Turkiako parlamenturako hauteskundeak

Erdogan presidentearen AKP alderdiak gehiengo absolutua berreskuratu du

Botoen %95 zenbatuta daudenean AKP alderdiak irabazi ditu bozak. Ekaineko hauteskundeetan lortu ez zuen helburua erdietsi du Erdoganek. Hala ere, ez du lortu konstituzioa aldatzeko behar adina parlamentari. HDP alderdi ezkertiar eta kurduzaleak lortu ditu Parlamentua egoteko adina boto; parlamentuko hirugarren indarra izango da 59 eserlekurekin.

AKPren jarraitzaileak, garaipena ospatzen. DENIZ TOPRAK, EFE
Berria
2015eko azaroaren 2a
07:35
Entzun

Konstituzioa aldatzea zen Recep Tayyip Erdogan presidentearen helburu nagusia, presidentetza sistema ezarri eta bere buruari botere handiagoa emateko. Horrela, gainerako alderdiekin koalizioa eratzeko ezintasunari aurre egingo lieke.

Helburu horrekin deitu zituen aurten bigarren hauteskundeak, eta botoan %95 zenbaturik, ez du haren helburua lortuko. Izan ere, Erdoganen alderdi AKPk botoen %49,4 lortu dituela diote datuek, eta parlamentuan 316 eserleku lortuko lituzke. Baina konstituzioari buruzko galdeketa deitzeko 330 parlamentari dira beharrezkoak, eta konstituzioa galdeketarik gabe aldatzeko 367. Erdogan zenbaki horietatik urrun gelditu da.

Hala ere, AKP alderdiak inorekin itunik egin gabe gobernatzeko behar adina boto lortu ditu. 2002tik aurtengo ekaina arte, gehiengo absolutoarekin agindu du Erdoganek. Turkiako presidenteak esan du, atzoko emaitzek adierazten dutela Turkiak "egonkortasunaren alde" egin duela. Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak AKPren emaitzak "demokraziaren garaipena" direla nabarmendu du.

AKP alderdiaren atzetik, CHP alderdi sozialdemokratak lortu ditu botorik gehien; 25,3. Parlamentuko bigarren indarra izango da 133 kiderekin. Haren atzetik gelditu da MHP alderdi nazionalista; botoen %11,9 lortu ditu. Ekaineko hauteskundeekin alderatuta MHP da emaitzarik kaxkarrenak, orduan botoen %16 lortu baitzituen. Botoetan hirugarren indarra bada ere, parlamentuan laugarrena izango da 42 eserlekurekin.

HDP alderdi ezkertiar eta kurduzaleak emaitza onak lortu ditu beste behin; botoen %10,4. Ekaineko hauteskundeetan emaitza hobeak lortu zituzten arren (botoen %13,1), Parlamentuan egoteko nahiko boto badituzte. Gutxienik, botoen %10 lortzea beharrezkoa da eserlekuak eskuratzeko. Orotara 59 parlamentari izango ditu Ankaran. Selahattin Demirtas HDPko buruetako batek salatu du hauteskundeetako emaitzak Erdoganek "modu artifizialean" sortutako polarizazioren ondorio direla. Azken asteetan Kurdistango Langileen Alderdiko PKK gerrillaren aurkako bonbardaketak areagotu ditu Turkiak. Horrekin batera, giroa asko gaiztotu dute azken hilabeteetan manifestazio ezkertiar eta kurduzaleen aurka egindako atentatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.