AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK

Erlaxatzeko deia Ohion

martxelo otamendi
2004ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Atzo eguerdian Kerryk Bushi egindako deiak adierazten du, goizaldean John Edwars lehendakarigai demokratak esan zuena leunduz, demokratek ez dutela gerra handirik emango Ohioko botoen kontaketan ezta, ondorioz, Etxe Zurirako lasterketan. Hala ere, bi bideak bateragarriak dira. Bushi deitu behin-behineko garaipena onartzeko, baina era berean zirrikitu legal guztiak erabili behin betiko garaipena eskuratzeko. Duela lau urte Al Goreren taldekoek Floridako kontaketan jardun zutena baino kementsuago ibili beharko dute Kerryrenak Ohiokoan, haien hautagaia munduko aulkirik boteretsuenetako batean eserita ikusi nahi badute.

Gainera, Bushek hiru milioi eta erdi botoren aldea atera dio Kerryri, eta hori baino argudio pisuzkoagorik ez du topatuko presidenteak garailea bera dela lau haizeetara zabaltzeko. Duela lau urte, gutxienez, Al Gorek irabazi zuen herritarren botoa zenbatzeko orduan. Aspaldiko parte- hartze handienak hauteslekuetara eraman ditu milioika herritar. Demokraten mesedetan izango zela uste genuen askok, baina justu kontrakoa izan da efektua. Bushek 2000n baino zazpi milioi eta erdi boto gehiago lortu ditu. Parte-hartze handiak berari egin dio mesede. Non dago, orduan, Bushen garaipenaren giltzarria? Kerryk ezin izan ditu herritarrak konbentzitu Bushen politikaren kalteaz. Tarte gutxi zeukan horretarako, egia esan. Ezkerretara joz gero, erdiko botoemaileak galduko zituzkeen. Erdian geldituz gero, haserrearen botoa, boto alternatiboa, sistemarekin kritikoa den botoa bereganatzeko arazoak izango zituzkeen. Gutxitan edukiko zuen hautagai demokrata batek horren presidente kalte-eragilea aurrean, baina ez da gai izan hori ikusarazteko herritarrei. Bushek, ordea, asmatu du herritarrak konbentzitzen. Kerry ahula eta egoera larrietarako ezgauza dela sinestarazi die, eta horren arabera eman dute botoa. Lau urte gelditzen zaizkio Bushi munduko gobernurik boteretsuenaren buruan. Zer egingo du? Garaipenean mozkortu etaare kanpo politika gogorragoa eta axolagabeagoa egin? Edo, garaile zentzudunaren jokabidea imitatuz, orain arte bere politikarekin kritiko izan diren agintari europarrekin akordiora iristen saiatu?Zulo asko dauzka estaltzeko Bushek hurrengo urteetan. Kontua da berak jardun egokia eta zuzena ikusten duen lekuan besteek handikeria eta prepotentzia ikusten dutela. Etxeko ekonomia eta kanpo politika dira etxean eta kanpoan gehien kritikatu dizkioten alorrak. Ekonomia konpontzeak, behe mailako klaseena batik bat, ez du ematen inporta zaionik. Eta kanpo politikan gerra egiten dakiela bakarrik erakutsi du. Zaila dauka, gainera, atzera egitea.Ohioko Estatu idazkari Ken Blackwell-ek «erlaxatzeko» eskatu zien kazetariei atzo goizean emandako prentsaurrekoan. Bere estatuko emaitza erabakigarria izan zitekeela jakin bezain pronto agertu zen komunikabideen aurrean, lasaitasuna eskatu eta Ohion gauzak ondo egiten direla gogoratzeko. «Ez dakigu zenbat denbora beharko dugun, bi ordu, bi egun edo bi aste». Ezin argiago esan.Nori leporatuko diote porrota orain demokratek? Nader hautagaiak ez du astearteko hauteskundeetan estatu bakar batean ere eragotzi Kerryren garaipena. Alegia, Kerryk berak bakarrik galdu ditu, inoren laguntzarik gabe. Duela lau urteko hauteskundeetan Nader izan zen, demokraten salaketei kasu eginez gero, Floridan eta New Hampshiren Al Goreren garaipena eragotzi zuena. Ederki ordaindu du oraingoan Naderrek ausardia hura. Duela lau urte 2.882.955 boto eskuratu zituen, asteartean 391.809 boto besterik ez ditu jaso. Naderrek 70 urte ditu; ezkerrak beste hautagai bat bilatu eta gizarteratzeko lau urteko epea du hurrengo bozak arte. Ea nor animatzen den berriro boto erabilgarriaren biktima izaten.
 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.