoak besterik ez ditu jarri. Orain fiskaltzaren autonomia bermatzea lortu dugu auzi batzuetan, eta horrekin zigorgabetasunarekin amaitzeko pausuak ematen ari gara.
Nola laburbilduko zenituzke Efrain Rios Montten diktadura eta gerra zibila? Zein ondorio ekarri dizkiote Guatemalari?
Guatemalan lehendik ere pobrezia handia zegoen, baina gerra zibilak areagotu egin zuen. Izan ere, herrialdearen garapena erabat gelditu zen. Baina, batez ere, beldurra ekarri zuten, eta genozidioa: sarraskiak, torturak, desagerpenak, emakumeen aurkako sexu indarkerkeria... Orain, gainera, berriro piztu dute beldur hori, femizidioarekin eta ezkutuko exekuzioekin. Hori da batez ere garai hark utzi diguna. Horrez gain, zigorgabetasuna ere utzi digu, armadak eta orduko oligarkiak justizia egiturak desegin baitzituzten errepresioa egiteko.
Erantzuleak epaitzeaz gain, zer gehiago egin beharko litzateke?
Gobernuak eman zien biktimei kalte ordaina eta goraipatu ere egin zituen, Amerika arteko Auzitegiaren aginduz. Orain lurrak itzultzea falta da, armadak droga trafikatzaileen esku utzi baitzituen. Orokorrean justizia da falta dena; oraindik hainbat kasu daude daude argitzeko, eta jende asko falta da atxilotzeko.
Zein paper jokatzen dute giza eskubideen aldeko erakundeek Guatemalan? Zein zailtasun dituzte ekintzaileek?
Erakundeak biktimen laguntzaileak dira; garrantzitsua da protagonistak gatazka armatuaren biktimak eurak izatea. Arazoa da gatazkak iraun zuen bitartean giza eskubideak urratu zituzten askok boterean jarraitzen dutela oraindik. Goi kargudun militar asko, esaterako, arma enpresa pribatuen jabeak dira. Enpresa horiek Guatemalako armadak eta poliziak baino bost aldiz arma gehiago dituzte; hori izugarrizko mehatxua da. Eta, noski, biktima eta erakundeen aurka mehatxu egin dute. Gure lana probokazioa dela, eta eurek armak berriro hartzeko eskubidea dutela diote, gure aurka. Halako mehatxuek zaildu egiten dute gure lana, baina inola ere ez gaituzte geldituko.
Badirudi Otto Perez Molina militar eskuindarrak irabaziko dituela iraileko hauteskundeak. Nola eragingo die horrek gerra zibileko epaiketei?
Hainbat ikerketak gerra zibileko krimenekin eta behartutako desagerpenekin lotzen dute. Berak dio sarraskian hildakoak armaturik zeudela, eta gerrilariak zirela. Publikoki ez du esan zer egingo duen epaiketekin, baina fiskal orokorra kentzeko eta epaiketa prozesuan eragiteko asmoa duela uste dugu. Dena den, espero dugu hori ez gertatzea, eta fiskaltzaren autonomia errespetazea.
Guatemala. Claudia Samayoa. Udefegua elkarteko koordinatzailea eta filosofoa
«Epai honek bidea irekiko digu iraileko genozidioaren aurkako prozesuan»
Lau militarren aurkako epaia zigorgabetasunarekin amaitzeko bidean aurrerapauso handia izan dela adierazi du Samayoak, baina oraindik asko geratzen da egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu