Katalunia

Epaiketa politiko baten biktima izan dela salatu du Francesc Homsek

Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenean deklaratu du Generalitateko Presidentziako kontseilari ohiak. Fiskalak leporatzen dio delitua egitea 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzeko gobernuaren baliabideak erabiltzeagatik.

Puigdemont, Mas eta Homs, gaur goizean. QUIQUE GARCIA, EFE
mikel rodriguez
2016ko martxoaren 7a
08:32
Entzun

"Prozesu hau soilik azaldu daiteke arrazoi politikoengatik", adierazi du Francesc Homs Kataluniako Gobernuko kontseilari ohiak Bartzelonan, epailearen aitzinean ordubete inguruz deklaratu ondoren. Homs gaur egun DiL Democracia i Llibertat taldeko bozeramailea da Espainiako Kongresuan, eta uste du horregatik salatu duela Fiskaltzak. "[DiL] Erabakigarria izan daiteke PPrik gabeko gobernu bat osatzeko". Homsek nabarmendu nahi izan du 2014ko kontsultaren auziko instrukzioa egiten ari den epaileak hasieran erabaki zuela soilik Artur Mas presidente ohia, eta Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiak inputatzea; horregatik, uste du lotuta dagoela iragan abenduaren 20ko hauteskunde orkorretan berak diputatu jarlekua lortu ondoren fiskalak eskatzea kontsultarengatik iker dezatela. "Gero eta zigor eskaera handiagoa egin, gero eta handiagoa izanen da gure garaipena", erran du Homsek.

Ehun lagun inguru elkartu dira Kataluniako Auzitegi Gorenaren egoitzaren kanpoan, Homsi babesa emateko. Horien artean zeuden Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordea eta Raul Romeva diplomazia arduraduna eta Junts Pel Siko zerrendaburua. Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteak eta Mas presidente ohiak CDC alderdiaren egoitzan egin diote harrera Homsi.

Homsek bere borondatez deklaratu du Bartzelonan; Madrilen diputatua denez, aforatua da, eta soilik Espainiako Auzitegi Gorenak behartu dezake epailearen aitzinean agertzera. Dena den, Homsek ez du ukatu Presidentziako kontseilari zenean kontsultaren antolaketan parte hartu zuenik —"nahikoa da Google-n sartzea", adierazi du—, baina defendatu du jardun guztia legezkoa izan zela. Gainera, erran du bere ardura zela Masi bermatzea prozesua legezkoa zela. "Ikusi, beraz, zer nolako parte hartzea izan nuen A-9an [Azaroaren 9an]".  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.