Erreformistak baztertuta egingo dira gaur legebiltzarrerako bozak

Zilegitasun eta demokrazia eza salatzeko asmoz erreformistek abstenitzeko deia egin diete herritarrei

Erredakzioa
2004ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Konstituzioaren Zaindarien Batzordeak milaka erreformistaren hautagaitza debekatzeak eragin duen krisi politikoaren baitan egingo dira gaur Legebiltzarrerako (majlis) hauteskundeak Iranen. Botoa emateko eskubidea duten 46,3 milioi herritarrek bost mila hautagairen artean erabaki beharko dituzte majlis-a osatzen duten 290 diputatuak. Ali Khamenei aiatolaren kontrolpean dagoen arren, legebiltzarra da Irango Errepublika Islamiarrean sufragio unibertsalez aukeratzen den erakunde bakanetakoa.

Erakundea, aurreneko aldiz,erreformisten eskutan egon da azken lau urteotan222 diputatu erreformista, 55 kontserbadore eta 13 independente zeuden, dena den, Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluak Legebiltzarraren ekimen guztiak bertan behera uzteko ahalmena duela aintzat hartuz erakunde boteretsuena da, ezer gutxi egiteko gaitasuna izan dute.Urtarrilaren 11n, Zaindarien Kontseiluak bertan behera utzi zituen 3.600 hautagaitza, «ezaugarri moralak» ez zituztela betetzen argudiatuz. Geroraprotesten presioak eraginda 200 onartu zituen arren, erreformazaleen buruzagi nagusiak hauteskunde zerrendatik at gelditu dira. Elkartasun keinu batean, beste 600 erreformistak, borondate propioz, uko egin zioten hautagai izateari. Erreformisten alderdi nagusia den Parte-hartze Fronteak bozetan parte ez hartzeko deia egin du.Baztertuak izan ez diren hautagai erreformistek Iran Batuaren Aldeko koalizioa eratu dute azken egunotan. Alta, ez dute euren programa politikoa helarazteko ez denborarik ez bitartekorik izan.

Inoizko abstentziohandiena espero da

Ildo horretan, abstentzioa inoizko handiena izango dela iritzi diote herrialdean dauden nazioarteko adituek, eta, ondorioz, gaurko bozketan kontserbadoreek gehiengoa berreskuratuko dutela uste da. Hainbat informazio iturriren arabera, Teheranen, hiriburuan, parte-hartzea %10 eta %30 bitartekoa izan daiteke.

Erreformista gehienak abstentzioa sustatzen ari dira bozketa beraren eta zerrenden debekuaren zilegitasun eza agerian gelditu dadin. Shirin Ebadi Bakearen Nobel saridunak ez duela gaurko hauteskundetan parte hartuko iragarri zuen herenegun. Herritarren %60 diren gazteek ere «demokrazia eza» salatu eta bozkatzeko interesik ez dutela eman dute aditzera azken egunotan. «Txarra eta okerraren artean aukeratzea baino, nahiago dut ez bozkatu», esan zuen atzo Teherango unibertsitateko ikasle batek. «Aukeran dauden hautagaiek ez gaituzte inondik inora ordezkatzen», gaineratu zuen beste batek. Hala ere, Mohammad Khatami presidenteak bozetan parte hartu eta zerrendetan dauden hautagai erreformistei botoa emateko deia egin die herritarrei. 1997. urtean agintea eskuratzea lortu zuen presidenteak itxaropena ez galtzeko eskatu zien gazteei; bozek beren etorkizunaren norabidea zehazteko balio izango dutela.

Bi egunkari erreformista itxi dituzte

@:

Orain arte agintean egon diren ehun bat diputatu erreformistek beste 124 kidek kargua utzi zuten hilaren hasieran eskutitz bat bidali zioten herenegun Khamenei aiatolari, herritarren «legezko eskubideak» urratzen dituela esanez. Halaber, «Islamaren izenean askatasunak zapaltzea oinarri duen sistema baten agintaria» izatea leporatu zioten Khameneiri. Sinatzaileen artean egungo presidente Mohammad Khatamiren anaia Mohammad Reza dago.

Diputatu erreformistek aiatolari bidalitako idazkia argitaratzera ausartu diren bi egunkari bakarrak, Shargh eta Yas-e No, behin-behinekoz ixteko agindu zuen atzo Justizia Auzitegiak. Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Nagusiak eskutitza ez argitaratzeko eman zuen agindua aintzat ez hartzea leporatu zieten. Prentsa Askatasunerako Elkarteko eledun Issa Saharjizek gogor gaitzetsi zuen erabakia.

-

IAEA-KO IKUSKATZAILEAK



Ustez uranioa aberasteko makineria aurkitu dute



IAEA Energia Atomikorako Nazioarteko Agentziako ikuskatzaileen arabera, uranioa aberasteko balio duen makina baten osagaiak aurkitu dituzte Teheranetik gertu dagoen base militar batean. USA Today egunkariak aste honetan argitaratu duen informazioa berretsi dute horrela iturri diplomatikoek. Eredu sofistikatu baten zentrifugagailua da aurkitu dutena; uranioa aberasteko gaitasuna duten 235 molekulak bakartzeko ahalmena duen zentrifugagailua, alegia. Iranek makina ezkutuan mantentzea salatu dute.

Bien bitartean, Tokio eta Teheranek Iranen dagoen petrolio hobi emankorrena ustiatzeko akordioa sinatu zuten atzo. Ameriketako Estatu Batuak Japoniarekin atsekabetu egin ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.