Tomas Ferman Villatoro salvadortarra zama-tren baten gainean zihoan joan den abenduaren 22ko goizaldean. Erdialdeko Amerikatik ihesi, Mexiko gurutzatu eta AEBetara ailegatzea zuen amets. Mexikoko Oaxacako Ixtapec hirian, ordea, bidaiaren hasieran, beste zortzi emigranterekin batera bahitu zuen talde antolatu batek. Hiruk ihes egitea lortu zuten, bost oraindik desagertuta daude. Tomas hilik aurkitu zuten.
Mexikoko INM Migrazio Institutu Nazionalak Erdialdeko Amerikako 222 emigranteren bahiketa salaketak jaso ditu aurten. Horixe adierazi du asteon Salvador Beltran del Rio INMko agintariak. Alabaina, INMren zenbakiak ez datoz bat joan den astean CNDH Mexikoko Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak eman zituen zenbakiekin. Haren arabera, dokumentu gabeko 20.000 emigrante bahitu dituzte aurten Mexikon.
Erdialdeko Amerikako 200.000-300.000 emigrantek egiten dute urtero Mexiko zeharkatu eta amets amerikarra gauzatzeko ahalegina. Guatemala, Honduras, El Salvador eta Nikaragua dira joale gehienen jatorrizko lurraldeak. Mexiko hegoaldeko Arriaga herrian trenbidera hurreratu, zama-trenetara salto egin eta trenen sabaietan iparralderanzko bidaia luzea abiatzen dute. Hemezortzi eta 30 urte bitarteko gizon gazteak dira gehienak, baina gero eta gehiago dira bide bera aukeratzen duten adingabeak, emakumeak eta familia osoak.
Anaiak bidean
Ametserako bideak, sarriegi, ez du luze irauten. Antolatutako krimen taldeek bidean harrapatzen dituzte. Lapurreta edo bahiketa izaten dira aukera nagusiak. Bahiketen kasuan, emigranteen familiari dirua eskatzen diote bahitua aske uztearen truke. Hirugarren aukera, emigranteak droga kartelen lanak egitera behartzea izaten da, soldatapeko hiltzaile gisa.
INMk jasotako 222 salaketak Fiskaltza aztertzen ari dela argitu du Beltran del Riok. Eta Fiskaltzak aztertzen dituen bitartean INMk «erraztasun guztiak ematen dizkie emigranteei» dagokien enbaxadara edo kontsulatura joan daitezen salaketa jartzera.
Hala ere, bada Administrazioak eta hedabideek eraginkortasunik ez dutela salatzen duenik. «Oaxacako gobernua arreta desbideratu nahian eta informazioa murriztu nahian dabil. Gizarteari krimen taldetxo batzuk daudela sinetsarazi nahi dio. Baina ez. Ondo antolatutako taldeak dira. Los Mara taldekoak dira, hori frogatzen duten bideoak dauzkagu», salatu du asteon Alejandro Solalindek, Hermanos en El Caminobabeslekuko sortzaile eta koordinatzaileak.
Duela hiru urte sortu zuen Solalindek Hermanos en el Camino izeneko babeslekua Oaxacako Ixtepec hirian, emigranteei laguntza eskaintzeko. Janaria, aterpea eta laguntza psikologikoa eskaintzen ditu babeslekuan. Eta asko dira haren laguntza jaso dutenak, haien artean ohikoa baita, derrigorrean, bidean geratzea.
Tomas eta beste zortzi emigranteen bahiketa izanbaino lehen, esaterako, abenduaren 16an, 50 lagun bahitu zituztela salatu zuen Solalindek Poliziaren aurrean. El Salvador, Guatemala eta Hondurasko gobernuek egindako presioaren eraginez, Oaxacako agintariak bahiketa ikertzen ari dira. Edonola ere, ezkor da Solalinde: «Ez dugu batere itxaropenik, Mexikoko agintariek ez baitute gaizkileen kontra egin nahi».
Tomasekin batera bahitu eta oraindik desagertuta dauden bost lagunen kasua ere aztertzen ari da Oaxacako Polizia: «Ikertzen ari gara, ez baitakigu bost emigranteek ihes egitea lortu zuten ala oraindik ere bahituta dauzkaten». Abenduaren 22ko bahiketa egin zuten bi gaizkile atxilotu ditu Poliziak, baina abenduko bi bahiketen artean inolako loturarik ez dagoela baieztatu du. Bien bitartean, Oaxacako zama-trenek sabaiak bidaiariz beteta dauzkatela jarraitzen dute iparralderanzko bidean.
Erdibidean galdutako amets amerikarra
Urtean 200.000-300.000 emigrantek ekiten diote Erdialdeko Amerikatik AEBetarako bideari, Mexiko zama-trenetako sabaian gurutzatzeko asmoz; talde antolatuek bidean bahitzen dituzte asko, dirua lortu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu