Legal Community Against Violence (LCAV) 1993an San Frantziskoko California Street-en abokatu etxe ezagun batean izandako arma erasoaren haritik sortu zen. Hamar lagun hil ziren, tiratzailea tartean, eta bost lagun zauritu. Orduz geroztik, arma kontrola bultzatuko duten legeak nahi dituztenei aholkularitza zerbitzua eskaini diete. Bederatzi urte daramatza bertan lanean Samuel Hoover abokatuak.
Zer gogoeta egiten duzu Tucsongo hilketaren ostean?
Tiratzaileaz asko hitz egiten ari garela uste dut, baina ez Arizonan eta AEBetan dauden armen inguruko legeez, eta horiek nola horrelako gertakariak ahalbidetzen dituzten. Kasu honetan ez da ahaztu behar tiratzaileak zein erraz eskuratu zuen arma, nahiz eta osasun edo buruko arazoak dituen,.
Kontuan izan behar da armen %40 salerosketa pribatuan edo legez kanpokoan lortutakoak direla, eta horietan ez dela eroslearen buru osasunaren azterketarik eskatzen. Eta bestalde, lege eroten direnen kasuan legeak ere ez dira behar luketen bezain gogorrak. AEBetan errazegia da arma bat eskuratzea.
Eskubide garrantzizkoa eta beharrezkoa al da arma bat horren erraz eskuratzeko aukera izatea?
Gure elkartea ez dago batere ados AEBetako Auzitegi Gorena egiten ari denarekin: Konstituzioko bigarren zuzenketa interpretatu du, eta edonork eskuko arma bat etxean izateko eskubidea berretsi du, geure burua defendatzeko dugun eskubidearen izenean. Ez da guk egiten dugun interpretazioa,ez eta babesten dugun ikusmoldea ere, baina Auzitegi Gorenak hala erabakita dauka.
Etxean, arma ez da tresna segurua inorentzat. Askotan, etxean bertan bizi direnen, familiaren eta lagunen aurka erabiltzen baita.
Armekin eragindako biolentzia izurritea al da gaur egun AEBn?
Izurrite modukoa da hildako asko eragiten dituelako egunero, eta eragin handia duelako familietan, komunitatean, gizartean. Kanada eta Australiak gurekin dituzten antzekotasunak kontuan izanda, armen kontrol zorrotza daukate, eta ez da hemen gertatzen dena ikusten. Horregatik pentsatzen dugu araudi zorrotzagoak indarkeria mailaren beherakada ekarriko lukeela.
Kontuan hartu behar da Mexikoko mugatik, esate baterako, legez kanpoko milaka arma pasatzen direla, eta guk ardura izan behar dugu kasu honetan Mexikori hori gerta ez dakion laguntzeko. Horretarako legeak gogortu behar direla uste dugu. Arrazoi ekonomikoak daude horren atzean, ordea, eta horrek indar handia du.
Zeintzuk dira arrazoi ekonomiko horiek?
Armen lobby-a izugarri indartsua da. Diru asko mugitzen dute, eta hainbat politikarirengan eragina du. Desafio modukoa da lege federalak aldatzeko proposamena egitea.
Zer egin dezake orduan kongresuak Tucsongoa bezalako sarraskiak berriro gerta ez daitezen?
Gure elkartea sortu zenetik 25 edo 30 arau eta erabaki hartzera bultzatu ditugu politikari eta legegileak. Horiekin halako gertakariak eta beste zenbait kalte ekidingo liratekeela sinesten dugu.
Garapenean dauden hainbat herrialdetan ere ez dira ikusten hemen armen erruz ditugun kalteak. Arma jabeen kontrol zorrotzagoa behar-beharrezkoa dela uste dugu, eta, horretarako, legeak gogortu egin behar dira.
Eta Barack Obama presidentea nola dabil gai honetan?
Obamak izan zuen kontrol gehiagoren aldeko politikak egiteko asmoa; hori da, behintzat, esan zuena. Baina iritzi horretakoa izanda ere, gaur egun kongresua osatuta dagoen bezala kontuan hartuta, geratu egingo lituzke proposamen horiek guztiak. Errepublikanoak izan dira armen aldeko defentsa beti egin izan dutenak.Lanean jarraituko dugu etorkizunean aldaketa gerta dadin.
Legal Community Against Violence zuen elkarteak armen legeen inguruko aholkularitza eskaintzen du.Zein ezaugarritako bezeroak izaten dituzue?
Publiko zabalari eskaintzen dizkiogu gure zerbitzuak dohain, baina gehienbat estatuetako legegileekin, gobernadoreekin, herrietako komunitateekin, alkate eta zinegotziekin, abokatuekin, eta bertako legegileekin ere aritzen gara —nahiz eta maila federalean zaila daukagun erabakiren bat hartzea—. Ahal dugun neurrian, armekin eragindako indarkeria ekiditeko balio dezaketen erabakiak hartzeko bidean beharrezko duten lege aholkularitza ematen diegu.
Ekintzaileekin ere aritzen gara eta haien zalantzak argitzen saiatzen gara.
Samuel Hoover. Legal Community Against Violence-ko abokatua
«Errazegia da arma bat eskuratzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu