Bulgariako Barne Ministerioak esan duenez, eraso suizida bat dago atzoko atentatuaren atzean. Bart arratsaldean Israelgo turistak zihoazen autobus batean leherketa bat izan zen, Burgas hirian, eta gutxienez zortzi lagun zendu ziren. Eraso berean beste 32 lagun zauritu ziren, horietatik hiru oso larri daude. Burgasko osasun iturriek diotenez.
Turistak Israeldik Bulgariara iritsi berriak ziren, eta aireportuko autobus batean zeuden erasoa jasan dutenean. 47 lagun inguru zeuden denera. Hildakoak zazpi turista eta autobus gidaria dira.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Libanoko Hezbollah milizia xiita egin du atentatuaren erantzule, Iranen "beso luze" deitu duena. Izan ere, erasoa Iranen "mundu mailako kanpaina terrorista" baten emaitza dela salatu du. "Irango terrorismoaren" aurrean Israelek "erabakitasunez" erantzungo duela gaineratu du, azkenik.