Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren bidali berezi Kofi Annanen plana ezartzeko epea gaur bukatu arren, mesfidati ageri dira alde guztiak Sirian. «Badirudi apirilaren 10eko epea bertan behera geratu dela», esan du Naci Koru Turkiako Atzerri ministrordeak, eta Siriaren bake planerako beste egun bat negoziatu beharko dela gaineratu du. Damaskok zein oposizioak Annanen plana ofizialki onartu arren, odol isuriak ez du etenik izan: gutxienez, 153 lagun hil zituen Baxar al-Assaden armadak atzo hainbat hiritan, Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera.
Annanen plana betez gero, Damaskok kaleetatik atera behar luke armada gaurko, eta etzirako su-etenak erabatekoa izan behar luke bai gobernuaren aldetik eta bai oposizioko taldeen aldetik. Al-Assadek, baina, baldintzak jarri zituen joan den igandean: su-etenerako konpromisoa idatziz agertzeko eskatu zion oposizioari. Mendebaldea Damaskoren baldintzen kontra agertu da erabat, baita Annan bera ere. «Horrek nirekin hitzartutakoa urratzen du. Hitzemandakoa oso-osorik betetzeko eskatzen diot Siriako Gobernuari».
Oposizioko Siriako Armada Askeak, berriz, beste baldintza batekin erantzun dio Al-Assadi: «Damaskok tiroak geratzen baldin baditu, geuk ere geratuko ditugu, baina ez dugu idatzizko konpromisorik aurkeztuko, erregimena delako indar militar handiagoa duena».
Su-etena ezartzeko epea bukatu den honetan Turkian izango da Annan, Siriako errefuxiatuen kanpaleku bat bisitatzen —25.000 iheslari siriar inguru daude Turkiako kanpalekuetan—. Arratsaldean, berriz, Iranera joango da NBEko idazkari nagusi ohia, bere bake planarentzako Teheranen babesa jasotzeko asmoz. Siriako Atzerri ministro Walid al-Mualem, berriz, Moskun egongo da gaur, eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin egingo du bilera. Txinak, berriz, indarkeria eteteko emandako hitza betetzeko eskatu dio Damaskori, eta Kofi Annanen bitartekari lanei denbora gehiago emateko eskatu dio nazioarteari: «Auzi korapilatsua da, eta denbora eskatzen du. Nazioarteak pazientzia izan behar luke».
Hiru pauso nagusi biltzen ditu Annanen sei puntuko bake planak: alde guzien su-etena, estatuak herrialde osoaren kontrola berreskuratzea eta gobernuaren eta oposizioko ordezkarien arteko elkarrizketa nazionala hastea.
Hildakoak mugetan
Su-etenaren epea bukatu bezperan, odol isuriak ez du etenik izan Sirian. Guztira 153 lagun hil izana egotzi dio oposizioak Damaskori. Horietako 30 inguru Alepo probintziako Tal Rafaat hirian hil dituzte, eta beste 29 lagun Hama probintziako Latamna hirian; tartean, hamazazpi adingabe.
Herrialdeak Turkiarekin eta Libanorekin dituen mugetan ere izan dira armadaren erasoak, eta eragindako hildakoek haserre handia eragin dute bai Ankaran eta baita Beiruten ere. Turkiara ihesi zihoan talde bati tiro egin dio armadak, eta bi lagun hil eta 19 zauritu ditu. Turkiako Kilis probintziako gobernadoreak eman du gertatutakoaren berri. Zonalde horretan Siriako iheslarien kanpalekuak daude, eta Turkiako polizia bat eta itzultzaile bat ere zaurituen artean daude. Bestalde, Libanoko lehen ministro Nayib Mikatik Siriako armadaren erasoa gaitzetsi du, eta hilketa ikertzeko eskatu du. Bi herrialdeen arteko mugan tiroz hil dute militarrek Libanoko 31 urteko kazetari bat.
Joan den maiatzean Al-Assaden indarrek gutxienez 85 zibil exekutatu zituztela salatu du HRW Human Rights Watchek. NBEren azken zenbaketaren arabera, bestalde, 9.000 lagunetik gora hil dira Sirian, iazko martxoan erregimenaren kontrako protestak hasi zirenetik.
Erasoak ugaritu dira Sirian, su-etena ezartzeko NBEren epearen bezperan
153tik gora lagun hiltzea leporatu dio oposizioak Damaskori; Turkian eta Iranen egongo da Kofi Annan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu