Turkia

Erdoganek presidentetzarako bozak irabazi ditu lehen itzulian, eta boterea handituko du

Turkiako presidenteak erreforman sakonduko du, %52,6ko babesarekin irabazita. Babes horrekin lehen itzulian berrituko du kargua. Oposizioa ez da gai izan Erdoganen gehiengoa oztopatzeko, eta legebiltzarrean ere gehiengoa izango du gobernuko koaliziokideekin.

Erdogan, bere jarraitzaileen aurrean, bokalekuak itxi ondoren. TURKIAKO PRESIDENTZIA, EFE
2018ko ekainaren 25a
08:33
Entzun

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak agintean jarraituko du, hauteskundeetako lehen itzulian bozen %52,6rekin gailendu ondoren. Emaitza horrekin bigarren itzulia ez da egingo, eta Erdoganek sistema erabat presidentzialista batera eramango du Turkia. Hauteskunde Batzorde Gorenak goizaldean eman du Erdoganen garaipenaren berri, botoen %97 zenbatu ondoren.

Bulent Tecan oposizioko bozeramaileak datu horren berri izan ondoren esan du hirietako boto kontaketaren zain egon behar dela eta uztailaren 8an bigarren itzulia izango dela. Erdoganek, ordea, "emaitza ez ezkutatzeko" eta "euren porrota estaltzeko demokrazia ez zikintzeko" eskatu dio oposizioari.

Muharrem Ince CHP alderdia buru duen koaliziokoko hautagaiak botoen %30,8 eskuratu ditu; Selahattin Demirtas HDPko hautagaiak, %8,1; eta Meral Aksener kontserbadoreak, %7,4. Koalizioan aurkeztu arren, oposizioak ez du lortu Erdogan geratzea, eta legebiltzarrerako hauteskundeetan, gainera, CHP alderdi sozialdemokrata espero zen emaitzatik urrun geratu da.

Parlamentuan ere, gehiengoa

Turkiarrek parlamentuko ordezkariak ere hautatu dituzte hauteskundeetan, eta Erdoganek babes zabala lortu du ganberan ere. Presidentearen AKP alderdiak botoen %42,4 bildu ditu, eta bozen %11,3 jaso ditu MHP haren koaliziokideak. Erdoganek parlamentuan babes zabala lortuta, presidente gisa botere gehiago eskuratuko zuela espero da, horretarako deitu baitzuen bozetara.

Oposizioko CHP alderdiak eta HDP koalizioak —kurduak dira nagusi— ere indarrak batuta aurkeztu dira, Erdoganen erreforma geldiarazteko. HDPk  bere buruari ezarritako erronka bete du, eta lortu du parlamentuan ordezkaritza izan ahal izateko gutxieneko langa —%10— ozta-ozta gainditzea: botoen %11,2 jaso du. CHPk, berriz, botoen %22,7 jaso ditu. IYI alderdiak bozen %10,1 eskuratu du.

CHPk kanpainan ohartarazi zuen Erdoganek irabaziz gero, Turkiak ez duela etorkizunik izango. Erdogan boteretik kentzea behar larria dela nabarmendu dute. Emaitza horiekin, dekretu bidez agintzeko aukera izango du Erdoganek, bere agintea kontrolatuko duen kontrol sistema ia bat ere gabe. Horrez gain, botere banaketaren printzipioa ere hautsiko du sistema berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.