Hiru ordu eta erdi luzeko bileraren ostean etorri da albistea. ERCko exekutibak, baina, ez du espero zitekeen titularra eman. Alderdiko Kontseilu nazionalaren esku utziko du inbestiduraren aurrean izango duen jarrera. Marta Vilalta alderdi errepublikanoko bozeramaileak zehaztu du urtarrilaren 2an egingo dutela bilera, 17:00tan: «Negoziazioen amaierara iritsi gara eta horregatik uste dugu Kontseilu Nazionalaren esku utzi behar dugula, erabakitzeko proposamena aski den edo edo ez abstenitzeko».
Hitzartu duten negoziazio mahaia gobernuen artekoa dela ere nabarmendu du: «Ez da ERCrena, Kataluniako Gobernuarena baizik. Herrialdeko mahaia da Kataluniako gehiengoaren borondateak posible egiteko. Herritarrek eskatzen duten 'eseri eta hitz egin' proposamenari erantzun bat ematea bilatzen dugu». Espainiako Estatuarekin elkarrizketaren bidea sustatu nahi dutela adierazi du ere eledunak: «Gatazka politiko bat baldin badago, behar dena da politikaren bidea aktibatzea irtenbide demokratiko bat bilatze aldera. Eta hori negoziazioei esker egingo dugu». Bide horrek sostengu zabala izateak ezinbesteko jo du: «PSOErekin negoziazio mahaian esertzeko ere militantziaren babesa izan genuen».
ERC Estatuaren Abokatutzaren erabakiaren zain zegoen PSOErekin abian duen negoziazioan aurrera egiteko. Zuzendaritzak, bada, sozialisten «proposamena eta negoziazioen egoera» aztertzen aritu dira astelehen arratsalde honetako bileran, eta behintzat «gatazka politiko bat» dagoela aitortzea lortu dutela jakinarazi dute.
Azken egunotan, ez dira eten Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea inbestitzeko elkarrizketak, nahiz eta Kataluniako errepublikanoek esan zuten ez zutela negoziatzen jarraituko Espainiako Estatuaren Abokatutzak Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiaren immunitateari buruz bere jarrera argitu arte. Estatuko abokatuaren erabakia gaur goizean etorri da: Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzitakoari jarraituz, uste du Junquerasek eurodiputatu akta jaso behar duela eta diputatu gisa jardun, Europako Parlamentuan hari zigorgabetasuna eteteko eskaria tramitatu arte. Hala, Estatuaren Abokatutzaren iritziz, Junquerasek aukera izan behar du Europako Parlamentuaren bilkuretan parte hartzeko.