Herrialde katalanak

Erabakitzeko eskubideari buruzko bide orri bat aztertuko dute alderdiek Katalunian

Erabakitzeko eskubidearen aldeko itun nazionalari buruz adosteko bide orri bat aurkeztu du Masek. PSCk esan du zaila izango dela itun horretan PSCk parte hartzea, ez delako modu "neutralean" aurkezten, independentziarako tresna bezela baizik.

2013ko maiatzaren 6a
22:16
Entzun

Etorkizuneko Hitzarmen Nazionalaren hazia da Kataluniako erabakitzeko eskubidearen inguruan egin duten bilera, Generalitatean, CiU, ERC, PSC, ICV-EUIA eta CUPeko ordezkariek. PPC eta Ciutadans ez beste alderdi guztietako ordezkariak, lau diputazioetako presidenteak eta Bartzelonako alkateak bilera egin dute Generalitatean, erabakitzeko eskubidearen gainean. Parte hartu dutenek bide orri bat aztertzeko konpromisoa hartu dute. Dokumentu hori Masek jarri du mahai gainean, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko itun nazionalaren helburuak eta osaketa jasotzen ditu.

Pere Navarro PSCko idazkari nagusia gogor mintzatu da ia bi ordu iraun duen bileraren ostean. Esan du zaila izango dela PSC itun horretan egotea, "erabakitzeko eskubidea ez delako printzipio demokratiko gisa aurkeztu, independentziarako tresna gisa baizik". Uste du ez direla baldintzak ematen PSC itun horretan egoteko erabakitzeko eskubidea eta independentzia ez dituztelako bereizten.

Etorkizuneko Hitzarmen Nazionalaren hazia da bilera hau, eta "ahalik eta kontsentsurik zabalena" lortzea da helburua, bilera hasterako Artur Mas presidenteak esan duenez.

Bileran PSCk parte hartzeak bazterrak harrotu ditu, bai sozialisten artean, eta baita alderdi espainolistetan ere. Carme Chacon sozialisten diputatuak eskutitz bat idatzi du Navarroren presentzia "ulertezina" dela esanez, eta Chaconen jarrera lekuz kanpo dagoela iruditu zaie PSCko ordezkari gehienei. PPCk, berriz, gogor kritikatu du Pere Navarroren jarrera, nazionalisten gogoa hauspotu duela uste duelako.

Baina ez dago atzera egiterik "pauso bat ere ez", Masek esan duenez, katalanek beren etorkizuna erabakitzeko bidean. Presidenteak sozialisten presentziak duen garrantzia nabarmendu du, 135 diputatuetatik 104 bertan egoteak garrantzi berezia ematen diolako bilerari. "Gehiengo izugarria" da Masentzat, eta orain saiatu behar dute "gehiengo hori pitza, ahul ez dadin". ERCk eta CiUk PSCri eskatu diote damu ez dadin urrats hori egiteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.