Immigrazioa. Etorkin afrikarren egoera Israelen

Errefuxiatu izateagatik zigortuta

Afrikako mila etorkin deportatu ostean, Israelek prest ditu kanporatu ezin dituen errefuxiatuei ezartzeko zigor neurriakIsraelen izaera judua arriskuan ikusten du gobernuak, immigrazio joera aldatu ezean

Ane irazabal
Tel Aviv
2012ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Denok gara errefuxiatuak, irakur daiteke Tel Aviveko Levinski parkean ezarrita dagoen protesta kanpaldi batean. Iragan ekainean onartu zuten immigrazio lege berriaren ondotik, Israelen bizi diren Afrikako etorkinak ez daude isilik geratzeko prest.

«Netanyahuren gobernuak memoria txikia du; ez du gogoratzen Israelgo Estatuaren oinarriak errefuxiatuek ezarri zituztela», adierazi du holokaustotik bizirik irtendako Edgar ezizeneko agure batek. Beste ehunka lagunekin, Infiltratuen legea gisa ezagutzen denaren kontra protesta egiten ari da Edgar, Tel Aviv hegoaldeko Neve Shaanan auzoan.

Netanyahuren gobernuak, ordea, ez du atzera egiteko intentziorik. Afrikako etorkinak iristea oztopatu nahi du, nola edo hala. Azkar eta zarata handirik egin gabe. Gobernuko ofizialen hitzetan, arrazoi ekonomikoengatik etorri ohi dira etorkinak, eta joera gelditu ezean, Israelen izaera judua arriskuan jarriko litzateke. Zenbakiak eskuan, Justizia Ministerioak adierazi du legea onartu denetik mila etorkin gutxiagok pasatu dutela Egiptoren eta Israelen arteko muga.

Izan ere, ekaina ostetik hiru urteko kartzela zigorra ezar diezaieke Israelek paperik gabeko etorkinei. Dagoeneko deportatu dituen lagunez gain, beste 20.000 ingururentzako kartzela bat eraikitzen ari da hegoaldean. Atxiloketa administratiboa ezarriko litzaieke «infiltratuei».

Halere, gobernuak neurri gehiago ditu mahai gainean. Parlamentuak oraindik onartu ez duen lege proposamenaren arabera, etorkinei beren herrialdera dirua transferitzea debekatu nahi die Tel Avivek. Legea pasatuz gero, etorkinak sei hilabeteko kartzela zigorra eta 29.000 NIS edo xekel berriko isuna (6.000 euro inguru) izango lituzke dirua etxera bidaltzeagatik. Justizia Ministerioak honela azaldu du proposamena: «Infiltratuen arazoari irtenbide bat topatu nahi diogu, eta paperik gabeko etorkinek Afrikara bidaltzen dituzten transferentziak kriminalizatzen hasiko gara».

Habton eritrearraren ustez, legeak ez ditu transferentziak moztuko: «Edozein tokitatik ito nahi gaituzte, baina legea pasata ere dirua bidaltzen jarraituko dugu. Zoritxarrez, lege horrek ustelkeria eta mafia besterik ez du indartuko».

Errefuxiatuak gehienak

Sigal Rozen ekintzailea duela hamalau urte hasi zen Afrikako etorkinei lehen harrerak eskaintzen. «Garai hartan, gehienak legez kanpoko langileak ziren. Orain, berriz, %85 errefuxiatuak dira, eta asilo politikoa eskatua dute. Arazoa da Israelek ez dituela beren eskakizunak aztertzen, eta, beraz, ez ditu ofizialki errefuxiatutzat hartzen», salatu du Rozenek. Nazio Batuen errefuxiatuen gaineko 1951ko konbentzioa sinatua du Israelek. Egitez, ordea, ez die prozedurei jarraitzen.

Hain zuzen, Israelen bizi diren 60.000 afrikar etorkinetatik 40.000 Eritreakoak dira, eta 15.000 Sudan Iparraldekoak. Israelek, nazioarteko konbentzioak sinatuak izanik, ezin ditu deportatu. Edonola ere, horiek gizartean integratzea ez da aukera bat Tel Aviventzat. «Inprobisazio hutsa darabil gobernuak. Uste du aurki Afrikako herrialderen bat prest agertuko dela etorkinak onartzeko. Kanpoan nahi dituzte, nola edo hala», adierazi du Rozenek.

Netanyahuren gobernuak ez du argitu orain arte deportatu dituzten etorkinen kopurua, baina giza eskubideen aldeko erakundeek diote mila inguru direla. Gehienak legez kanpoko langileak dira, edota NBEk jada arriskutsutzat jotzen ez dituen herrialdeetakoak. Hego Sudango, Nigeriako, Boli Kostako eta Ghanako etorkin gehienek Israel utzi dute jadanik.

Gabrielle Eritreakoa da, eta janari denda txiki bat dauka Levinski parkearen inguruan. «Duela zenbait aste immigrazio inspektoreak Hego Sudango neska baten dendara sartu ziren, eta zuzenean autobus batean sartu zuten, deportatzeko», adierazi du, jada itxita dagoen denda erakutsiz. Ondoan dauden negozio guztiak Afrikako etorkinek kudeatzen dituzte. Inork ez du lizentziarik, ezta lan egiteko bisarik ere.

Indarkeria, agerian

Israelgo herritar askoren ustez, gizarteko polarizazioa eta arrazakeria agerian utzi ditu lege berriak. Zenbait erakunde immigrazioaren gaineko egiazko lege «serio» bat eskatzen ari zaizkio gobernuari. «Urtero, 80.000 lan bisa eskaintzen dizkie Israelek Europatik eta Asiatik datozen etorkinei; Afrikakoak, aldiz, linbo juridiko batean edukitzen ditu», adierazi du Rozenek.

Legeak ez du inor axolagabe utzi. Etorkinen aldeko elkartasuna handitu den arren, horien kontrako indarkeria kasuak gero eta agerikoagoak dira. Etorkinek salatzen dute estatuak arrazakeria akuilatu duela bere diskurtsoetan. «Zergatik jokatzen du horrela gure gobernuak?», galdetu du Rozenek. Badu erantzunik. Israelek dituen arazoen aurrean atentzioa desbideratzeko taktika bat iruditzen zaio: «Sinetsarazi nahi dute etorkinek eragiten dutela langabezia eta indarkeria. Engainatu egin nahi gaituzte, horiek deportatuz gero Israelen bizitza hobea izango dela sinetsaraziz. Zoritxarrez, askok sinesten dute ideia hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.