«Eskoziarrek bidezkoa, argia eta erabakigarria izango den galdera merezi dute», adierazi du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Eskoziaren independentziari buruzko balizko erreferendumaren inguruan. Izan ere, gobernuko iturrien arabera, aste honetan bertan kontsulta loteslea egiteko aukera eskainiko dio Londresek Alex Salmond Eskoziako lehen ministro independentistari. Proposamenak, baina, baldintzak izango ditu, izan ere, Cameronek aurrea hartu dio Eskoziako Gobernuari jokoaren arauak ezarriz. Lehen ministroak bi alorretan mugatu nahi du erreferenduma: Beranduenez hemezortzi hilabetetan egin beharko dute eskoziarrek herri kontsulta, eta galdera bakarra egin ahal izango dute, Erresuma Batuaren baitan jarraitu ala ez.
Independentziaren aldeko joera gorantz doa Eskozian, nahiz eta oraindik gehiengotik urrun egon. The Guardian egunkariak argitaratu dituen azken inkestek, hain zuzen, independentzia babesten dutenak herritarren %32 inguru direla diote. Hori horrela, Erresuma Batuko Gobernuak bozketa lehenbailehen egin nahi duela uste dute Eskoziako alderdi independentistek, balantzako indarrak aldatu aurretik. Horrez gain, argi utzi nahi izan du bi legebiltzarrak ados jarri beharko dutela kontsulta egiteko
Nicola Sturgeon Eskoziako Gobernuko lehen ministrordeak haserre erantzun du ustezko proposamenaren berri izan eta gero, eta Eskoziako Gobernuari eta eskoziarrei dagozkien erabakietan muturra sartzen aritzea leporatu dio Cameroni.«Kontsultari baldintzak jarri nahi dizkio, noiz egingo den eta galdeketan zein hitz erabiliko diren erabaki ahal izateko». Salmondek, berriz, 2011ko maiatzeko hauteskundeetan hitz emandakoa ekarri du gogora: «Herritarrek izugarrizko babesa eman diote Eskoziako Gobernuari independentziaren inguruko erreferenduma legealdiaren bigarren zatian egiteko». Izan ere, 2011ko bozetako kanpainan Salmonden SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak lehentasuna ekonomia hobetzea zela adierazi zuen, eta erreferenduma 2014an edo 2015ean egingo zutela. Gehiengo osoa eskuratu zuen SNPk orduan, eta orain, Londresetik esaten dutena esaten duela, hitza beteko dutela jakinarazi du Eskoziako lehen ministroak.
2014an, gainera urte sinbolikoa da, Bannockburneko batailaren 700. urteurrena betetzen baita. Gudaldi hartan garaipen garrantzitsua lortu zuten eskoziarrek Ingalaterraren aurka, Eskoziaren independentziaren gerren baitan. Urteurren hori baliatu nahi du SNPk erreferenduma egiteko.
Autonomia handiagoa
Independentziak bere hautesleen sortzen dituen kezkez jabetuta, autonomia handiagoa lortzeko estrategiak aztertzen ari da, bestalde, SNP. «Nire ametsik handiena Eskozia eta Ingalaterra maila berean eta elkarrekin ikustea da. Kolaborazioaren eta menpekotasunaren artean badira eta aldeak: lehenengoak begirunea sortzen du, bigarrenak amorrua», esan zuen Salmondek bozak irabazi berritan, Londresekin elkarlanean aritzeko ez duela aterik ixtenagerian utziz. Hori horrela, erreferendumean hirugarren aukera bat eskaini nahi diete herritarrei, independentziari bai edo ez emateaz gain, autonomia eta eskumen gehiago lortzearena, hain justu.
Cameronek, berriz, argi utzi du galdera bakarra onartuko duela, izan ere, beldur da, herritarren gehiengo batek autonomia handiagoaren alde egin dezakeela eta. Horrez gain, erabateko independentziaren aukerak herritar asko atzera botako dituela jakitun da, eta era horretan baiezkoa galtzaile aterako dela.
Sturgeonek adierazi du Cameronek bai edo ez erantzuteko erreferenduma nahiago badu ere, Eskozian finantza independentzia soilik babesten duten herritar asko dagoela, baina politikoki, aldiz Erresuma Batuaren baitan egotea nahiago dutenak. Hori horrela, autonomia handiagoa izatearen aukera erreferendumean gehituko dutela gaineratu du.
Kontsultan ezezkoak irabaztea saihestu nahi du SNPk gauza guztien gainetik. Izan ere, independentziaren inguruko erreferendum bat «asko jota belaunaldi bakoitzean behin bakarrik» gertatzen den zerbait dela adierazi du Salmondek. Badakite, beraz, bigarren aukerarik ez dutela izango, eta garaipena lortzekotan lehen aukeran lortu behar dutela. Emaitza negatiboak «ondorio politikoak» izango lituzkeela onartu du alderdiak.
SNP, «galtzeako beldur»
«Eskoziarren gehiengoak ez du Erresuma Batutik guztiz banandu nahi, eta hori ongi daki Salmondek. Horrexegatik arazo bat handitu nahian ari da, errealitate bilakatu arte. Auzi hau lehenbailehen argitu beharra daukagu», adierazi du Cameronek. Lehen ministroaren ustez, Londresek erreferendumari mugak jartzen dizkiola esanez independentziaren aldeko sentimendua handitu nahi baitu Salmondek.
Michael Forytch legebiltzarkide ohi kontserbadoreak ere ildo beretik hitz egin du: «Gehiengoa independentziaren kontra dago, eta SNPk erreferenduma egiteko datarik eman ez badu, galtzeako beldur delako da». Ondorengo bizpahiru urtetan alderdiak mugaren bi aldeetan «ezinikusia» sustatu nahi duela gaineratu du.
Londresek, berriz, ekonomia jarri du erreferenduma ahal bezain laster egiteko argudio gisa. Datorren ekaina baino lehen egin nahi dute, etorkizun politikoan zer gertatuko den ez jakiteak ziurtasun eza sortzen duela argudiatuta, eta horrek ekonomiari kalte egiten diola nabarmenduz. «Atzerapena kaltegarria da Eskoziarentzat», esan du Cameronek. Gehieneko epe bat jartzea «absurdoa» dela adierazi du, berriz, Sturgeonek.
Erreferendum baldintzatua
Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma gehienez hemezortzi hilabetetan egitea nahi du CameronekEskoziarren %32 inguruk babesten dute independentzia egun; joera goranzkoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu