Lledoners espetxera (Sant Joan de Vilatorrada, Bartzelona) joan da Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia, gaur, Oriol Junqueras ERCko presidentearekin biltzera. Bi ordu eta erdiz egon dira bilduta, aurrez aurre, beira hormarik tartean ez zutela. Iglesiasekin batera izan dira Lucia Martin En Comu Podemeko bozeramailea eta Jaume Asens Bartzelonako alkateordea. Junquerasekin batera izan dira Joan Tarda ERCren Espainiako Kongresuko diputatua eta Sergi Sabria ERCren Kataluniako Parlamentuko taldeko presidentea.
Bilera amaitu ostean, Tarda adierazpenak egin ditu espetxearen atarian. Jakitera eman duenez, Junquerasek mezu argia helarazi dio Iglesiasi: ERCk ez ditu Espainiako aurrekontuak negoziatuko Pedro Sanchezen gobernuak preso dauden Kataluniako buruzagi independentistei begirako keinurik egiten ez badu. Tardaren esanetan, ERCk Madrili eskatzen diona fiskaltzari galdegin diezaiola buruzagi independentista auzipetuei leporatzen dizkien karguak bertan behera utzi ditzala. Diputatuak nabarmendu du, keinurik ezean, ez dela negoziaziorako baldintza nahikorik, eta, beraz, gaurko bileran ez ditutela aurrekontuei buruz hitz egin.
Tardak nabarmendu du bilera oso "erabilgarria" izan dela eta "giro onean" egin dela. Iglesiasek, Martinek eta Asensek agertu duten "enpatia" eskertu du.
Iglesias Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearekin eta Jordi Sanchez JxCko diputatuarekin ere bildu da Lledonersen, Junquerasekin elkartu ostean.
Elkartasuna adierazi die Iglesiasek espetxean diren buruzagi independentistei. "Politika egiteagatik preso dauden eta aske behar luketen gizonekin bildu naiz gaur. Elkartasun osoa beraien familiei, haiek baitira bidegabea den espetxealdi bat gehien sufritzen ari direnak".
Iglesiasen esanetan, bilera "oso garrantzitsua eta oso positiboa" izan da. "ERCri edozeri buruz hitz egiteko prestutasuna eskertu nahi diot: politikaz, ekonomiaz, eskubide zibil eta askatasunei buruz". Podemoseko buruak nabarmendu du bilerak harremanak hobetzeko balio izan duela eta orain Pedro Sanchez Espainiako presidenteak "mugitu" behar duela, presoen auziarekin.
Roger Torrent Kataluniako parlamentuko presidentea ere Junqueras eta Iglesiasen arteko bileraz mintzatu da eta Espainiako alderdi politikoetako buruak deitu ditu, Iglesiasek egin bezala, Lledoners espetxera jotera, preso dauden edo erbestean dauden buruzagi independentisten "errealitatea ezagutzera".