Eraso egingo diola ohartarazi dio Ipar Koreak Hego Koreari

Piongiangek gerra deklaraziotzat jo du Seulek suntsipen handiko armak ez ugaritzeko itunarekin bat egitea

2009ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Astelehenean ekindako mehatxu kateari beste bat gehitu dio Ipar Koreak; oraingoan, auzokideari zuzendu dio abisua. 1953ko armistizioa bukatutzat eman, eta Hego Korea erasotzeko prest agertu da. Hala erantzun dio Piongiangek mugaz beste aldeko gobernuak herenegun hartutako erabakiari.

Suntsipen handiko armak ez ugaritzeko itunarekin bat egitea ebatzi zuen Seulek herenegun. «Atxikitzea da Hego Korearen betebehar naturala», adierazi zien Atzerri ministro Yu Myung-hwanek kazetariei. «Ipar Koreak material arriskutsua ekoitz ez dezan kontrolatzen lagunduko du».PSI Ugaritzearen Segurtasunerako Ekimena izena du zehazki hitzarmenak, eta AEB Ameriketako Estatu Batuen ekimena da. Suntsipen handiko armen trafikoa galaraztea du helburu. Hori hala, halakoak osatzeko materiala daramatela susmatuz gero, itsasontziak geldiarazteko babesa ematen die ituna sinatu duten herrialdeei.

Iragarritako kontua

Ipar Koreak aspaldi ohartarazi zion Seuli gerra deklarazio gisa interpretatuko zuela itunarekin bat egitea. Eta atzo gogora ekarri zizkion aurretik esandakoak. «Gure barkuen kontrako edozein ekintza,miaketa eta bahimendua barne, subiranotasunaren urraketatzat joko dugu», esan zuen armadako eledun batek, KCNA berri agentziak jakinarazi duenez. «Berehala eta indarrez erantzungo dugu». Piongiangek abisua gauzatuko balu, bi herrialdeen arteko bost hamarkadako bake tenkatuak gatazka armatuari emango lioke bidea.

Izan ere, Hego Koreak ere erantzun dio jada Piongiangen mehatxuari. Lee Myung-bak presidenteak lasaitzeko mezua zuzendu die korearrei, Seulgo itsas armadaren ahalmena Piongiangoa baino handiagoa dela nabarmenduz, eta Ipar Koreako gerraontzien erasoak erraz zaputz ditzaketela ziurtatuz.

Bide beretik,borrokarako prest agertu da Seulgo Defentsa Ministerioa ere. «Ekialdeko itsasoan nagusitasuna erakustea da gure lehentasuna». Hego Koreako Yonhap berri agentziak jakinarazi duenez, Defentsak soldadu gehiago bidali ditu mendebaldeko kostaldera. Bi herrialdeek osatzen duten penintsula munduko eremu militarizatuenetakoa da. Ipar Koreak milioi bat soldadu ditu. Hego Koreak, berriz, 655.000 inguru. Horietaz gain, AEBetako 28.500 militar ere badaude hegoaldeko nazioan.

Astelehenean saio nuklear bat egin zuen Ipar Koreak, 2006koa baino indartsuagoa, eta irismen motzeko hiru misil ere jaurti zituen. Nazioartearen presioari entzungor eginez, herenegun beste bi bota zituen. Eta «segurtasuna bermatzeko», etorkizunean halako gehiago egon zitezkeela ohartarazi zuen. Atzo gauzatu zuen abisua, seigarrena botaz.

Artean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua bi egunez jarraian bildu da, Ipar Korearen jokaerari nola erantzunerabakitzeko. Adituen arabera, zigortu egin nahi dute Piongiang. Baina baita era berean nuklearren inguruko negozioetara erakarri ere.



Duela 46 urte armak uztea erabaki zuten Ipar eta Hego Koreak; baina bake akordioa ez zen inoiz iritsi, eta ordutik «teknikoki» gerran egon dira bi nazioak

38: Gerra Hotzaren paraleloa

L.V.

Behin-behineko armistizioa sinatuta, 1953ko uztailaren 27an, gerra frontea bi herrialdeen arteko muga bilakatu zen. Handik aurrera, «behin-betiko bake akordioa izenpetu artean», 38. paraleloak banatuko zituen Hego eta Ipar Korea. Hori, baina, orain arteko istorioaren amaiera da. Kontakizuna hiru urte lehenago hasten baita, muga gerra fronte bihurtu zenean.

Koreako penintsula betidanik izan zen desiragarria Txina, Japonia eta Sobiet Batasunarentzat. Baina bigarrena izan zen 1910ean penintsula menderatu, eta 1939ra arte kontrolpean eduki zuena. Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Japoniak amore eman baino zazpi egun lehenago, Sobiet Batasunak mendekua hartu zuen. Korean barneratu zen haren armada, lurraldea bereganatzekotan. Mundua bi bloketan zegoen zatituta, eta Josiv Stalinek Asian influentzia zabaltzeko aukera ezin hobea ikusi zuen.

Hori ikusita, AEB Ameriketako Estatu Batuek uko egin zioten pastel zatirik gabe geratzeari, eta sobietarrekin negoziatu zuen penintsularen banaketa. Erdibitu egin zuten Korea: iparraldea komunistentzat, hegoaldea kapitalistentzat. Eta 38. paraleloa izango zen bien arteko muga naturala. Egitura administratibo berri horretatik abiatuta, Sobiet Batasunak sistema komunista ezarri zuen Ipar Korean. Kim Il-sung izango zuen gobernuburu. AEBek, berriz, bozak deitu zituzten hegoaldean, eta Syngman Rhee aukeratu zuten presidente. Tropa sobietarrek eta estatubatuarrek 1949an utzi zuten lurraldea.

Txinan, artean, Asiako oreka geoestrategikoa aldatuko zuena gertatzekotan zen: iraultza komunistaren garaipena. Horretan inspiratuta, Stalinek ezin izan zion tentazioari eutsi, eta 1950eko ekainaren 25ean Kim Il Sung-i oniritzia eman zion tropekin mugaz beste aldera igarotzeko. Hala egin zen muga gerra fronte; gerra kontakizunaren hasiera.

AEBen erantzuna

Inbasioa ikusita, berehala erreakzionatu zuen Washingtonek. NBE Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua presazko bilerara deitu zuen Harry S. Truman presidenteak. Eta Ipar Korearen erasoaldiari kontra egingo zien tropak bidaltzeko baimena eskuratu zuen; AEBek gidatuko zituzten haiek, baina beste hamabost herrialdeetako soldaduek osatuko zuten. Aukera ezin hobea zen gobernuburu estatubatuarrarentzat etxean izen ona berreskuratzeko, eta, bide batez, Truman Doktrina aplikatzeko -komunismoaren kontrakoa-.

NBEren tropek, Douglas McArthur jenerala buru, 38. paraleloaz bestaldera joanarazi zieten Kim Il-Sungen soldaduei. Txina jokoan sartu zenean, 1951eko urtarrilaren 4an, Seul hiriburua berreskuratu zuten komunistek. Eta McArthurrek bonba atomikoarekin egin zien mehatxu. AEBetako iritzi publikoa horren kontra agertu zenez, Trumanek McArthur kargutik kendu zuen. Eta Sobiet Batasunak gatazkan esku ez hartzeko asmoa iragarri zuen. Berdinketa teknikoa zen, beraz. Stalin hil eta gutxira sinatu zuten armistizioa. Ipar eta Hego Korearen arteko gatazka armatuaren amaiera zen, ustez. Istorioaren kapitulu berri bat hastekotan izan daiteke, ordea.





Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.