MUNDUA

Errefuxiatuak ez hartzeagatik, Hungaria, Polonia eta Txekia zigortzeko prozedura ireki du Bruselak

Europako Batzordearen esanetan, iheslarien berkokapena ez da aukera bat, betebehar bat baizik

Horgosko muga. ZOLTAN BALOGH, EFE
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 13a
07:23
Entzun

Prozeduraren berri izan eta berehala, Bohuslav Sobotka Txekiako lehen ministroak adierazi du ez dituztela asilo kuotak onartuko: "Berkokapen sistema legez kanpoko immigrazioa hauspotzeko deia da". EB Europako Batasunak Grezia eta Italiako kanpalekuetan dauden 160.000 iheslari hartzea eta horiek batasuneko kideen artean banatzea erabaki zuen 2015eko irailean, eta egitasmoa aurtengo irailean betetzea zuen helburu. Hungariak eta Txekiak plan haren kontra bozkatu zuten.

Ondorioz, Hungariak ez du iheslari bakar bat ere hartu, Poloniak ere ez, eta Txekiak hamabi baino ez, EBk onartutako programatik ateratzea erabaki eta gero. EBk horri buruzko datuak eman zituen atzo, ordea, eta jakinarazi oraingoz 20.869 iheslari berkokatu dituztela. "Europan immigrazioa kudeatu ahal izango dugu, soilik elkarrekin lan egiten badugu eta elkartasun eta erantzukizun espiritua baldin baditugu", esan du Dimitris Avramopoulos Europako Batasuneko Immigrazio komisarioak.

Behin prozedura irekita, estatu bakoitzak bi hilabete dauzka iheslariak zergatik ez dituen hartzen justifikatzeko. Hungariak, Poloniak eta Txekiak erantzuten ez badute edo erantzunek ez badute EB asetzen, estatuek beste bi hilabete izango dituzte erantzuteko. Akordiorik ez baldin badago, Bruselak EBko Justizia Auzitegira jo dezake —lotesleak dira haren erabakiak—, eta herrialde horiek zigortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.