MUNDUA

Eraso kimikoa ustez oposizioak egin zuela erakusten duten frogak aurkeztu ditu Siriak NBEn

Errusiak dio NBEren ikerketa taldearen lanaren emaitza ezagutu arte goizegi dela Siriari erasotzeko. Horiek diote lau egun beharko dituztela ikerketa amaitzeko. Hala ere, eraso kimikoak gaitzesteko ebazpen bat aurkeztuko du gaur NBEn Erresuma Batuak. Iragan astean Damasko kanpoaldean izaniko eraso kimikoari eman beharreko "balizko erantzunak" aztergai izan dituzte AEBetako presidenteak eta Erresuma Batuko lehen ministroak. NATOk esan du eraso kimikoa ezin dela erantzunik gabe gelditu.

jon olano
2013ko abuztuaren 28a
17:51
Entzun

Aurreko asteko eraso kimikoa gaitzesteko ebazpena bozkatuko dute gaur NBEn. Herrialde gehienek, AEBak, Erresuma Batua eta Frantzia tartean, Siriako Gobernua egin dute horren erantzule. Siriak, ordea, esan du gaur erasoaren atzean oposizioa dagoela erakusten duten frogak aurkeztu dituela. "Froga eta agiri guztiak utzi ditugu NBEren esku", esan du Faisal Miqdad Kanpo Gaietako ministrordeak. Errusiak azpimarratu du NBEren ikerketa taldea Sirian ari dela lanean gertatutakoa argitzeko, eta horien ondorioak ezagutu arte ezin dela erasotu.

Baina Etxe Zuriko iturriek jakinarazi dutenez, Siriako esku hartzearen inguruan mintzatu dira telefonoz David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa eta Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Biek ziurtzat dute Siriako Gobernua dela iragan astean Damasko kanpoaldean izandako eraso kimikoaren erantzulea, eta eraso horri nazioarteko komunitateak "erantzun zorrotza" eman behar diola uste dute. Joe Biden AEBetako presidenteordearen arabera, "ez dago zalantzarik" Siriako Gobernua dela iragan asteko erasoaren erantzulea.

"Biak daude oso kezkatuta abuztuaren 21eko erasoaren harira, gero eta zantzu gehiago baitaude Siriako erregimenak bere herritarren kontra arma kimikoak erabili zituela", azaldu dute Downing Streeteko iturriek. Ordu batzuk geroago, Cameronek iragarri du arma kimikoen erabilera gaitzesteko ebazpen bat aurkeztuko duela gaur bertan Erresuma Batuak NBEko segurtasun batzordean.

Azken egunetan hainbat herrialdetako agintariekin harremanetan izan dira Cameron eta Obama, Sirian balizko esku hartze militar bat koordinatzeko. Etxe Zuriko iturrien arabera, Obamak 88 agintarirekin hitz egin du astebetean gai horren inguruan. David Cameronek biharko deitu zuen bilkura Erresuma Batuko Parlamentuan, eta gaia jorratuko dute bertan. Halaber, AEBetako armadak dena prest du Obamak agindua ematen duenean erasoari ekiteko, Chuck Hagel Defentsa idazkariak BBC telebista katean eginiko elkarrizketa batean esan duenez.

NATOren bilera, gaur

Bruselan elkartu dira gaur NATO osatzen duten herrialdeetako ordezkariak aliantza militarreko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenekin, Siriaren aurkako eraso baten inguruan "informazioak, ebaluazioak eta jarrerak trukatzeko". Erasoa "onartezina" dela esan dute, eta gaineratu ezin dela erantzunik gabe utzi.

"Arma kimikoen erabilera nazioarteko bakearen eta segurtasunaren aurkako mehatxutzat jotzen dugu", esan du Rasmussenek.

Erasoa edozein unetan has daitekeen adierazle, Errusiak 90 herritar inguru aterarazi ditu Siriatik, Latakiako aireportutik. Hala jakinarazi du Errusiako Larrialdi Ministerioko bozeramaile Irina Rossiusek. Arabiar Ligak ontzat jo du Al- Assaden gobernuari egoztea eraso kimikoaren ardura, baina ezetsi egin du esku hartze militarraren aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.