Kataluniako Legebiltzarraren saioan 131 diputatu zeuden, eta hamarretik zortzik bozkatu dute alde. Onartutako testuak Kataluniako Gobernuari eskatzen dio has dadila Espainiakoarekin erabakitzeko eskubidearen inguruko kontsulta bat ahalbidetzeko negoziatzen.
PSCk aurkeztu du proposamena. Carme Chaconek, ordea, ez du bozkatu. Bozketaren aurretik Artur Mas presidenteak esan du agintaldi honetan egin nahi duen kontsulta legala izango dela, lehendabizi Espainiako Konstituzioaren arauak betez egiten saiatuko dela, eta ahalegin horretan huts egiten badu, Kataluniako legedia jarraituz egingo duela, kontsulten legeari helduz.
Pere Navarro PSCko presidenteak Masi eskatu dio benetako negoziazioa izateko Rajoyrekin, eta aurpegiratu dio Espainian ez duela subiranotasun prozesua behar bezainbeste azaltzen. "Badakit Espainian gai honek mesfidantza sortzen duela, eta inork ez daki nik baino hobeto, agerikoak diren arrazoiengatik".
Navarrok garbi utzi nahi izan du, ordea, PSC ez dela alderdi independentista eta kontsulta egingo balitz ezezkoaren alde bozkatuko lukeela. Marva Rovira ERCkoak sozialistei eskatu die "amaierara arte" lagundu diezaietela, eta Espainiako Gobernuak galdeketari uko egiten badio ere, tinko eustea euren jarrerari.
CUPeko hiru diputatuen abstentzioa argudiatu du Joaquim Arrufat parlamentariak, eta esan du ez dutela sinesten PSCk aurkeztu duen testuan, "ez esaten duena ezta proposatzen duena ere".
[YouTube]http://youtu.be/z0xBlPenucw[/YouTube]