Hamargarren eguna. Duela hamar egun abiatu zuen erasoa Libanoren aurka Israelgo Armadak. Hezbola Libanoko milizia xiitak bi soldadu israeldar bahitu zituen Libano eta Israelen arteko mugan. Bi soldadu horiek askatzeko aitzakiarekin Libano bonbardatzen hasi zen Israelgo Armada. Ordutik hona, 362 pertsona hil dira, gehienak libanoarrak. Herrialdea txikitzen ari dira, azpiegiturak suntsitzen, Beiruteko aireportua behin eta berriro bonbardatzen...
Gaur Libano hegoaldearen aurka aritu dira bereziki, hegazkin israeldarrak. Besteak beste, Tiro, Nabatieh eta Jbal Botton bonbardatu dituzte. Eraso horien ondorioz, gutxienez bi lagun hil eta hamar zauritu dira ANN Libanoko albiste agentziaren arabera. Tiro eta Nabatieh eskualdeetan pertsona bat hil da eta zortzi zauritu dira. Jbal Botton eskualdean, berriz, 11 urte neskato bat hil da. Bere aita eta anaietako bat, aldiz, zauritu egin dira Israelgo Armadako soldaduen tiroen ondorioz.
"Israelgo Armadak zibilak hiltzen ditu bere arrakasta militarra ziurtatzeko, izan ere beldurra diote lurreko erasoaldi bat abiatzeari", adierazi du Naim Kassen Hezbola milizia xiitako buruetako batek, Al Manar telebista katean.
5.000 soldadu erasorako prest
Amir Peretz Israelgo Defentsa ministroak ukatu egin du Israelgo Armada Libanoren aurka lurreko erasoaldi erraldoi bat abitzeko prestatzen ari dela. "Ez daukagu Libano konkistatzeko asmorik eta ez gaude libanoar herriarekin gerran", adierazi du. Hala ere, Israelgo Armadako tropak Libanon aurrera egiten ari dira eta gainera 5.000 soldadu gehiago mugiarazi dituzte. Horrekin guztiak, erasoaldi erraldoi baten susmoak areagotzen ditu. Peretzek ziurtatu du Isralego Armadaren asmoa "herrialdearen hegoaldeko puntu zehatzetan soilik erasoak indartzea" dela.
Libano Israelgo Armadari aurre egiteko prest
"Ziur nago Gobernuak israeldarrei Libano inbaditzen ez uzteko agindua emango duela", adierazi du gaur Emile Lahud Libanoko presidenteak. CNN telebista kateak Beiruten duen berriemaile bereziak egin dio elkarrizketa Libanoko presidenteari. Lahudek onartu egin du Israelgo Armada indartsuagoa dela baina era berean azpimarratu du soldadu libanoarrek euren lurraldea ezagutzeko abantaila dutela.
Ekialde Hurbila
Erasoaldiaren hamargarren egunean Libano hegoaldea bonbardatzen ari da gaur Israelgo Armada
Dagoeneko 362 lagun hil dira joan den uztailaren 12an Israelgo Armadak Libanoren aurkako erasoaldia abiatu zuenetik. Gaur, Libano hegoaldea bonbardatu dute hegazkin israeldarrek, Tiro eta Nabatieh eskualdeak hain zuzen. Gutxienez, bi lagun hil eta hamar zauritu dira ANN Libanoko albiste agentziaren arabera. Israelek ukatu egin ditu Libanoren aurka lurreko erasoaldi erraldoi bat abiatuko duela dioten informazioak. Hala ere, Emile Lahud Libanoko presidenteak adierazi du herrialdeko tropek aurre egingo diotela Israelgo Armadaren eraso bat. Bien bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du inbasio batek ondorio ezin larriagoak izango lituzkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu