Protestak herrialde arabiarretan

Errebeldeek ekialdean irabazitako lurraldea berreskuratu du Gaddafik

Nazioarteko koalizioak erregimenaren lurreko indarren aurkako erasoak gutxitu dituelako egin du oposizioak gibeleraAliatuen buruek diote erreboltariei armak ematea baztertu ezinezko aukera dela

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Nazioarteko koalizioaren aire erasoak hasi direnetik lehenbizikoz, Muammar Gaddafiren erregimenak erreboltarien aurkako kontraeraso arrakastatsua egitea lortu du Libiako ekialdean. Duela hiru egun eskas, diktadorearen jaioterri eta gotorleku nagusietako bat, Surt, arriskuan zuen erregimenak. Martxoaren 27an, milizianoek ekialdeko kostako lau hiri berreskuratu zituzten —Ajdabija, Ras Lanuf, Ujala eta Bin Jauad—, egun bakarrean 200 kilometro inguru aitzinatuz mendebalderantz. Gaddafik eman dien azken kolpea, ordea, neurrikoa izan da, eta irabazitako ia lurralde osoa galarazi dio oposizioari. Koalizioak eremu horretan erregimenaren lurreko indarren aurka egindako erasoak gutxitu egin dira azken egunetan; hegazkinen babes horrek berebiziko garrantzia du erreboltarientzat, bertzela ez direlako gauza Gaddafiren artilleriari aurre egiteko. Oposizioaren baliabide militarrak mugatuak dira, eta, horregatik, milizianoei armak helaraztea eztabaidatzen hasi dira nazioarteko aliatuak.

Tripolitik 450 kilometrora dago Surt. Nola edo hala hartu nahi du oposizioak, hiribururako bidea irekitzeko. Gaddafiren kontraerasoa, ordea, berehalakoa izan da. Haran Gorria izeneko eremutik artilleriarekin eraso eginez lortu du milizianoek aitzinera ez egitea. Ondoren, fronteko lehen herria, Bin Jauad hartu du erregimenak, eta Bregaraino ailegatu da. Herri hori petrolio toki garrantzitsua da. Surtetik 280 kilometro inguru ekialdera dago, eta oposizioaren hiriburu Bengazitik 200 kilometro hegoaldera. Ahmed Omar Bani erreboltarien bozeramaile militarrak azaldu duenez, borroka frontea Bregan dago orain. Bani koronelak dioenez, milizianoek gibelera egin dute, Ajdabija hiria defendatu nahi dutelako. Ajdabija Bregatik 80 kilometro ekialdera dago, eta Bengazira bitartean dagoen posizio nagusia da.

Txadeko armada Libian

Banik prentsaurrekoa eman du Bengazitik. Bertan azaldu duenez, Gaddafiren tropek Txadeko Guardia Errepublikanoko 3.200-3.600 soldaduren laguntza dute. Herrialde horretako Idris Debi presidentearen lehengusu Isa Bahar dago horien buru, Baniren arabera. Koronelak dio «hiru iturritatik» dakiela hori, eta haietako bat Txadekoa bertakoa dela.

Libiako mendebaldean, berriz, oposizioak dio erregimenaren indarrek Misratari eraso egin diotela. Mendebaldean erreboltarien esku dagoen hiri bakarra da. Herenegungo borroketan hemezortzi lagun hil zirela dio oposizioak, eta jakinarazi du Gaddafik hiriari ezarritako itsas blokeoa hautsi duela, portuan bi ontzi sartu baitira giza laguntzarekin.

Misratari eusteko, milizianoak ekialdetik iristeko itxaropena du oposizioak. Denbora gutxian, baina, erreboltariak euforiatik larritasunera pasatu dira. Martxoaren 19an nazioarteak bonbardaketak hasi zituenean, Bengaziko ateetan zegoen erregimena. Orain, hori berriz gertatzeko beldurra du oposizioak, eta nazioarteko koalizioak zer eginen esperoan dago. «Bi gauza nahi ditugu: hegazkinek Gaddafiren tankeei eta artilleriari bonbak botatzea, eta geuri armak ematea», adierazi dio Junus Abdelgaim milizianoak AFP agentziari.

Bigarren auzi hori, armak ematearena, azken egunetan indartzen ari den eztabaida da nazioarteko aliatuen artean, ikusi baitute erreboltariek aitzinera egiteko aire erasoekin babesa ematea ez dela oraingoz aski. Hasieran, publikoki, bederen, halakorik baztertu bazuten ere, azken egunetan kontuan hartzeko aukera dela bat etorri dira agintari nagusiak. Herenegun, AEBetako presidente Barack Obamak adierazi bezala, Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek ere erreboltariei armak ematea «baztertu ezinezko» aukera dela erran du. AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek erran du NBE Nazio Batuen Erakundearen 1973 ebazpenak baimentzen duela armen hornitzea. Cameronek berak ere hori sostengatu du. 1970 ebazpenaren bidez Libia osorako armen bahimendua ezartzea onartu da, eta, 1973aren bidez, bahimendu hori indarrez betearazten da. Cameronek, ordea, uste du ez dagoela kontraesanik agiri horien eta oposizioari armak helaraztearen artean. «Ebazpenak ez du baztertzen zibilak babesten dituztenei baldintza zehatz batzuetan laguntza ematea». Bahimendua Libia osorako dela oroitarazi du Cameronek, baina 1973 ebazpenak armen salmenta justifika lezakeela uste du, «zibilak babesteko beharrezko neurri guztiak hartzea baimentzen duelako».

Armen hornikuntzaren aurka

NBEren ebazpenak espresuki aipatzen du lurreko inbasio oro «baztertu» egiten duela, baina, gainerakoan, hutsune eta zehaztugabetasun anitz ditu, eta horretaz baliatu da koalizioa erreboltariei laguntza militar estrategikoa eman, eta, orain, armen hornikuntza planteatzeko. Hala ere, azken auzi horren inguruan, kontrako ahotsik aditu da aliatuen artean. Belgikako Atzerri ministro Steven Vanackerek dio, adibidez, «urrutiegi joatea» dela, herrialde arabiarrak esku hartzearen aurka jar litezkeelako.

Errusiak, berriz, oposizioa armekin hornitzeko aukera salatu du. Atzerri ministro Sergei Lavrovek gogora ekarri du NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek adierazitakoa. «Libiako esku hartzea herritarrak babesteko da, ez armatzeko».

Hain zuzen, NATOk adierazi du gaurko espero duela operazio guztien zuzendaritza militarra beregain izatea. Orain arte itsas blokeoa eta aire eremuaren debekua ezartzeko eskumena jaso du koalizioko indarrengandik. Lurreko helburu militarren erasoen gainekoa ez du hartu oraindik. Bonbardaketa horiek ekialdean gutxitu egin dira azken egunetan, eta litekeena da NATOk zuzendaritza hartzean berriz ere ugaritzea, oposizioaren mesederako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.