Erreformak ate-joka

Nazio Batuen Erakundea sortu zutela 65 urte bete dira; hainbeste denbora igarota ere ezer gutxi erreformatu dutelako, egungo errealitatera egokitzeko aldaketa sakonak egin nahi dizkiote.

2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Ahaztu ideologiaz, fobiez eta premiazkopasioez. Iraultza errealitatea da; hortaz, jar dezagun arreta bere kontraesanetan. Esan diezaiogun ezetz eztabaida ideologikoari. Bai interes nazionalari, estatuen indar errealari, estatuaren arrazoiari. Gu gara nazioarteko sistema». Etorkizunari aurre hartuta mintzo zen Henry Kissinger, AEBetako Estatu idazkaria, adierazpen horiek egin zituenean. Konpromisoak hartu behar ziren garaiatokatu zitzaion, ordea; nazioartea gerra, tirania eta bidegabekeriak amaituko zituen egituren bila zebilen hura. Bigarren Mundu Gerraren amaiera eta Nazio Batuen Erakundearen sorrera, biak batean gertatu zirenekoa. Horregatik, munduaren zentroa galdu duenaren kasketaz, erdeinuz hartu zuen berria: «Ez nazazu izorratu kaka zahar horrekin», esan zion nazioarteko harremanetan beretzat aholkulari lanetan ziharduenari, NBEz mintzatu zitzaionean. Eta hala ere arrazoi zuen Kissingerrek: kakatara bidalitako erakunde hari esker, eta sikiera hainbat urtez, euren neurrikoa izan da nazioarteko sistema.

Martxan jarri zutela 65 urte beteko ditu gaur NBEk; eta lanean edonor zahartzeko adina urte egin baditu ere, aldaketa gutxirekin ailegatu da urteurrenera. Hori dela eta, erakundearen egitura erreformatzeko eskatzen dute ia denek. Horrek ez du kentzen, baina, munduko zentroak partekatzen ohituta ez daudenek interes gutxi agertzea erreforma prozesu horretan.

Nazioarteko desordenak oso bestelakoak ziren garaian bezala jarraitzen du NBEk: berdin dio aktore ekonomikoak dagoeneko ez izatea duela 65 urte ziren haiek; erabakigunean beste batzuk egotea, edota gauzak aldatzeko ahalmena garapen bidean dauden herrialdeena izatea. Nazio Batuen Erakundearen barruan azken hitza betikoek dute oraindik ere.

«Ekonomiaren hazkundeari dagokionez, garapen bidean dauden herrialdeak pelotoiaren buruan daude. Eurak izango dira ekonomia eta finantza krisiari buelta emango dioten motorrak». Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren ustez, garapen bidean dauden herrialdeen ahotsak -Txinarena, Indiarena eta Brasilena, kasu-ez du beharko lukeen adina indar erabaki ekonomiko garrantzitsuenak hartzen diren guneetan.

Bigarren Mundu Gerran garaile irten ziren haiena da azken hitza: Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak, izan ere, gainontzeko kideek hartzen dituzten erabakiak bertan behera uzteko ahalmena dute. «NBEren Segurtasun Kontseilua ahalik eta azkarren erreformatu behar da. Organo hori gardenagoa, demokratikoa egin behar dugu», adierazi du, horregatik, Ban Ki-moonek.

Zentrorik gabeko mundua

Demokratikoki dituen hutsuneez gain, erabakiak hartzeko eta larrialdien aurka erreakzionatzeko motelegia izatea leporatzen diote NBEri. Agerian gelditu da mastodonte burokratikoek ez dutela balio egungo krisiei erantzuteko; hori dela eta, egiturako erreformak ez ezik, prozedurazko aldaketa sakonak ere aldarrikatu dituzte adituek.

Baina bada, haatik, aldaketa sinbolikoagoak, sakonekoagoak iragarri dituenik ere. Nazioarteko kazetari talde batek Mendebaldeko baloreek gainbehera jasango dutela jakinarazi du; baita munduko zentroak galdu egingo direla eta boterea lausoa, zenbaitetan sumaezina bihurtuko dela ere.

Are urrutirago jo du Txinako analista ezagun batek, Li Liminek. Horren ustez, XX. mendean potentzia izan ziren mendebaldeko herrialdeek balio kristauetan oinarritu zuten kolonizazioa, besteen gainetik jartzea. Nazioarteko harremanak ona eta txarra zer diren esaten duen manikeismoaren arabera moldatzea egozten die Lik AEBei; nonahi esku hartzea. Txinak, aldiz, Afrikan praktikara eraman duen aginte moldea zabaldu nahi du; subiranotasun nazionala ukitu gabe, inon esku hartu gabe, zabaldu nahi du bere agintea. Besteak beste, Sudanen egin dituenak ikusita, baina, askok ez ditu Txinaren balioak eredu hartzeko modukotzat ikusten.



Zenbakia

192

NBEko kideak. Munduko ia herrialde guztiak dira Nazio Batuen Erakundeko kide. Egun, 192k sinatu dute NBEren Gutuna. Erakundea arautzen duen dokumentu hori 1954ko urriaren 24an sartu zen indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.