Diada

Erabakia hartua dutela berretsi dute milioi bat katalanek: "Bozkatu egingo dugu"

Ez dute inolako zalantzarik, urriaren 1ean botoa emango dute. Eta pozik daude. ANCren eta Omnium Culturalen deiari jarraituz, milioi bat lagun elkartu dira Bartzelonan. Baiezkoaren kanpainaren aurreneko ekitaldia izan da. Hala amaitu da ekitaldia: "Kaixo, Kataluniako Errepublika".

Oihana Elduaien Uranga.
2017ko irailaren 11
07:20
Entzun

Kostatuko zaie baietzaren aldeko kanpainan gaurkoan bezain beste jende elkartzea. Milioi bat lagun elkartu dira Diadan, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera. Espainiako Estatuarekin aurrez aurreko konfrontazioan dauden unean, festa giroko manifestazio alaia egin dute, eta bukaerako ekitaldian ere izan da umorerik. Indarra eman diete elkarri, urriaren 1eko galdeketara bitartean lan egiteko, elkar babesteko, eta bideari jarraitzeko.

Guztia isiltasun sarkor batekin hasi da. Elkartu den jendetza isilik egon da minutu batez, Kataluniako atentatuetan hildakoen omenez. Els Segadors abestu dute gero, orfeoiaren laguntzaz, eta horren ondoren hasi da Diadako manifestazioa. "Botoa emango dugu" izan da gehien entzun den esaldia; eta "independentzia", bigarrena.

Gurutze handi bat egitea zen aurtengo Diadaren asmoa. Aragoi Kalea eta Gracia pasealekua jendez bete dituzte, eta lau ertzetatik pankarta bana abiatu da gurutzearen erdigunera, han laurak elkarteko. "Bai" hitza zeramaten bik; hautetsontzi baten marrazkia eta "erreferenduma demokrazia da" esaldia beste batek; eta uso baten marrazkia eta "bakea" hitza laugarrenak. 17:14an abiatu dute bidea, 1.714a gogoan —urte hartan Epainiako Erresumak Kataluniako Printzerriari lege eta erakunde propioak kendu zizkion—. Laurek bidea amaitu dutenean, hautetsontziaren pankarta gelditu da irekita, eta senyera erraldoi bat batu zaio.

Handik, Kataluniako plazara joan dira fokuak, baita jendea ere. Ordubete inguruko ekitaldia egin dute, eta mezu argi bat eman dute: amaitu da erreferendumaren aldeko kanpaina, erreferenduma egin egingo da, eta beraz, orain, baiezkoaren aldeko kanpaina hasten da. Independentziaren aldekoak elkartu dira Bartzelonan, eta sinbolikoki, ongietorria eman diote Kataluniako errepublikari.

Hala esan du Jordi Sanchez ANCko presidenteak: "Diada amaiatu da, baina lana ez. Orain kanpaina egin behar da, ez erreferendumerako, baizik eta baiezkoaren kanpaina. Kanpaina alaia egin ezazue, eta ez erori probokazioetan. Aurrera, disfrutatu, lan egin, eta urriaren 1ean botoa eman!". Argi dute beraien legea Kataluniako Legebiltzarraren legea dela, eta hari zor diotela obedientzia. Gainera, Sanchezek eskerrak eman dizkie Kataluniako Gobernuko kideei eta erreferendumaren alde aritu diren diputatuei, egindako lanagatik.

Herritarrek erabakia hartuta dutela ohartarazi du Sanchezek, eta horren aurrean, alferrik direla legeak, epaileak eta Guardia Zibila.

Hausnartzeko deia

Carles Puigdemont Kataluniako gobernuburua ere gustura agertu da Kaluniako herritarrak modu baketsuan eta alaian mobilizatu direlako. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari eskatu dio, hausnartu dezala gaurko egunean ikusi duen guztiaren gainean. "Ez dakigu zer gehiago egin behar dugun herritarrek bozkatu egin nahi dutela erakusteko". Berak ere parte hartu du manifestazioan, eta hau izan da Gobernuburu batek parte hartzen zuen lehen aldia. Artur Mas lehendakari ohia ere joan da.

TV3n egin dioten elkarrizketan jakinarazi du Puigdemontek azken unera arte prest dagoela Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko. Erreferenduma nola egin adosteko prest legoke. Baina azpimarratu du halako negoziaketarik ez duela espero, ez baitu uste Espainiako Gobernuak "pentsamendu bakarraren ideologia" baztertuko duenik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.