Eraso militarra benetako aukera dela ohartarazi dio Israelek Irani

Benjamin Netanyahu lehen ministroa Kanadatik AEBetara joango da, astelehenean Obamarekin biltzeko

Erredakzioa
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Irandarrek jakin behar dute benetan ari garela, euren politika aldatzen ez badute [eraso militarra] benetako aukera dela», adierazi du Dan Meridor Israelgo lehen ministrorde eta Zerbitzu Sekretuetako ministroak Le Monde egunkarian argitaratutako elkarrizketan. Hala ere, ez du aukera militarraren gaineko zehaztapen gehiago eman, eta «ez existitzen ez delako, alderantziz». Horretaz jendaurrean hitz egitea «kaltegarria» litzatekeela uste du Meridorrek.

Hain zuzen ere, Tel Aviveko armadak «laster» misilen kontrako defentsa sistema probatuko duela iragarri du Itzhak Kayak, Israelgo Industria Aeroespaziala arma konpainiako zuzendariak. Arrow 2 sistema erabili du orain arte Israelek misilen defentsarako, baina sistema horrek soilik herrialdeko aire eremuan detektatzen ditu misilak, eta atmosfera azpitik doazenak. Arrow 3 sistema berriak, aldiz, egungo sistema hobetuko du, erasotzaileen misilak eremu zabalagoan detektatuta. AEBek finantzatuta landu du Tel Avivek sistema berria.

AEBetara bidean doa, hain justu, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Kanadara iritsi zen atzo Stephen Harper Ottawako gobernuburuarekin bilera egiteko. Gaur Washingtonera joango da AIPAC lobby juduaren biltzarrean parte hartzeko, eta astelehenean Barack Obama AEBetako presidentearekin izango du bilera. Irango programa nuklearra izango dute mintzagai. Eraso militarraren aukera babesten duela publikoki esateko eskatuko dio Netanyahuk Obamari. Baina Obamak dagoeneko erantzun dio ezetz, ohartaraziz egoitza nuklearrei eraso militarra eginez gero Iran «biktima» bihurtuko litzatekeela iritzi publikoarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.