Aste honetarako espero da ezagutzea Kataluniako etorkizun politikoari buruzko erreferendumaren galdera eta data. Asteazkena eta ostirala bitartean espero da iragarpena; Kataluniako hedabideen arabera, xehetasun batzuk zehazteke daude oraindik, eta saihestu egingo dute ekitaldian bertan izenpetzea dekretu edo arauren bat, fiskaltzak atzera bota ez dezan.
Testuinguru horretan, gaur arratsaldean batzartu da Erreferendumaren Aldeko Ituna. Erreferenduma modu adostuan gauza dadin sortu zuten ituna, eta bost hilabetean 500.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte independentziarako erreferendum bat eskatzeko. 4.000 erakundek babestu dute proposamena.
17:45 aldera hasi da bilkura, eta, bertan, bere zuzendaritza desegin du Itunak, bere zeregina bete duela ondorioztatuta. Hala ere, foro horri eskatu dio jarrai dezala, erreferendumaren aldeko zeharkakotasun ideologikoa islatzen duelakoan. Azkenik, Kataluniako eta Espainiako gobernuei eskatu die hitz egin dezaten, Kataluniako herritarrek beren etorkizuna erreferendum bidez erabaki ahal izateko.
Bileran, CUPek eskatu du Itunak ziurta ditzala berme batzuk irailean aldebakarreko erreferendum bat egiteko eta independentziaren aldeko nahiz aurkako kanpainak koordinatzeko. Puigdemontek ontzat jo du Itunak lanean jarraitzea, baina argitu du gobernuari dagokiola erreferendumera deitzea eta erabakiak hartzea.
Batzarraren ondoren, Joan Ignasi Elena Itunaren koordinatzaileak esan du "balantzea egiteko bilera" izen dela gaurkoa: "Lan bat genuen egiteko, eta denok bagenekien, zeregin hori bete eta gero, Ituna amaitzen zela". Elenak azpimarratu du Katalunia, "nazio den heinean, burujabe" dela eta erreferendum batean erabakitzeko eskubidea duela: "Erreferendumak gehiengoa biltzen du hautetsontzi baten inguruan. Adostasuna zabaldu dugu". Zuzendaritza desegin arren, Itunak "bizirik" jarraitzen duela gaineratu du.
Aurrez, Neus Munte Generalitateko bozeramaileak adierazi du Kataluniako Gobernuak ez zuela ezer berririk espero gaurko bileraz: "Espero dugu ezagunak diren posizio ezberdinen arteko eztabaida". Munteren esanetan, itunak "oso lan ona" egin du eta errespetua adierazi dio: "Baina erreferendum adostuaren aroari heltzeko sortu zen Ituna, eta gobernuak ez dio eskatuko posizio bat har dezan [Espainiako] estatuaren ezezko irmoaren aurrean".