ERASOA SAUDI ARABIAN. Petrolio enpresen aurkako eraso batean 10 hil izan dira gutxienez

Herrialdearen iparraldean dagoen Al-Khobar herrian beste 50 lagun bahitu dituzte erasotzaileek

ERREDAKZIOA
2004ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Hamar bat lagun gutxienez hil ziren Saudi Arabiako ekialdean atzo, Golko Pertsiarraren bazterrean kokatua den Al-Khobargo petrolio ekoizguneko bizilekuen aurka ekintzaile islamista talde batek atzo aldarrikatutako eraso andanaren ondorioz. Egoera nahiko nahasia zen iluntzean, Saudi Arabiako segurtasun indarrek ingurutata zeuzkaten erasotzaileek 50 lagun bahituta zituztelarik. Ustez Al Kaedari lotutako talde ekintzaile islamista batek bere gain hartu zuen erasoa, «musulmanen ondasunak osten» dituzten atzerriko petrolio konpainiei eta hauentzat lan egiten duten «gurutzatuei» oldartu nahi izan zuela azalduta.

Hamaika hildakoren balantzea, hauen artean lau gutxienez mendebaldeko herritarrak zirela, ez zuten baieztatua atzo iluntzean Riadeko agintariek, soilik zera zehaztuta: «Honenbeste herritar (saudiar) eta atzerritar hil edo zauritu dira, lau gizonezkok osatutako komando batek eraso ondoren Al-Khobargo enpresa baten egoitzari eta hurbilean kokatutako biziguneari».Zehazki, lehen erasoa goizeko 07:30 inguruan (06:30 Euskal Herrian) gertatu zen, Saudi Arabiako Armadako uniformeekin jantziak ziren ekintzaileek Arab Petroleum Investment Corp (Apicorp) petrolio ekoizketarako konpainiaren bulegoei oldartu zirelarik. Egoitza hau zaintzen zuten Saudi Arabiako segurtasun indarrekin tiroketa bat piztu zen eta zenbait lekukoren arabera, bi eraso egilek eta egoitza horren inguruan aurkitzen zen 10 urteko egiptoar gazte batek bizia galdu zuten. Rami Samir al-Ghunaimi egiptoar gazte honen aitak lan egiten du Apicorp enpresarentzat.Eraso egileak oldartu ziren gero autobus bati, honetan zeudelarik Al-Khobargo petrolio konpainietan diharduten mendebaldeko herrialdetako hainbat langile. Lekukoek emandako argibideen arabera, gutxienez lau lagun hil ziren bigarren eraso honetan eta andana zauritu zen. Ameriketako Estatu Batuetako Ridadeko enbaxadak baieztatu zuen hildakoetatik bat estatubatuarra zela. Lekukotasun batzuek aipatu zuten hildako beste bat britainiarra zela, baina Erresuma Batuko enbaxadak ez zuen horrelakorik egiaztatu atzo arratsaldean behintzat. Bestetik, beste eraso bat geratu zen petrolio ekoizgune honetako atzerritar langileentzako eraikiak izan den bizileku baten aurka. Hirugarren oldar egite honetan, aldiz, saudiar segurtasun indarrak atzetik zeuzkaten erasotzaileek jende andana bahitu zuten. Bahituen kopurua 50ekoa zela zabaldu zen atzo iluntzean, eta ziurtzat ematen zen eraso egileek 5 libanoar aske utzi zituztela aurretik.Larunbat iluntzean, egoera nahasia zen, erasotzaileak eta hauen eskuko bahitutakoak itxita zeuden Oasia izeneko bizilekuaren inguruetan. Bertara hurbildu ahal izan ziren kazetariek eta lekukoek Saudi Arabiako segurtasun indarren oldar egite bat gertatzen ari zela eman zuten jakiterat.

Al-Mokrinen manuak

Anartean, Arabiar Penintsulako Al Kaeda erakundeak izenpetuta zegoen eta Internet gune batean zabaldu zen agiri baten bitartez errebeindikatua izan zen erasoa. «Jainkoari esker, Jerusalemgo komandoko mujahidin (gudukari islamistak) heroikoek oldar egin diete, musulmanen ondasunak osten dituzten estatubatuar petrolio konpainia batzuei eta Alaren etsaiak diren hainbat gurutzatu hil ahal izan dituzte», zioen agiri honek.

Eraso hauek gertatu baino bi egun lehenago, AEBek eta Riadeko agintariek Al Kaeda ekintzaile islamista sareak Saudi Arabian lukeen buruzagi nagusitzat ematen duten Abdel Aziz al-Mokrinek izenpetua zen agiri batekmusulmanei manua ematen zien erasoak burutzeko erresuma uahabitan.

-

SAUDI ARABIA



AEBen aliatua jomugatzat



Saudi Arabiako agintariek Al Kaeda ekintzaile islamista sarearen aurkako gerra bati ekin diote, petrolio ekoizketadaramaten multinazionalen instalazioen eta hauetan lan egiten dutenen bizilekuen aurkako eraso odoltsuak gertatu eta gero iaz. Riadek saudiar herritartasuna kendu dio, halaber, Al Kaedako sortzaile eta agintari goren bezala emana den Osama Bin Ladeni, nahiz eta haren sendia erresuma uahabitako aberats eta boteretsuenetatik den. Atzokoen aurretikako azkenengo erasoa joan den maiatzaren 1ean gertatu zen, erasotzaile islamistak oldartu zirelarik AEBetako ABB Lumus Global enpresari, Janbu herrian. Zazpi lagun hil ziren eraso hartan, zehazki, mendebaldeko herrialdetako 6 atzerritar eta saudiar bat. Iragan apirilean, aldiz, Saudi Arabiako aginteari berari oldar egin zieten islamista integristek, segurtasun indarren egoitza bati eraso ziotelarik, 5 lagunen heriotza eta beste 148 zauritzea eraginda.

Saudi Arabiako aginteari zuzenean oldar egiten hasi aurretik, islamista integristak eresuma uahabitan 1991ko Golkoko gerraz geroztik zabalduak diren AEBetako indar armatuak erasotzen hasi ziren. Hala, 1996an, Al-Khobarretik hurbil kokatua den Dharaneko kuartelaren aurka atentatu bat egin zuten, 19 soldadu estatubatuarren heriotza eraginda. Saudi Arabia AEBen aliatutzat eman ohi bada, aditu gehienek diote islamismo integristen diru iturri handiena badela ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.