Liberian gerra amaituko bazen emakumezkoek esku hartu behar zutela erabaki zuen Leymah Gboweek (Monrovia, Liberia, 1972) amets bat izan ondoren. Esan eta egin. Gerraren amaiera ekarri zuen Bakerako Liberiako Emakumeen Taldea sortu baitzuen eta ametsa bete.
Merkatu batean biltzen hasi ziren gerran borrokatzen ari zirenen amak, emazteak, alabak nahiz arrebak. Zuriz, bakearen kolorez jantzita erresistentzia baketsua egin zuten. Hasieran gutxi baziren ere, milaka emakume batu zituen indarkeriari nahikoa zela esateko. «Etorkizun bat merezi dugu, etorkizun bat nahi dut; seme-alabak ditut!», zioen Gboweek orduko hartan. Gerran borrokatu ziren haurren terapeuta zen, eta haur horientzat etorkizun bat eraiki behar zela defendatu zuen sutsuki. Hiru seme-alaba zituen orduan, eta sei ditu gaur egun.
Chales Taylor orduko presidentearekin bilera egitea lortu zuten, eta hark bake negoziazioak hasteko hitza ematea ere bai. Elkarrizketak ere gertutik jarraitu zituen. Negoziazioa etetear zenean, Gbowee eta haren jarraitzaileak presidentearen jauregiaren atarian bildu ziren, handik inor irten ez zedin. Irteteko baldintza gerra amaitzeko akordioa sinatzea zen.
Emakumezkoentzako Bakerako eta Segurtasunerako Afrikako Sareko zuzendaria da, eta emakumezkoek gatazkak konpontzeko duten gaitasuna indartzen lan egiten du. Emakumearen ahotsa erabakigarri bilakatu du Liberian. •
Leymah Gbowee
Errealitateko ametsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu