Juanma Sarasola:Europako Batasunaren sistema politikoa azken 50 urteotan garatzen joan da. Hainbat itunetan oinarritua dago, 50eko hamarkadan Parisen eta Erroman izenpetutakoetatik hasita, 90eko hamarkadan sinatu ziren Maastricht, Amsterdam eta Nizakoetara. Itun horiei jarraiki, EBko estatu kideek beren subiranotasun nazionalaren zati bat Batasuneko erakundeen esku utzi dute. Erakundeok, baina, EBren interesez gain, soilik estatuen interesak ordezkatzen dituzte; ez herri edo nazioenak.
Itun horiek «oinarrizko legedia» osatzen dute. Horietatik bigarren mailako legedia ondu dute instituzioek, arau, lege eta proposamenetan banatuta. Hauek guztiak, EBren politika orokorrarekin batera, hiru erakunde nagusion erabakien ondorio dira: Europako Kontseilua, Europako Legebiltzarra eta Europako Batzordea.
- Europako Kontseilua: EBko Estatuakordezkatzen ditu, batzuetan haietako estatuburu edota gobernuburuen bidez; bestetzuetan, aldiz, ministroen bidez, gaien arabera. Europako Batasunaren ildo nagusiak finkatzen ditu. Horrez gain, bultzada politikoa ematen dio Batasunari. Europako legeen onarpena erabakitzen du, bi modutan: batzuetan, bere kabuz, atzerri politika, segurtasun komuna, justizia eta barne aferetan. Beste gai batzuen gainean, aldiz, Europako Legebiltzarrarekin batera hartzen ditu erabakiak.@:Erabakiak hartzeko erakunde nagusia da Batasunean. Estatu kide bakoitza txandaka egoten da EBren presidentetzan, sei hilabeteko epean. Kontseiluaren lana planifikatu eta koordinatzeaz Afera Orokor eta Atzerri Harremanetarako Kontseilua arduratzen da. Batzordeak negoziatutako nazioarteko akordioak sinatzeko boterea du Kontseiluak. Akordioen arabera, erabakiak aho batez, gehiengoz edo gehiengo kualifikatuz hartu behar izaten ditu Kontseiluak. Alabaina, erabaki garrantzitsuetan, hala nola, itunak moldatzea, politika komun berria abiatzea edota beste estatu bati Batasunari lotzea ahalbidetzea, aho batez erabaki behar du.
- Europako Legebiltzarra: Herritarrek aukeratutako diputatuek eurodiputatu deituak osatzen dute Legebiltzarra. 1979az geroztik zuzenki hautatzen dira diputatuak, bost urtean behin. Joan den maiatzaren 1ean 10 estatu EBri lotu baino lehen 626 diputatuk osatzen zuten Legebiltzarra; Batasunaren hedapenarekin estatu kide berri horien 160 diputatu erantsi zitzaizkion, eta joan den igandeko bozen ondoren 732 izatera pasatu dira. Haatik, 2007tik 2009ra bitarte 786 izango dira.
Legebiltzarrak Europako Batzordeak proposatutako gaien gainean iritzia ematen du. Gaien arabera, Europako Kontseiluarekin erabaki dezakete diputatuek.Osoko bilkurak normalean Estrasburgon (Frantzia) egiten ditu Legebiltzarrak, baina zenbaitetan Bruselan. 17 batzorde ditu osoko bilkuretarako prestakuntza egiteko. Gainera, talde politikoen arabera banatuta dago; hauek, eskuarki Bruselan biltzen dira beren lana koordinatzeko. Legebiltzarraren idazkaritza nagusiak Luxenburgon du egoitza.Legebiltzarrak eta Europako Kontseiluak botere legegilea eta EBren aurrekontuak onartzeko ardura partekatzen dituzte. @:
- Europako Batzordea: Teorian politikoki independentea da erakunde hau; ez du aurrekoekin lotura edota menpekotasunik. Europako legeak ondo betetzen direla behatzen du. Programak kudeatu eta abiarazten ditu@:Batzordeak lege proposamenak eta ekinbide komunak aurkezten ditu, atzerri politikan, segurtasun komunean, justizian eta barne aferetan izan ezik. Maiatzaren 1ean, lehenago zituen 20 kideei beste 10 lotu zitzaizkion Batzordeari. Heldu den azaroaren 1etik aurrera, ordea, 25 kide izango ditu, estatu bakoitzetik bana. Kideak bost urterako hautatzen dira.
- Beste erakundeak: Aurreko guztiez gain, badira erakunde gehiago EBn. Hala, Justizia Auzitegiak legea zuzen betetzen dela ziurtatzea du helburu. Kontuen Auzitegia, berriz, EBren aurrekontuak behar bezala eta legearen barruan betetzen direla bermatzeaz arduratzen da.@:Gainera, beste bost instituzio garrantzitsu daude: Batzorde Ekonomiko eta Soziala, Eskualdeen Batzordea, Europako Banku Zentrala, Europako Inbertsio Bankua eta Europako Herriaren Defendatzailea.
EUROPAKO BATASUNA
Erakunde eta batzorde ugari, Europa abiarazteko
Bulego zein legebiltzarreko lan eta burokrazia handia dago Europako Batasuna osatzen duten instituzioen funtzionamenduaren atzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu