Rigak etorbide zabalak dauzka, baina kaletarren bizimodua handitasun horretan galtzen da. Gehienak beldur dira Europako Batasunean sartzean beren bizimodua eutsiezina izango den, prezioen igoera handiarengatik. Soldatak baxuak dira oraindik: «Batez beste, 180tik 250 latsera bitartekoak izaten dira soldatak» (270-375 euro), esan du Santa gazteak (20 urte). Hirigunetik kanpoko merkataritza gune batean dago, duela lau urtetik ikusi ez duen Elina laguna bisitatzen. Santak jai du gaur, baina bi lan egiten ditu normalean: astegunetan, liburuzain laguntzailea da, eta, asteburuetan, karta banatzailea kasino batean. Ez ditu kartak gogoko, baina dirua lortzeko bi lan egitea ezinbestekoa dela dio.Elinak ere bi lan ditu: dantza irakaslea da orduka eta jai egunetan merkataritza gunean ordulari saltzailea da. Letoniera da bere ama hizkuntza, baina ongi moldatzen da errusierarekin eta ingelesarekin ere. Euskaraz nola izena duen esaten ere berehala ikasi du; «ni Elina naiz», errepikatzen du tarteka, ez ahazteko. Estilista ikasketak egiten ari da, eta gastuak ordaintzeko behar du dirua, hilean 82,5 euro kostatzen baitzaizkio. Evijak (19) neurri handiko jantzien denda batean egiten du lan, eta amaitzean lagunekin hitz egitera etorri da. Pedagogia ikasten aritu zen urte batez, baina iaz utzi zuen, gustukoegi ez zuelako. Pedagogia fakultatea merkeenetakoa dela dio, 600 euro balio duela urtean. Batez bestekoa 900-1.200 eurotan omen dago. Alde zaharraren aurreko Elkor Fashion erropa dendan lanean dabilen Verak (22) 10 orduz egiten du lan, sei egun astean. 55 euro balio du ondoan duen mutilentzako alkandorak eta 60 galtza batek. Arroparen prezioa apenas igo den dio, baina salneurri horiek ez dira letoniarren poltsikorako eginak. Igoera handiena izan duten gaiak elikagaiak eta garraioa izan dira.
Etorkinez kexu
Sarrera gisa Askatasunaren Oroitarria duen alde zahar ondoko Rigako Merkatu Nagusian egiten du lan, aldiz, Irina Zimkevicak, fruitu saltoki batean. Gatzak urte hasieran 0,1 euro balio zuen; orain 0,3. Arraultzek 0,87; orain 1,13 euro. Azukreak 0,71; orain 0,87. «Dena oso garesti dago eta gainera etorkin asko etorriko dira hona bizitzera, gehienak turkiar edo siriarrak», erantzuten du Europako Batasunean sartzeari buruz galdetuta. Bere saltokian 2,7 euro balio du mahats kiloak, udareek 1,5 eta tomateek 1,2. Jende asko dabil merkatuan eta gehienak, ohi legez, bertakoak dira.
Rigako merkatu nagusia autobus eta tren geltoki nagusien ondoan dago. Lehen Mundu Gerrako bost Zeppelin hangarretandago kokatua eta Europako handienetakoa da. Denetarik aurki daiteke han. Langile gehienak zaharrak dira eta gazteen artean ere zaila da ingeles hiztunak aurkitzea. Viga Ulmanek (18) loreak saltzen ditu. Merkeenak 0,45ean ditu, aleko. Egunean 10 ordu edo gehiago egiten ditu lan eta 9 euro inguru irabazten ditu. Duela sei hilabete etorri zen Rigara bizitzera, familia Skaiozkalne herrian utzita. Bakarrik bizi da apartamentu batean. 75 euro ordaintzen du alokairua hilean eta beste 90 ditu bere gastuetarako. Ez da kexu. Ludmila Fyodorovak kezka adierazi du, EBn sartzeak gaizkiletza handituko duelakoan. «Guretzat orain ez da arazo larria, ezagutzen ditugulako, baina turistentzat bai», dio. Rigan egoitza duen The Baltic Times astekariaren arabera, polizia barruko burokrazia eta gazteen alkohol zaletasuna dira arazo nagusietakoak. Atzerri Ministerioaren webguneetan kontuz ibiltzeko ohartarazten diete turistei. Arrazoi beragatik, merkatu nagusira ez joateko esan dio turismo bulegoko langile batek kazetariari. Hotz da kalean. Eraikinaren barruan, Zoja Suslovak (58) salatzen du bere soldatak ez diola saltzen duen arraina ere erostea ahalbidetzen. Kamtchatkako izokin kaviarra du 6 eurotan lata, izokina 7,5 eurotan kiloa, eta beste hainbat arrain. Berak 135 euro irabazten ditu hilean eta senarra (55) langabezian dago, langabezia saririk gabe, nahiz eta biek unibertsitate ikasketak izan. 60tik gora urterekin hasten dira erretiroa jasotzen, 99 euro hilean. Banku batean lanean dabilen alabak laguntzen die gurasoei; 450 euro irabazten ditu hilean. «Oso lan ona du».
«EBren menpe»
Tallinen baino bizi maila baxuagoko jendea ikusten da Rigan, baita zenbait eskale eta zaborrontzian probetxuzko zerbaiten bila dabiltzanak ere.
