hondamendia Japonian

Erradiazio maila handia atzeman dute Fukushima inguruko elikagaietan

Japoniako Gobernuaren arabera, Fukushiman bertan esnea dago kutsatuta, eta Ibarakin, ondoko eskualdean, espinakak. Tokioko iturriko urak yodo erradioaktiboaren arrastoak dauzka, txikiak oraindik ere. Teknikoak zentral nuklearra hoztu nahian dabiltza, eta une batez lortu dute argindarra bueltatzea.

2011ko martxoaren 19a
19:02
Entzun

Japoniako Gobernuak erradiazio maila handia atzeman du Fukushimako zentral nuklearraren inguruko elikagai batzuetan; batik bat, esnean eta espinaketan. "Hala ere, kutsadurak ez du berehalako arriskurik", esan du Yukio Edano gobernuko bozeramaileak, baina neurriak hartuko dituztela jakinarazi du. Esnea Fukushiman bertan dago kutsatuta, eta espinakak haren ondoko eskualdean, Ibarakin.

Tokioko iturriko urak ere jasan ditu zentral nuklearraren matxuren ondorioak. Izan ere, yodo erradioaktiboaren arrastoak aurkitu dituzte Tokion, oraindik ere legeak baimendutakoak, Japoniako Zientzia Ministerioak esan duenez.

Fukushimako zentralaz arduratzen den enpresak —Tepcok— herritarrei barkamena eskatu die, eta adierazi du erantzukizuna hartzeko prest dagoela.

Japoniak lautik bostera igo du istripu nuklearraren maila. Erradiazioa jaistea lortu badute ere, teknikoen arabera, goizegi da beheranzko joerari eutsi ahal izango dioten esateko. Teknikoak Fukushimako zentrala hoztu nahian dabiltza, eta une batez lortu dute argindarra bueltatzea.

Richter eskalako 8,9 graduko lurrikara izan zen Japonia ipar-ekialdean, eta, ondoren, tsunamia. Horren ondorioz kaltetu zen zentrala.

Lurrikara eta tsunamiagatik zazpi mila lagun pasa hil dira; 7.197 da gaurko datua, Japiniako Poliziak emandakoa. 10.905 pertsona daude desagertuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.