errefuxiatuen krisia

Errefuxiatuak kanporatzeko lege zirrikituen bila

Zenbait iturrik aurreratu dutenez, Bruselaren asmoa da Greziara heltzen diren iheslariei asiloa eskatzeko aukera ematea, eta horretarako prozedura azkartzea; hala, asiloa eskaera ukatuz gero eskatzaileak "berehala" kanporatu ahalko dituzte, nazioarteko legedia betez.

Oihana Elduaien - Arantxa Elizegi
2016ko martxoaren 17a
10:44
Entzun

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearen esanetan "erabateko lehentasuna" du errefuxiatuekin hartzen dituzten neurriak Europako zein nazioarteko lege eta arauen barruan egotea. Horretan saiatuko dira gaur EBko estatuburu eta gobernuburuak. Izan ere, bihar dira Turkiarekin akordioa ixteko bilera egitekoak, baina herrialde harekin martxoaren 7an adostutako aurreakordioak ez duela nazioarteko legedia betetzen salatu dute Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek.

Beste neurri batzuen artean "bat-baten truke" deituriko sistema aplikatzea adostu zuten Europako Kontseiluak eta Turkiak martxoaren 7an. Hau da: Greziara iristen diren errefuxiatu irregularrak Turkiara deportatuko lituzke EBk; eta trukean, deportatu bakoitzeko Siriatik datorren errefuxiatu bat hartuko lukete Batasuneko estatuek. Deportazioak "herrialde seguruetara" egin behar direla dio nazioarteko araudiak. EBk Turkia segurua dela dio, baina gobernuz kanpoko erakunde hainbatek, ezetz —herrialde segurutzat dituzte ere Afganistan eta Tunisia, esaterako—. Bestetik, deportazio masiboak debekatuta daude. Horregatik, zenbait iturriren arabera, Bruselaren asmoa litzateke Greziara heltzen diren iheslari guztiei asiloa eskatzeko aukera ematea, prozedura azkar baten bidez, eta haiei "automatikoki" ezezkoa eman ostean, Turkiara deportatzea. Hala, nazioarteko legediaren zirrikituak baliatuko lituzkete agintariek, euren helburua betetzeko.

Deportatuak hartzearen ordainetan 3.000 milioi euro eskatzen ditu Ankarak, eta Turkia EBn sartzeko prozesua azkartzea. Zipre neurri horien kontra dago ordea, uhartearen iparraldea Turkiak okupatua duelako. Eta Tuskek iragarri duenez, akordioak EBko 28 herrialdeetako bakoitzaren oniritzia eduki beharko du, herrialde txikia izan edo handia izan.

"Eskerrak" Turkiari

Urte hasieratik hona 132.000 etorkin heldu dira Europara. Horietako askok Grezian harrapatuta jaraitzen dute. Herrialde hark dagoeneko ohartarazi du ez duela baliabide nahikorik iheslari guztien beharrak asetzeko. Turkiak berak ere milaka iheslari jaso ditu azken hilabeteetan; Siriako gerratik ihesi joandakoak gehienak. Ankara, baina, gehiago ere jasotzeko prest dago bi baldintzekin, Greziatik bere lurretara joaten den bakoitzeko bertan dagoen beste bat Europara bidaltzea —horretarako "denbora" eskatu dio Bruselak, izan ere estatu kide guztiak ez daude iheslariak jasotzeko prest—; eta, batez ere, hainbat urtez atzeratzen joan den EBn sartzeko prozesua azkartzea.

Bigarren puntu horretan ez du konpromisorik hartu nahi Bruselak. Europako Batzordeak ohartarazi du dagoeneko, ezer "azkartu" aurretik Turkiak adostutako urratsak egin behar dituela. Aldiz, Alemaniako kantziler Angela Merkelek "eskertu" egin du Turkiak iheslarien krisiak "egindako ahalegina". Ordea, pentsatzekoa da hori dela nahikoa izango Ankararentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.