Errebeldeek «bi egunetan» ezarriko dituzte oinarrizko zerbitzuak Tripolin

Nazioarteko 32 itsasontzi daude Libiako hiriburuko portura sartzeko zain; janaria, ura, sendagaiak eta erregaia daramateTrantsitziorako Kontseilu Nazionalak aitortu du ez dakiela non dagoen Gaddafi

Jon Fernandez.
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Anabasa da nagusi Tripolin. Astelehenean sartu ziren erreboltariak Libiako hiriburuan, eta oraindik ez dute lortu hiri osoa kontrolpean hartzea. Gero eta gutxiago dira Muammar Gaddafiren jarraitzaileen kontrolpeko eremuak; hala ere, borrokan segitzen dute hainbat auzotan, eta hildakoak eta gorpuzkinak ageri dira nonahi. Hiriko segurtasunik eza ezabatzea da Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren helburu nagusia orain. «Gaddafiren tropen kontrako garaipen ahula ikusirik», ordea, miraririk ezingo dutela egin ohartarazi die Mahmud Shaman erreboltarien Informazio ministroak tripolitarrei. «Askapena baino egun batzuk lehenago diktaduraren kontrolpean zegoen hiria. Zerotik hasi behar dugu orain, gizarte zibilik gabe, baina hobeto egiteko gai izango garelakoan gaude».

Astebeteko borrokek txikituta laga dute miloi eta erdi biztanle inguruko hiriburua: janaria eta edaria gutxitzen ari dira, eta arazoak dituzte erregaiekin eta argindarrarekin. Datozen bi egunetan oinarrizko zerbitzuak berriz ezarriko dituela hitzeman du Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, eta elikagaiz, urez, sendagaiz eta erregaiz betetako nazioarteko 32 itsasontzi Tripoliko portuan sartzeko zain daudela iragarri du. Halaber, Al Zauijako petrolio findegiko langileei lanera joateko deia egin die Shamanek, «hiriburuko erregai hornitzaile nagusia baita». Atzo 30.000 tona erregai banatu zituzten erreboltariek hiriburuan.

Nazioartetik ere laguntza jasotzen ari dira. Erresuma Batuko Gobernuak, esaterako, berehalako laguntza humanitarioa bidaliko du Libiara. Besteak beste, 5.000 zauritu inguru artatzeko adina kirurgia ekipamendu eta medikamendu bidaliko ditu Gurutze Gorriaren bitartez. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, ostera, Libiara NBEren misio bat berehala bidaltzea eskatu du, herrialdearen berreraikuntzan laguntzeko. «Trantsizio garai honetan nazioarteko programa eraginkor eta ondo koordinatu baten inguruan bildu behar dugu», esan du Banek Afrikako Batasunarekin, Arabiar Ligarekin, Konferentzia Islamikoaren Erakundearekin eta Europako Batasunarekin egindako bileran.

Gaddafiren arrastoan

Trantsiziorako Gobernu Nazionala herrialdea eta hiriburua berreraikitzeko lanetan ari den bitartean, erreboltariek guztiz galdu dute Gaddafiren arrastoa. NATOk azken egunetan Sirte diktadorearen jaioterrian egin dituen bonbardaketek kostaldeko hirirako bidea zabaldu die erreboltariei, eta harantz bidali dituzte tankeak Bengazitik eta Ajdabijatik. Sirtetik 250 kilometro ingurura geratu, eta handik azken erasoa egiteko asmoa dute, horrela hiria behin betiko hartzeko.

Gaddafi Sirteko bunkerrean babestuta zegoela esan zuten erreboltariek ostiralean; larunbatean, berriz, bestelako informazioak zabaldu zituzten. Erreboltariek inguratuta duten Tripoliko eraikin batean ezkutatuta dagoela esan zuen atzo Mohamed al Alagi Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko Justizia ministroak. Aldi berean, Gaddafik Aljeriara ihes egin duela baieztatu zuten erreboltariek. MENA Egiptoko informazio agentzia ofizialaren arabera, blindatutako sei auto igaro ziren ostiralean Libiatik Aljeriara; autoan erregimeneko agintariak zihoazen, eta, ustez, baita Gaddafi ere. Aljeriako Gobernuak ukatu egin du halakorik.

Diktadorearen arrastoek utzitako nahasmena baretze aldera, momentuz Gaddafiren kokalekuaren inguruko informazio fidagarririk ez duela aitortu du Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak. Bestalde, Hamis Gaddafi seme gaztearen Tripoliko kuartela hutsik dagoela baieztatu dute matxinoek. Gerrako borroka nagusienetan parte hartu du Hamisen 32 Brigadak, eta matxinoek saaltu dute gerra delituak eta hilketa sumarioak atzean utzita egin duela ihes.

Gaddafitarrak aurkitzen ez badituzte, gerra gehiegi luzatuko ote den beldur dira erreboltariak. Datozen lau egunetan Sirte eta Ras Lanuf arteko hirietan izango dira borrokak, eta datorren astearterako kostalde guztia kontrolatzea espero dute. Horrek, ordea, ez luke erabateko garaipena bermatuko. Biztanlerik gehienak kostaldean bizi dira, eta Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak gobernua eratu ahal izango luke; alabaina, erregimenaren jarraitzaileak hegoaldeko desertuan babesten badira, gerrila arteko gerra has daiteke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.