Peteris Spelek (20) ere ez du ontzat jotzen EBn sartzea: «EBren menpe egongo gara, hori da gustatzen ez zaidana. Esaten dute inbertsio gehiago izango ditugula, lanpostu gehiago, baina ez dut uste. Ez gaude prest». Azken bi hilabeteetan prezioek %30 egin dutela gora salatu du: esnea, argindarra, garraioa... «Eta gehiago igoko dira».Batasunean sartzeko erreforma gogorrak ezarri ditu Gobernuak eta ondorioak nabariak dira. Zentro-eskuineko gobernuaren buru bihurtu den Indulis Emsis lehen ministroak soldata, pentsio eta lan baldintzak hobetuko dituela agindu du. Batzuek espero dute 2008an parekatzea EBko ekialde eta mendebaldeko estatuetako soldatak, eurogunean guztiz sartzean. Guztiek hedapenaren aurkako jarrera erakutsi arren, iazko erreferendumean herritarren %67k alde egin zuten. «Orain urtebete inguru jendea baikorragoa zen, ez zekielako EBko mendebaldera lanera joaterik izango ez zutela», argudiatu du turismo bulegoko enplegatuak. Askatasunaren Oroitarria atzean utzi eta autobusa urruntzen denean eraikin dotoreekin zerikusi gutxi duten etxe apalak ikusten hasten dira errepidebazterrean.
-
RIGA
Daugavpilseko jainkosaren agurra
Riga hiriburua 1201ean sortua da eta gaur egun 747.000 biztanle ditu (Tallinek halako bi). Alde zaharra kanalez zatituta dago gainerako hirigunetik. Askatasunen Oroitarria dago sarreran, 1935ean eraikia eta independentziaren sinboloa. Kondairaren arabera, oraindik Daugavpilsen bizi den emakume bat da oroitarrian agertzen den jainkosa. Oroitarri hori bezala, Barne Ministerioaren ingurua ere burujabetzaren sinbolo bilakatu da. Izan ere, aurrean dagoen parkean 1991ko urtarrilaren 20an sobietarren esku hildako letoniarren omenezko harriak daude. Sobietarrek burujabetzaren aldeko mugimendua zapaltzeko, eraikinari eraso eta sei lagun hil zituzten.
-
Kronologia
1918ko azaroa: Letoniako Kontseilu Nazionalak herrialdea subirano aldarrikatu zuen.
1918-1920: Gerra zibila izan zen. Errusiarekin akordio bat izenpetuz amaitu zen.
1922: Lehen konstituzioa onartu zen.
1940: Tropa sobietarrek inbaditu zuten, Molotov-Ribbentrop Akordioaren ostean (1939ko abuztua). Baltikoko beste bi errepublikekin batera, Sobiet Batasunean sartu zen Letonia.
1941: Naziek inbaditu zuten. 77.000 judu letoniar hil zituzten naziek eta Letoniako Poliziak.
1944: Armada Gorria itzuli zen. Herritar asko deportatu eta errepresioa ezarri zuten sobie-tartzearen aurkakoen kontra.
1986: Sobiet Batasunaren aurkako lehen protestak hasi ziren.
1988: Letoniako Herritarren Frontea sortu zen independentzia bultzatzeko.
1990: Letoniako Kontseilu Gorenak (Legebiltzarra) 'de jure' independentzia aldarrikatu zuen. Herritarren Fronteko buru Ivars Godmanis izendatu zuten lehen ministro.
1991ko urtarrila: Sobietarren Omon polizia bereziak independentziaren aldeko protestak gogor zapaldu zituen eta sei lagun hil ziren Barne Ministerioaren inguruan. Martxoan egindako erreferendum batean, gehiengo zabalak independentziaren alde bozkatu zuen.
1991ko abuztua: Omon polizia indarrak beste sei lagun hil zituen Rigan. Kontseilu Gorenak independentzia osoa aldarrikatu zuen.
1991ko iraila: NBEn onartu zuten Letonia.
1991ko azaroa: 1940an Letoniako herritartasuna zutenei eta beren oinordekoei herritartasuna onartzeko legea jarri zen martxan.
1993: 1922ko konstituzioa berriz jarri zen indarrean. Urte horretan bertan Legebiltzarrerako lehen hauteskunde askeak egin ziren.
1994ko abuztua: Azken tropa sobietarrak erretiratu ziren.
1999: Vaira Vike-Freiberga izan zen ekialdeko Europan presidente izendatu zuten lehen emakumea.
2001: Riga hiriburuak 800 urte bete zituen.
2002ko maiatza: NATOn onartua izateko asmoz, Legebiltzarrak bertan behera utzi zuen diputatu izateko baldintza bat, zeinaren arabera hautetsi izateko letoniera hiztuna izan behar zen.
2002ko azaroa: NATOk kide izateko eskaintza egin zion Letoniari.
2002ko abendua: EBk bat-egiteko eskaintza formala egin zion.
2003ko iraila:EBn sartzearen alde bozkatu zuten herritarrek.
2004ko otsaila: Legebiltzarrak erabaki zuen errusierazko eskoletan ikasgaien %60 letonieraz eman behar zirela. Protesta handiak izan ziren.
2004ko apirila: NATOn sartu zen.