HERRIALDE KATALANAK

Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Ituna adostuko dute Kataluniako 40 erakundek

PSCk uko egin dio bileran parte hartzeari, baina alderdi horretako Askatasun Publiko eta Eskubide Zibilen idazkari Fabian Mohedanok bat egin du deialdiarekin, bere izenean. Bilkuraren oinarriak jasoko dituen agiria idazteko eskatu diote Joan Rigol parlamentuko presidente ohiari.

Ion Orzaiz.
2013ko ekainaren 26a
16:48
Entzun

Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Ituna ontzeko bilera abiatu dute gaur eguerdian Kataluniako berrogei erakundek baino gehiagok. Generalitateko presidente Artur Masek eta Kataluniako Parlamentuko presidente Nuria Gispertek harrera egin diete itunean parte hartuko duten alderdi, elkarte eta gizarte eragileei. PSC, Ciutadans eta PP alderdiek hitzarmenetik kanpo gelditu nahi izan dute. PSCko Fabian Mohedano Askatasun Publikoko eta Eskubide Zibilen idazkariak, ordea, bilkuran parte hartzea erabaki du.
Mohedanok azaldu du MLP Mugimendu Laiko eta Aurrerakoiko ordezkari gisa eseriko dela negoziazio mahaian. Alderdi Sozialistako kontseilari ohi Ernest Maragallek ere hitzarmenarekin bat egin du. Alderdiko zuzendaritzaren esanetan, ordea, gaurko hitzordua «ez da neutrala» eta, ondorioz, ez du «beharrezko kontsentsua» lortuko.
Parlamentuko entzunaretoan egiten ari dira bilkura, ateak itxita. CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako bina ordezkari dira bertan, eta, horiez gainera, baita 30 bat erakundetako kideak ere; besteak beste, Independentziaren Aldeko Udalen Elkartea, ASAJA nekazaritza sindikatua, Katalan Hizkuntzaren Elkarteen Koordinakundea, Kataluniako Gazteriaren Kontseilu Nazionala, Kataluniako Kooperatiben Federazioa eta Kataluniako Eskola Kontseilua.

Ordezkariek erabaki dute, bestalde, erabakitzeko eskubidearen aldeko printzipioak bilduko dituen agiri bat ontzea. Parlamentuko presidente ohi Joan Rigolen esku utzi dute horren ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.