Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak astebete luzatu du Surten dauden Muammar Gaddafiren jarraitzaileei errenditzeko ezarritako epea. Hamza gisa identifikatutako errebeldeen buruzagi militar batek jakinarazi du Trantsiziokorako Kontseilu Nazionaleko presidentearen aholkulari batek eman dietela agindua. Ez da oraindik luzapenaren iragarpen ofizialik egin.
Hala ere, Gaddafik gaur egindako adierazpenetan libiako tribuei borrokan jarraitzeko eskatu die. Bere ahotsa entzuteari utziko baliote ere borroka luzeari ekiteko esan die bere jarraitzaileei, horrek herrialdea "sutan" jartzea suposatuko balu ere. Gaddafik esan du Libiako tropa guztiak armaturik daudela eta hauei eskatu die "borroka gogor eta bortitzarekin" jarraitzeko eta errebeldeei "segadak" jartzeko. Siriako satelite bidezko Al Rai telebistaren bidez eman du hitzaldia Gaddafik.
Europako Batasunak Libiako 28 petrolio, banku eta portu enpresaren aurka ezarritako zigorrak bertan behera utziko ditu herrialdearen ekonomiari bultzada emateko asmoz. "Gure helburua Libiako behin-behineko Gobernuari eta herritarrei baliabideak eskaintzea da eta ekonomiak berriz ere funtzionatu dezan laguntzea", esan EBko Kanpo Gaietarako arduradun den Catherine Ashtonek.
Batasuneko Kontseiluak azaldu duenez, neurria bihar jarriko da indarrean, berria EBko Egunkari Ofizialean kaleratzen denean. Neurri honen bidez 28 enpresa horiek EBko eremuan dituzten ondasunak desblokeatu ahalko dituzte.
Munduko potentziak Parisen bilduko dira gaur Libiaren etorkizunaz hitz egiteko konferentzian eta EBk bilera baino ordu batzuk lehenago egin du iragarpen hau.
Liberation egunkariaren arabera, Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak eta Frantziak "ezkutuko akordio bat" egin zuten. Akordio honen arabera, gatazkak iraun bitartean Frantziak "babes oso eta iraunkorra emango dio Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari liskarrak amaitzen direnean herrialdearen petrolio ekoizpen osoaren %35a Frantziako enpresen esku uztearen truke.
Egunkariak akordioa zehazten duen gutunaren kopia oso bat argitaratu du, bertan jartzen duenaren arabera, errebeldeek pasa den apirilaren 3an hitz eman zioten Frantziari %35 horren ustiapena izango zuela.
Goi bilera gaur Parisen
Frantziak eta Erresuma Batuak Libiarako Harreman Taldea deitu dute Libian dituzten interes ekonomikoez eta Nazio Batuen Erakundearen parte hartzeaz hitz egiteko. Guztira, 60 herrialdetako ordezkariak, NBEkoa, NATOkoa, Liga Arabiarrekoa eta Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalekoak bilduko dira.
Gaddafi 1969an Libiako agintera iritsi zen egunaren 42. urteurrenean deitu dute konferentzia. Horren aurretik Europako hainbat herrialdeek Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren aldeko neurriak onartu dituzte. Errusiak ohar baten bidez aitortu dio gaur erreboltarien gobernuari zilegitasuna, eta prestatzen ari den erreformen artean Konstituzio berri bat egiteko asmoa eta hauteskundeetara deitzearena nabarmendu ditu.
Gatazka amaitu ondoren NBEk ez duela Libian misio batekin parte hartu behar defendatuko du Errusiak gaurko goi bileran. Gainera, NATOren gaur egungo misioa ez dela legezkoa salatu du Sergei Lavrov Atzerri ministroak. Beste herrialde batzuk, ordea, argudio berbera hartuta, kasko urdinen misioaren aldekoak dira. Txinak, esate baterako, Gaddafiren ondorengo aroa NBEk zuzentzea nahi du. Iraken eta Afganistanek "AEBek eta bere lagunek, NATOren babesean" ezarri zuten itzala saihestu nahi du modu horretan, Gobernuaren iritziak modu ez ofizialean jasotzen dituen Herriaren egunkaria egunkariaren arabera.
Bitartean, gaurko konferentziaren atarian, Frantziak eta Erresuma Batuak Gaddafiri blokatutako dirua Kontseilu Nazionalaren eskuetan jarri dute gaur. Hurrenez hurren, 1.500 milioi euro eta 1.043 milioi euro eman dizkiote.