NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpena lortu eta denborarik galdu gabe hasi zituen nazioarteko koalizio militarrak Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako bonbardaketak joan den asteburuan. Koalizioak, ordea, ez du erabat argi jarraitu beharreko bide orria. Bonbardaketekin hasi arren, aliatu nagusiek, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak, elkarrekiko koordinazioa eskasa dela aitortu dute, eta horrek zalantzak sortu ditu esku hartzearen alde agertu diren herrialdeengan ere. Italiako lehen ministro Silvio Berlusconik, adibidez, ez dutela «tirorik botako» adierazi du, eta Norvegiak ere ez ditu bere hegazkinak mugituko, bere «zeregina zein den argitu» arte.
Erasoaldiaren gidari gisa Erresuma Batua eta batez ere Frantzia agertu dira. Nicolas Sarkozy presidentea izan da Libian esku hartzearen alde aktiboen agertu den munduko liderra. Horren adibide, koalizioa osatzeko goi bilera Parisen egin zuten aliatuek, eta joan den larunbatean lehenbiziko erasoa Frantziako hegazkinek egin zuten. Praktikan, ordea, potentzia militar handienak, AEBek dute lidergoa.
Haren agintearen adibide izan dira Erresuma Batuko buruzagiek egindako adierazpenek jasotako erantzunak. Alde batetik, David Cameron lehen ministroak erran du Gaddafik «alde egin» behar duela, baina AEBetako armadako buru Mike Mullenek zehaztu du operazioaren helburua aire eremua debekatzea dela, ez erregimenarekin amaitzea. Bertzalde, Erresuma Batuko Defentsa idazkari Liam Foxek iradoki du Gaddafi bera izan litekeela erasoen helburu. Erresuma Batuko eta AEBetako armada buruek, ordea, halakorik ukatu dute.
Barack Obama presidenteak argi utzi nahi izan ditu bi gauza: bata, lurreko esku hartzerik ez dutela nahi, eta bertzea, nazioarteko koalizio baten partaide soila direla. Iraken eta Afganistanen zama handiegia da Washingtonentzat, eta horregatik erasoaren agintea lehenbailehen NATOren esku utzi nahi du Obamak.
AEBen lidergoa irmoa ez dela erakutsi dute hasierako erasoen koordinazio eskasak. Frantziak onartu du koalizioko kideen elkarlana ez dagoela «integratuta». NATOk horretan lagun lezakeela uste du Parisek. Italiak ere aldarrikatu du aliantzak hartu beharko lukeela erasoen gidaritza. Horretarako, ordea, Libian esku hartu nahi ez duten bi herrialdek, Turkiak eta Alemaniak, ez liokete trabarik jarri beharko aliantzaren esku hartzeari. Ankarak pauso bat eman du, eta «baldintzapeko sostengua» agertu dio esku hartzeari. Gaur segituko du NATOren bilerak.
Zehaztugabetasuna
Koalizioak NBEren ebazpena erabili du Gaddafiri eraso egiteko, baina ebazpen horrexek mugak eta zehazgabetasunak ditu. Aire eremua debekatzea da onartutako neurri nagusia. Arabiar Liga horren alde agertu zen. Lehen bonbardaketak, ordea, hagitz gogorrak izan dira, eta erakundeko buru Amro Musak salatu egin ditu. «Aire eremuaren debekua zibilak babesteko jarri dugu, ez zibilak bonbardatzeko». Parisek eta Londresek garrantzia kendu nahi izan diete Musaren solasei. Koalizioaren sustatzaileentzat hagitz garrantzitsua da herrialde arabiarren sostengua, Mendebaldea bertze herrialde musulman bati eraso egiten ari zaion irudia saihesteko. Oraingoz, Qatarrek hegazkinak bidaltzea lortu dute.
Esku hartzeak utziko duen azken emaitza, ordea, ez dago argi. Ebazpenaren arabera, «zibilak babestea» da helburua; lurreko esku hartzea debekatzen du, eta erregimena aldatzeaz ez dio deus. Parisek eta Londresek argi utzi dute Gaddafi bidaltzeko nahia, baina AEBek ohartarazi dute aire erasoak egin eta diktadorearen baliabide militarrak txikitu arren, litekeena dela hura agintetik ez kentzea. Oposizioaren balizko erasoaldi baten aitzinean ere, ebazpenak ez du zehazten zer nolako erantzuna eman beharko lukeen nazioarteak.
Erasoaren bide orria zehazteko
Bonbardaketak hasi dituzten arren, aliatuen arteko koordinazio faltak eta NBEren ebazpenaren zehaztugabetasunak kezkak sortu ditu nazioartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu